Berrogeialdi tumatxa

Zakilixutek 40 urte bete dituela-eta, omenaldia egin diote Antton Olariagari Martin Ugalde Kultur Parkean. Zakilixut Bankua eskaini diote bertan. Bideoa albistearen amaieran.

Niko Etxart Tumatxa kantua abesten eta Ainara Azpiazu Axpi Zakilixuten bertsio bat marrazten. I. URIZ / ARP.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Andoain
2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun

Buxadura bat. Ekitaldia hastekoa da ordu erdi eskas barru, eta Antton Olariagaren (Usurbil, Gipuzkoa, 1946) omenaldian parte hartu behar dutenetako ia denak errepidean daude. «Irteeratik hirurehun metrora daudela, baina badakizu, metrook egin egin behar dira». Kike Amonarrizek, Anjel Lertxundirekin sega-potoz hitz egin berritan, Martin Ugalde Kultur Parkeko ekitaldi aretoan. «Hau Zakilixutek berak antolatu du, seguru!», dio barre artean. Areto sarreran, Zakilixut bera, paretetako zinta erakusketatik denari begira, zuri-beltz, kolore, zuri-beltz, kolore. Amunarriz eta Iñigo Martiarena Mattin bakarrik heldu dira garaiz. Idoia Torregaraik txio bat bidali du buxadura erditik, hiperbentilazio betean.

«Hemen naiz!». Agertu da Lertxundi. 18:51an. Martxelo Otamendi eta Niko Etxart, 18:58an. Azken hori, gitarra eskuan, erdi ezkutuan desagertu da korridorean. Asisko Urmeneta ere hemen da. 19:01ean. Eta Martxelo Otamendi. 19:04an, Idoia Torregarai. «Presarik ez daukazue, ezta? Ematen du Antton [Olariaga] Gipuzkoan dagoela, kotxe baten barruan, eta honaino iritsi daitekeela». Parkeraino heltzea lortu dutenei, Amonarrizek. Umorea, beti umorea.

19:19. Heldu da Olariaga bera ere. Has daiteke ekitaldia. Anjel Lertxundi da lehena oholtzara igotzen. Mikroa, atrila eta marrazteko astotxoa. Laudatio-a egiten hasi zaio idazlea aspaldiko lagunari. Eta lagunaren umeari. «40 urte eta gero, Zakilixut, jendeak maite hau» esaten ari denean heldu da Harkaitz Cano, 19:29an. Eider Eibar marrazkilaria, berriz, 19:31n igo da marraztera. Lertxundik lore jokoan segitzen du. «Artista zikinbrillo bat» dela esan dio lagunari. Mirespenez. Euskaltzaindian baino, unibertsitatean irakasle irudikatu du. «40 urte eta gero, hik eta hire sabel-hiztunak ondo merezia duzue omenaldi hau». Idazleak bukatu duenerako, bukatua du marrazkia marrazkilariak. Marra zuri-gorri bertikaleko elastiko erraldoian sartuta, Zakilixut eta neska bat, topa egiten biak, 40 urteak ospatzen.

Ekarpenaren azterketa

Olariagak Zazpiak Batman kolektiboan kide izan dituen Kike Amonarrizen eta Asisko Urmenetaren txanda. Beraiek bai, beraiek ikusten omen dute Zakilixuten sortzailea Euskaltzaindian: «Urgazle ez, euskaltzain sagardogazle nahi genuke Antton». Ordua begiratzen hasteko betarik eman gabe hasi dira errepasatzen Zakilixuten zintak, buxaduraz ahaztuak daude denak jada, barre algaraka hartu dute Olariagaren ekarpena aztertzeko lan ildoak. Lehena: Piztegigintza. «Hiztegia piztu egin digu Anttonek». Bigarrena: Joko ono-mastika. Itoarte sagardotegia, Usoa Ezeiza armategia, Balda Apalategi, ebanista, Egurtegi Egurrola segurtasun langilea... zerrenda luzea aletu zuten atal horretan. Hirugarrena: Biraotomia. Euskarak biraorik ez zeukala esan zuen Literatura Nobel saridunari erantzunez-edo sortutako birao soka amaigabea. Kartoloz, potroximelez eta algaraz bete da aretoa. Segidan etorri dira: Kilosofia, Esaera zuhurrak, Polittologia, (e)Timologia, Oziolinguistika, Ludopatia, Cat-egori-goriak eta Auto mozioa. Amonarriz hitzez, Urmeneta batez ere marrazkiz aritu dira tarte horretan. Amaieran, Zakilixut behar zuenak Tumatxa kanta ezaguna kantatzen ari den Niko Etxart kantariaren itxura hartu diola adierazi du marrazkilariak.

UEU Udako Euskal Unibertsitateko Idoia Torregaraik hartu du hitza ondoren. Antton Molariaga-ri eta Zakill Bill-i buruz aritu da. Bien zientzia zaletasuna nabarmendu du, eta UEUn ere arituak direla. «Zakilixutek zientzia-frikzioa eta sexualkia gehiago landu dituela esango nuke, hala ere». Olariagaren zintaren bat ulertu gabe «inoiz» geratu ote den galdetu du segidan, eskua altxatzeko hala bada. Entzule denek altxatu dute eskua. Olariagak berak ere bai, barre artean.

Torregaraik hitz egin bitartean, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak bere pertsonaia Belardoren ondoan eserita irudikatu du Zakilixut, metamorfosiaz hitz egiteko. Berak ere, aurreko beste bi marrazkilariek bezala, zorionak eman zizkion Olariagari.

Eta, halako batean, gitarra akordeak aretoan. Hor dator Niko Etxart bera, gitarra eskuan —Asisko urmenetak marraztu bezalaxe—, oholtzara. 20:29 dira. Oholtzara igo, eta Tumatxa kantaren genealogia azaldu du: «1982an konposatu nuen kantu bat, errazki, zinez erraz. Anttoni esker». Ziri batzuk ere sartu dizkio marrazkilariari: «Zakilixut, bere 40 urterekin, ni baino askoz zuzenagoa da politikoki. Pipatzeari utzi zion, eta Nikok ez». Kea ez bestelako oparia egin zion Zakilixutek, baina, Etxart, bere zintetatik: «1982an sortu nuen Tumatxa kantua, 1983an grabatu nuen diskoa, eta beti kantatu dut taldearekin. Hitz denak Anttonek sortuak dira». Eta hitzon sortzaileari eskaini dio kanta. Txalo zaparradarekin erantzun dute entzuleek. Bien bitartean, Ainara Azpiazu Axpi-k Zakilixut marraztu du, urtebetetze tarta bat eskuetan. «Xirri onak niri» esanez.

Ondoren, Martxelo Otamendik, «hizkuntza bihurritzen maisu» deitu dio Zakilixuten sortzaileari. Eta sortzailearen beraren hitz egiteko tenorea heldu da. Azkenean: «Hau guztia gaizki ulertu bat izan dela iruditzen zait. 40 urte berak bete ditu. Nik hustu egin ditut. Argi gera dadila». Zakilixutek agindu bezala, etxekoei eskerrak eman dizkio, eta baita Euskaldunon Egunkaria-n lehenik eta BERRIAn tokia egin dietenei. «Eta Amonarrizi eta Asiskoktelesi». Eta, nola ez, Anjel Lertxundiri. «Zakilixut da nire fikzioterapeuta pertsonala. Eta oraindik segitzen dugu sesioetan». 20:49 jaitsi da oholtzatik.

Ondoren, Mattin-ek prestatutako —plaka Urmenetak egina da— Zakilixut Bank inauguratu du kultur parkean. Bertan eseri da. Zakilixuten aita. Olariaga, nahiago bada.

[youtube]https://youtu.be/GwZR7rspLHA[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.