Komikigintza

Bertakoen artea bineta barrenetan

Gaur hasiko da Nafarroako Komikiaren XIV. Azoka. 11 erakusketa eta dozenaka jarduera izanen dira irailaren 24ra arte, Lizarran eta Iruñean. Artista nafarren lanak nabarmenduko dituzte batik bat

Mikel Janin artista nafarrak hitzaldi bat eta tailer bat emanen ditu irailaren 15ean eta 16an. Irudian, haren lan bat. MIKEL JANIN.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Trazu dotore eta finez marraztu diote hamalaugarren bineta komikiari, eta, hala, kontakizunak badu segida dagoeneko: gaur hasiko da Nafarroako Komikiaren XIV. Azoka. Irailaren 24ra arte iraunen du, eta ekitaldiak Iruñean eta Lizarran antolatu dituzte. Tiza elkarteak antolaturik, 11 erakusketa eta dozenaka jarduera izanen dira aurtengo aldian. Komikiak ikusteko, komikiak egiteko, komikiak luzitzeko.

2022ko aldian, kutsu japoniarreko hari batek lotu zituen azokako jarduerak elkarren artean; manga izan zen ardatz nagusia. Aurten, aldiz, azokak hurbilekoari erreparatuko dio sakonen; bertako lanei, artistei eta egitasmoei. «Egiari zor, bestela bezala gertatu da. Beti saiatzen gara Nafarroako komikigintza mimoz zaintzen eta haren erakusleiho izaten, baina apustu hori inoiz baino gehiago sumatzen da aurten», esplikatu du azokako zuzendari Javier Perezek. Segidan, aurtengo egitaraua osatzen duten izen nafarrak zerrendatzeari ekin dio Perezek. Mikel Janin marrazkilaria aipatzean, ilusioz bete zaio aurpegia: «Zuzenketa eginen dut: edizio honen haria ez da bakarrik bertako komikia, bertatik kanpora zabaltzen dena ere bada. Horren adibide argiena, Mikel Janin».

Hain justu ere, Janin da egitarauko izarretako bat. Iruñean jaioa da, 1974koa, eta, egun, mundu osoan da komikigintzaren erreferente. Hamar urte joan dira Nafarroako azokan azkenekoz izan zenetik, eta, aurten, hainbat modutan hartuko du parte. Haren DePamplona a Gotham erakusketa ikusgai izanen da Kondestablearen jauregian; irailaren 15ean hitzaldi bat emanen du, eta sinatzen ariko da Iruñeko Comics dendan —17:00etatik aitzina—; eta hilaren 16an ikastaro bat emanen du Kondestablearen jauregian.

Nafarrek sinatuak dira azokako beste hainbat bilduma ere. Adibidez, Azalak erakusketak euskal komikiaren historiari egiten dio so; Kondestablearen jauregian dago. Geltokin, J. J. Chasen Neurocómic bilduma ireki dute. Lizarrako kultur etxean, Idoia Iribertegik bere azken liburuan —Desdichas de una familia victoriana (Familia viktoriar baten zorigaitzak)— oinarrituta eginiko erakusketa eta Javier Mina eta Pedro Osesen Non gogoa daude.

Edonola ere, Euskal Herritik kanpokoek eginiko lanek ere tokia dute azokan. Aurtengo azokaren kartela Nadia Hafid ilustratzaile katalanak ondu du, eta haren lanekin osaturiko El buen padre y Chacales erakusketa Kondestablearen jauregian ikusten ahalko da; halaber, hilaren 8an hitzaldia emanen du. Bestalde, Stephane Levallois artista frantses entzutetsua ere azokan izanen da. Gaur, 17:30etik aurrera, sinatzen ariko da Iruñeko TBO liburu dendan. Bihar horma irudi bat pintatuko du Lizarrako Karlismoaren Museoan, eta, gainera, haren Goya-Hellboy erakusketa hilaren 24ra arte izanen da ikusgai Kondestablearen jauregian.

Eginikoei aitortza

XIV. azokak bi ibilbide omenduko ditu: Iruñeko TBO komiki dendarena eta Paco Lopez marrazkigilearena. Perezek nabarmendu duenez, TBO dendak 40 urte bete ditu, eta «izugarri merezi du» aitortza.

Gainera, Paco Lopezen izena «lau haizeetara» zabaltzeko balioko du hari eskainitako erakusketak. Lopez 1947an jaio zen, Iruñean, eta 2008an hil, bertan. TMEO aldizkarirako egin zituen marrazkiek sona handia izan zuten urteetan, baina, dena dela, 1980ko hamarkadan talde ekologisten enkarguz eginiko egutegiak dira haren obrarik ezagunenak. «Haren lanak izugarri famatuak izan ziren, baina susmoa dut herritar gehienek ez dakitela zein den sinatzailea», kontatu du Perezek.

Norberarenak trazatzea

«Guztiengana nahi dugu ailegatu, eta ahalik eta jende gehienari ikusarazi komikia metodo bat dela, zernahi motatako istorioak konta ditzakeen hizkera bat», nabarmendu du Perezek, eta, dioenez, horren seinale dira azokako erakusketak ez ezik, bestelako jarduerak ere. Esaterako, tailerrek berebiziko garrantzia dute aurten. Askotarikoak dira: adibidez, Mila Garciak pop-up albumei buruzko tailerrak emanen ditu irailaren 8an eta 9an, eta Discover Bricks taldeak lego piezekin superheroiak sortzen irakatsiko die haurrei hilaren 9an.

Aurten, lehenbiziko aldiz, zaharrentzako jarduera bat antolatu dute propio. Mikel Santos Belatz marrazkilariak adierazpen grafikoari buruzko tailer bat emanen du Vergel zahar etxean. Perezek nabarmendu duenez, lantegiaren asmo nagusia edadetuek «autoespresioa» lantzea da. «Ez dute zertan kontakizun bat marraztu», zehaztu du.

Azoka abiatu zenez geroztik, egitasmoak beti izan du lankidetza estua Iruñeko Arte Eskolarekin. Adibidez, urteak dira graduko bigarren mailako ikasleek ikasturteko azken hiruhilekoan eginiko obrak erakusketa batean biltzen dituztela, eta, aurten, ekinbide berri bat jarriko dute martxan: kontakizun grafikoa. Perezek esplikatu duenez, ikasleak «kronikagile» arituko dira asteotako hitzaldi eta ikastaroetan. Irudiz eta hitzez laburtuko dute ikusten eta aditzen dutena, eta azoka amaitutakoan sarera igoko dituzte obra horiek guztiak.

Horiez gain, Tiza elkarteak Zart bildumaren bosgarren alea aurkeztuko du, eta autoedizioaren eta bigarren eskuko komikien Komikitoki azoka antolatuko dute berriz. Irailaren 9an izanen da, Iruñeko autobus geltoki zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.