«Irribarre egiten ere badakit».Particular Land (2007) eta Matrioska Heart (2008) diskoekin malenkoniarako joera nabarmena erakutsi zuen bezala, Natura lan berriarekin —aurrekoak bezala Moonpalace diskoetxe txikiak argitaratua—, beste aurpegi bat erakutsi nahi du Saioa Garinek (Legorreta, Gipuzkoa, 1978). Pop egiturei lotuago eta talde baten babesarekin, urrats bat egin eta aurrenekoz euskarazko kantuekin osatu du disko osoa. Bihar, Bartzelonako Euskal Etxean ariko da.
Ia bost urte igaro dira Matrioska Heart aurreko diskoa kaleratu zenuenetik. Zer gertatu da bost urte hauetan zure bizitzan?
2008an atera genuen diskoa, eta urtebete inguru kontzertuak ematen pasatu nuen. Gero pixka bat blokeatu egin nintzen. Gitarra hartu, baina ez zitzaizkidan gauzak ateratzen, eta, horren ondorioz, neure buruarekin haserretzen nintzen. Hortik pasatu nintzen gitarra hartu ere ez egitera. Beste musikari batzuek esaten zidaten lasai egoteko, azkenean ateratzen dela zerbait. Azkenean, orain urtebete, iazko urtarrilean, neure buruari esan nion ez zela posible horrela ibiltzea. Eta egunero hasi nintzen lanean, nahiz eta ez gustatu handik ateratzen zena.
Nola konturatu zinen bazenuela zerbait esku artean?
Kantuaren melodia eta hitza elkarrekin sortzen dira nire kasuan. Eta aurreko diskoa nolabait kontzeptuala zen bezala, oraingoan ere halako zerbait egin nahi nuen, eta gai gisa natura aukeratu nuen. Aurreko diskoan ere jorratuak nituen hainbat gai: ekaitzak, trumoiak… eta oraingoan ere hasi nintzen horien gainean pentsatzen. Sumendi batek zer esaten dit niri? Azken batean dira fenomeno ikusgarriak, baina bertan harrapatuz gero…. Horiek ba sentimenduekin, muturreko sentimenduekin lotzen ditut: bulkadak, pasioak, beldurrak… Hortik abiatuta joan ziren kantuak sortzen.
Gai bat behar duzu idazteko? Ez zaizkizu kantu solteak sortzen?
Ez, agian film bat ikusi edo liburu bat irakurrita bururatuko zait zerbait, baina kantu horrek anai-arrebak beharko ditu ezinbestean. Agertoki handi bat irudikatzen dut, eta hor kantuak ageri dira elkarri eragiten.
Unean uneko eta Zu kantuak apur bat urruntzen dira gai horietatik. Beste aurpegi bat erakutsi nahi izan duzu?
Nire hitzak beti egon dira malenkoniari lotuak, eta erakutsi nahi nuen badakidala irribarre ere egiten. Adibidez, Joseba Irazokiren diskoak entzuteak asko lagundu dit, badutelako bizipoz hori. Nik lehen sentimendu malenkoniatsu horren menpean uzten nuen neure burua, eta askotan ez da benetako sentimendu bat. Oso hitz gogorrak idatz ditzakezu, baina sormen kontu bat da hori. Egia da, gainera, diskoaren soinuak, banda batekin aritzeak, arindu egiten duela gogortasuna. Agian beste era batera grabatu izan banu, berriro ere oso malenkoniatsua aterako zitzaidan diskoa.
Matrioska Heart-etik Natura-ra garapen nabarmena sumatzen da. Eta lehendabiziko aldaketa, begi bistakoena, hizkuntzarena izan da. Batez ere ingelesa erabiltzen zenuen lehen, baina disko hau osorik euskaraz grabatu duzu.
Hori ezusteko bat izan da. Ni euskaldun zaharra naiz, euskaraz bizi naiz, baina BERRIAn bi denboraldiz zutabe bat idazten aritu nintzen, eta orduan hasi nintzen estimatzen nire inguruan nuen hizkuntza. Oso gustura aritu nintzen idazten, eta neurri batean aurkikuntza bat izateaz gain, kantuak euskaraz sortzeko gogoak eman zidan. Horrekin batera hasi nintzen euskal literatura irakurtzen. Hartu nuen Bernardo Atxagaren liburu bat, eta erabaki nuen ezagutzen ez nituen hitzak azpimarratu eta gero hiztegian begiratuko nituela. Orri guztiak erabat azpimarratuta neuzkan! Sentitu nuen euskarari heldu behar niola eta aurkitu ordura arte ez nituen adierazpen batzuk. Gustukoa dut.
Beste arrazoi bat ere badago. Ingelesez abesten nuenean jendeari kosta egiten zitzaion kantuetan sartzea; feedback-a txikiagoa zen. Orain desiratzen nago ikusteko kantu berriek nola funtzionatzen duten zuzenean.
Esfortzua antzekoa da?
Bai, baina bertigo handiagoa ematen dit euskaraz abesteak. Batez ere inguruko jendearengatik. Euskaraz abestuta ageriago agertzen naiz. Niri gertatzen zait hori etxean, herrian bertan.Gogorra egiten zait ezagutzen dudan eta ezagutzen nauen jendearen aurrean jotzea. Sufritu egiten dut.
Talde batekin grabatu izanak beste soinu bat eman dio diskoari. Baina kantuek jatorrian ere badute beste ukitu bat ezta? Garapena nabaritzen da.
Baliteke. Agian pop egitura handiagoa dute. Eta abesteko modua ere aldatu dut, eta hori jende askok esan dit. Lehen, adibidez, saiatzen nintzen Cat Powerren moduan kantatzen, asko gustatzen baitzait, eta agian oraingoan ahots naturalagoa atera zait. Josebak [Irazoki] garrantzi handia izan du horretan.
Eskuak libre utzi zenizkion?
Erabat. Nahi zuen dena egiten utzi nion. Hark proposatu, eta nik egin. Abestiak haren mundura joan dira. Estudioko lana oso bizia izan zen, oso nekagarria, baina grabatu eta masterizatu ondoren diskoa entzun, eta gustura entzuten dut. Eta hori gertatzen zaidan lehenengo aldia da. Ez delako hain Saioa. Banda bat dagoelako atzean.
Aurreko diskoarekin Anariren erreferentzia aipatzen zizuten. Natura-n ere bada haren moldean egindako kanturen bat edo beste…
Niretzat saihetsezina da. Betidanik segitzen dut, eta asko gustatzen zait. Baina hortik aldentzen ere saiatu gara. Hasieran Josebari proposatu nion biolontxelo bat sartzeko, baina nahiago zuen bestelako tresna batzuk sartu: tronboia, banjoa… bestela gehiegi gerturatuko ginen Anariren mundura. Badira ukitu horiek, baina baita beste ezberdin batzuk ere.
Beti aitortu duzu entzuten duzunak eragina duela zure musikan. Zer entzuten duzu azkenaldian?
Azken urteetan asko entzun dut Low. Bill Callahan ikaragarri gustatzen zait, Cat Power, Ainara Legardon… Ainarak oso estilo propioa duela iruditzen zait, Mursego… Moonpalace diskoetxeko diskoak, Peter Broderick…
Taldearekin grabatu duzu diskoa. Zuzenean ere haiekin jotzeko asmoa duzu?
Zaila da. Baina kontzertu bat edo bi taldearekin jotzea nahiko nuke. Orain bakarrik hasiko naiz, eta agian beste aukera bat litzateke Josebarekin aritzea bikote moduan. Baina Joseba oso lanpetua dago, eta bere agenda nahiko beteta egoten da…
Saioa. Musikaria
«Bertigo handiagoa ematen dit euskaraz abesteak»
Naturari begiratu dio Saioak erraietatik ateratzen zaizkion sentimenduentzako metaforak bilatzeko. Lehendabiziko aldiz, euskaraz bete-betean. Ahotsa oraingoan naturalagoa atera zaiola eta Joseba Irazokik diskoan garrantzi handia eduki duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu