Berrogeita bi urte txotxongiloekin

Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek euren ibilbidean erabilitako txotxongiloekin erakusketa jarri dute Tolosako TopicenIkastolak bultzatzeko egin zuten lehen ikuskizuna; gerokoa ia berez etorri zitzaien

Tolosa
2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Berrogeita bi urte daramatzate Enkarni Genuak (Donostia, 1942) eta Manolo Gomezek (Donostia, 1938) txotxongiloak egiten eta horiekin emanaldiak eskaintzen. Horietako hainbat bildu dituzte Tolosako Topic nazioarteko txotxongilo zentroan, baita dagozkien eszenografiak ere. 70eko hamarkadatik gaur egunera arteko lanak daude ikusgai, bakoitza bere izen eta sorkuntza datarekin.

Dotoreziaz dago antolatuta erakusketa; obra bakoitzeko elementuek espazio zabalak betetzen dituzte, eta horietan daude jarrita ipuinetako pertsonaiak: Erreka Mari, Pernando Amezketarra, Mariona eta beste hainbat. Txotxongiloak ere mota guztietakoak dira, hala nola eskularruzkoak, panpinak, hariekin mugitzen direnak eta erratz baten gainean egindakoak. Era guztietako teknikak erabili dituzte horiek egiteko, tela, margo eta bestelakoekin. Iluntasuna da nagusi han, txotxongiloen agertokiei dagokien modura, tela beltzezko paretekin.

Martxoan zabaldu zuten erakusketa, eta urriaren erdira arte zabalduta egoteko asmoa daukate antolatzaileek. Hileko lehendabiziko ostiral eta larunbatetan bisita gidatuak egiten ditu Enkarni Genuak, 18:30ean hasita, eta datorren ikasturtearen hasieran eskoletako haurren bisitak jasoko dituzte, erakusketa modu dinamiko batean ikusteko eta txotxongilo tailer bat egiteko.

Ikastolekin batera sortuak

Oholtza gainean ezagutu zuten elkar Genuak eta Gomezek, antzerkilariak zirela. Seme-alabak ikastolara joaten hasi zirenean ekin zioten biek euskaraz ikasteari. Ikastolak sortzen ari ziren orduan, eta horiek aurrera ateratzeko gurasoek egin beharreko lanaz egin du berba Genuak: «Denetik egiten genuen dirua ateratzeko, gela batzuk txukundu eta klaseak egin ahal izateko. Horretarako antolatu behar zen jaialdi baterako zera pentsatu genuen: 'Zergatik ez dugu txotxongilo emanalditxo bat egiten?'». Bazeuzkaten panpina batzuk, eta horiekin ekin zioten.

Ikuskizunean hainbat andereño zeuden, eta gustatu egin zitzaien. «Izan ere, garai hartan, umeentzat ez zegoen euskaraz ezer ere ez.». Euren berri izan zuten andereñoek Jazinto Setien apaizarekin materiala sortzeko biltzen ziren. «Zirkulu horretara iritsi zen berria, eta berehala hasi ziren deitzen herri pila batetatik». Eskularruzko txotxongiloak erabiltzen zituzten hasierako emanaldietan, baina beste titiritero batzuen lanei ere erreparatzen hasi ziren: «Orduan konturatu ginen eskularruzko txotxongiloak baino zerbait gehiago zela hura, hau da, amaitu ezinezko arte bat zela».

Umeak frontisa direnean

Euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten. Sugea, gizona eta azeria, Joxe Miel Barandiaranek jasotako elezaharra prestatu zuten 1976an, eta gero etorri ziren ezagunak egin diren ipuinak: Erreka Mari eta Pasaiako zezena. Harrezkero, eszenografia eta pertsonaia berriak lantzen jardun dute, bestelako formatuekin esperimentatzen. 71 urte beteko ditu bihar Genuak, baina ez dauka erretiroa hartzeko inolako intentziorik: «Ez, behintzat, kamioi batek bertan seko utzi arte».

Ipuinak sortutakoan probatzen aritzen dira, ea umeengana iristen diren ala ez. «Antzerkia egitea, batez ere umeekin egiten duzunean, frontoian aritzea bezalakoa da: zuk jotzen duzu pilota, baina paretak bueltatu egiten dizu. Orduan, agian, atzeraka joan behar duzu, edo aurreraka, edo alde batera, edo bestera... Frontoiko paretak markatzen du zure jarduna. Pareta publikoa da, erne egon behar duzu euren erantzuna jasotzeko eta interpretatzeko. Horren arabera berriztatzen ditugu istorioak».

Elurrezko panpina ipuinarekin gertatutakoa jarri du adibide modura Genuak. Eszenografian haurrak eta elurrezko panpina daude, azken hori erdian. «Zein izango da arrakasta gehien daukan pertsonaia? Ipurtargia». Bai, goialdean, erdi ezkutuan dago pertsonaia hori. «Ipurtargia bigarren mailako pertsonaia da, erabat. Baina haurrek maitatu egin dute, grazia egiten die. Orduan, potentziatu egin dugu pertsonaia hori».

Eskoletan ipuin bat egiten dutenean, haurrei galdetu egiten diete. Horretarako, marrazki bat egiteko eskatzen diete: «Normalean, haur txikiak dira. Haurrek margotzen dute. Ikusitakoa. Orduan konturatzen zara zein pertsonaia ateratzen den, zein den gehien maite dutena». Horrelakoen bidez ikasten dutela dio Genuak. «Haurrekin lortzen dugun komunikazioa da gauzarik garrantzitsuena lanbide honetan, berehala konektatzen dugu. Asmatzen dugu, normalean».

Haurren erreakzioak ere behatu egin behar dira: «Ikaragarria da. Agian, badaramatzazu hogei urte obra bat egiten, eta egun batean, zas! Txispa bat sortzen da. Hori ezin duzu baztertu. Gauza txikiak izaten dira. Ez dira helduak bezalakoak: horiek antzerkia ikusten egoten dira, eta, bukatzen denean gustatu bazaie, txalo egiten dute, eta, bestela, ez». Parte hartzea bilatzen dute, baina ez bai! eta ez! bezalako erantzunak jasotzea. «Jarrera espontaneoa ateratzen zaie haurrei, komentarioak egiten dituzte».

1813ko Donostiaren istorioa

1813an Espainiako tropek eta euren aliatuek Donostia Napoleonen eskuetatik askatu egin zutenekoari buruzko lana prestatzen ari dira. «Proiektu berri hori batez ere Donostian egingo dugu. Gure haurrek ez dute ezagutzen istorio ikaragarri hori, nola donostiarrek erabaki zuten jarraitzea, zalantza bat baitzegoen hiri horrekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Istorio hori kontatu nahi dugu». Haurrentzat izango da hori ere. Helduentzako lanik egingo duten galdetuta, onartu du gurasoekin izaten dutela konplizitatea, baina garbi erantzun du Genuak: «Ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.