Raimundo el Canastero musika talde nafarreko bost kideren aurkako epaiketa gaur zen hastekoa Lizarrako epaitegian (Nafarroa). Iazko abuztuan, Lizarrako jaien testuinguruan kaleratutako Beef D’Alda abestiarengatik salaketa jarri zien UPNk, Marta Ruiz de Alda alkatearen aurkako «irainak» eta «mehatxuak» egotzita. Alkatearen abokatuak gaur azaldu duenez, apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia delitu arin gisa ez baizik eta bide penaletik epaitu beharrekoa dela iritzita —zigorrik ezartzekotan, handiagoak lirateke—. Hori ebaztea Nafarroako Probintzia Auzitegiari dagokio orain, eta, hark erabaki bitartean, auzia bertan behera uztea erabaki du gaur Lizarrako epaileak.
Iazko jaietan, txosnak lekuz aldatzea erabaki zuen Lizarrako Udalak, baita peña bati festetan izan ohi zuen espazioa hartzea debekatu ere. Eztabaida sortu zuen horrek udalerrian, eta hainbatek kritikatu zuten erabakia. Horietako bat izan zen Raimundo el Canastero taldea: Beef D’Alda abestia kaleratu zuen. UPNk handik gutxira aurkeztu zuen taldearen aurkako salaketa. Alkateak ezohiko bilkura batera ere deitu zuen, eta taldearen aurkako mozio bat onartu zuen udalak, UPN, PP eta PSNren babesarekin. Sei hilabete geroago, abesti horretako hitzen bidez irainezko eta mehatxuzko delituak egin izana egotzita, gaur ziren deklaratzekoak taldekideetako bost.
Joan den astean, auzi saioaren atarian, Euskal Herriko 237 musikarik taldearen aldeko manifestua sinatu zuten. Horien artean dira, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Ibil Bedi, Benizze, Tatxers, Anari, Gari eta J Martina. Taldeak jasandako ondorioak salatu, eta adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat jo zuten auzia. «Zilegi da musikaren bidez instituzioak eta boterea kritikatzea».