Bertan behera utzi dute larunbatean Zumaian egitekoa zen 'Kantu berri bat gara' ikuskizuna

Itzurun hondartzan egin behar zuen geldialdia Jon Maiaren proiektuak. Astebururako dagoen eguraldi iragarpenaren ondorioz, udaberrira atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

Jon Maia, Itzurun hondartzan. ZUMAIAKO UDALA
Jon Maia, Itzurun hondartzan. ZUMAIAKO UDALA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko irailaren 19a
11:20
Entzun

«Ez da kontzertu soil bat izango, ikuskizun errepikaezin bat izango da», iragarri zuen Jon Maia bertsolari eta musikariak atzo BERRIAri eskainitako elkarrizketan. Kantu berri bat gara. Harri eta herri ikuskizunak Euskal Herri osoan 60 kontzertu baino gehiago eman ondotik, Zumaiako (Gipuzkoa) saioak zuen egilearentzat xarmarik handiena. Itzurun hondartzan egitekoa zen ikuskizuna, larunbat gauean. Elkarrizketan bertan aipatu zuen gaur emango zutela jakitera ea ikuskizuna egiterik izango zuten ala ez; eguraldi kaxkarra iragarrita baitzegoen. Bada, Maiaren eta antolatzaileen planak zapuztu ditu eguraldiak, bertan behera uztea erabaki baitute. Udaberrira atzeratzea erabaki dute, «saioaren arrakasta» bermatu ahal izateko.

«Aire zabaleko ikuskizun hau egiteko, ordea, erabili beharreko logistika eta pertsonal guztiagatik ezinbestekoa da hainbat faktoreren konbinazioa: eguraldi iragarpenaren aurretiazko bermea, gutxieneko mareak eta mareen ordutegi egokia eta, asteburua izatea», adierazi du Zumaiako Udalak. Halaber, data berria «garaiz» iragartzen saiatuko direla ere argitu dute, goizean zabaldutako prentsa oharrean.

Herriari egindako omenaldi gisa pentsatuta dago Kantu berri bat gara. Harri eta herri. Maiarentzat berarentzat inspirazio iturri izan dira bai Itzurun, bai eta haren inguruak ere; Kepa Junkerari egindako Mareak Zumaian, Ken Zazpiri egindako Itsasoa gara eta Benito Lertxundiri idatzitako Itsasoari begira kantetan, esaterako. Herriko musikari eta dantza taldeak ere parte hartzekoak ziren, ehun kidetik gora izan behar ziren ikuskizunean.

Bertsolariak X sare sozialaren bidez adierazi du erabaki «mingarria» izan dela baina «kantuek bat egingo duten data berri baten bila» ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.