Berriz eta berri itzultzea

Delirium Tremens taldeak zortzi abesti berri izango dituen disko bat kaleratuko du, 30 urte isilik eman ostean, eta maiatzaren 28an kontzertu erraldoi bat emango du BEC erakustazokan

Delirium Tremensek taldearen azken kontzertutik 30 urte betetzen ziren egunean iragarri zuen itzulera, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Seguruenik, ezin da hiru hamarkadaz pilatuz joan den isiltasun zama urratu, aurrez abiada pixka bat hartu beharrik gabe. Hitza pasatu diotenean, espanturik egin gabe, baina arnasa sakon hartzeko baliatu du aukera labur hori Andoni Basterretxea Delirium Tremens taldeko gitarra jotzaile eta kantariak, behintzat. «Bueno, ba hemen gauzkazue, aspaldiko partez: 30 urte!, erraz esaten da». 1991ko azaroaren 30ean eskaini zuen taldeak bere azken emanaldia, eta atzo jakinarazi zuten ofizialki oholtzara itzuliko direla, hirukote formatuan: Basterretxea, Patxi Irisarri baxu jotzailea eta Juantxo Iurrita bateria. Disko berria argitaratuko dute datorren urtean, zortzi kanta berrirekin, eta lehen abestia eta haren bideoklipa ere aurkeztu dituzte: Ordago. Maiatzaren 28an kontzertu erraldoi bat eskainiko dutela ere iragarri dute: Barakaldok BEC erakustazokan (Bizkaia) izango da, Des-kontrol eta McOnak taldeekin batera, eta 8.000 ikusle ingururentzat. Ostiralean jarriko dituzte txartelak salgai.

«Duela bi urtekoa ostialakoa izan zen!». Taldekide eta lagun izan zuten Iñigo Muguruzari egindako omenaldia da guztiaren hazia, abeslariak onartu duenez. Hil berri zen laguna omentzeko, Muguruzaren ibilbidearen parte izan ziren hamaika talde batu ziren Bilboko Kafe Antzokian, 2019ko abenduaren 18an, eta Delirium Tremens ere orduan itzuli zen oholtzara, lau abesti jotzeko. Sasoia berreskuratzeko eta lau kanta horiek ongi prestatuta eramateko, guztira hamahiru entsegu egin zituztela zehaztu dute musikariek. Eta pozik geratu ziren jasotako berotasunarekin. Basterretxeak dioenez, han sentitutakoak eraman ditu berriz estudiora. «Batu ginen, nahi gabe bezala, entseatu genuen, eta hain ondo pasatu genuen, non batzuk berotu baikinen». Bai ala ez, ez ala bai ibili ziren geroztik. «Eta erabaki genuen aurrera egitea».

Argi izan zuten ez zutela iraganeko abestiak jotzeko bakarrik bueltatu nahi: lokala hartu, entseatzen hasi, eta, urtebeteko lanaren ondoren, egunotan dabiltza estudioan abesti berriak grabatzen.

Betikoan berri

Basterretxearen hitzetan, abesti berrietan ere erraz errekonozituko dute Delirium Tremensen soinua taldearen betiko zaleek. Eta horren froga da kaleratu berri duten kanta ere. Gitarraren melodiak, ahotsa, bateria eta baxuaren lan gardena... Guztian igar daiteke Delirium Tremens dela. Musikariak esan du oraingoan medio «modernoagoak» baliatu dituztela, baina hori esan eta berehala gehitu du ñabardura. «Bueno, anplia eta gitarra lehengo berberak dira».

Zuzenekoetara bueltatzeko gogoz daudela esan dute musikariek. «Beti izan ditugu oso gustuko zuzenekoak», onartu du Iurritak. Eta baietz Basterretxeak ere. Taldeak ibilbidea eten zuenetik hona joan diren 28 urteetan bi aldiz joko zutela kalkulatu du abeslariak; 2014an Lekeitioko udal bandarekin batera eskaini zuten saioa izan du gogoan, esaterako, baina Muguruzaren omenaldian sentitutakoa nabarmendu du berriz ere. «Halako emanaldi bat egin ondoren, berehala sartzen zaizkizu berriz igotzeko gogoak».

«Oso deskonektatuta gaude». Ea egungo eszena jarraitzen ote duten galdetu diete musikariei, eta kolpean erantzun dute ezetz. Basterretxea: «Duela 30 urte ere hori galdetzen ziguten, ea nola ikusten genuen mugimendua, eta orduan ere gauza bera erantzuten nien: ni herri txiki batean bizi nintzela, oso gustura, ez naizela inongo melomanoa. Talde bat daukat, eta badirudi horregatik egon behar duzula gertatzen den guztiaren jakitun, eta ez».

Aurrez taldearen zale izandakoek egingo dieten harrera ikusteko gogoz daude musikariak, baina jakin-mina dute aurrez taldea ikusteko aukerarik izan ez zuten entzule gazteen harrera ere ezagutzeko. Herrian oraindik ere jende gazteak beren kantak entzuten dituela badakitela diote taldekideek, eta poza azaldu dute horregatik. «Jende askok esan dit Delirium Tremens izan dela bere bizitzako taldea. Hori esaten dizute, eta oso sakonera iristen da», aitortu du Basterretxeak.

1985etik 1991ra bakarrik aritu zen zuzenean taldea. Zarrapo taldearekin konpartituta eman zuten argitara beren lehen lana, 1985ean. Beste bi disko luze eta zuzeneko bat ere argitaratu zituzten geroztik —Ikusi eta ikasi (1989), Hiru aeroplano (1990) eta Bilbo Zuzenean 91-5-24 (1991)—, baina luzea izan da haien itzala euskal musikagintzan. Ez dute zergatiaz gogoeta gehiegi egin, taldekideek esan dutenez.

Kontzertu gehiago

Duela 30 urte talde gehienak «gogorrak» zirela gogoratu du Juantxo Iurreta bateria jotzaileak. «Gu hortik ateratzen ginen, eta agian horregatik izan daiteke? Horregatik izan genuen halako harrera?». Talde «umila» zirela ere gogoratu du Basterretxeak. «Errazak ginen, ondo moldatzen ginen guztiekin, eta ez genuen inolako rollo arrarorik beste inorekin; ze halakoak ere ikusi genituen, jotzen aritu ginen sei urteetan. Batzuek ez zutela besteen ondoan afaldu nahi izaten eta halakoak».

BEC erakustazokan emango duten saioaren berri bakarrik eman dute oraingoz, baina kontzertu gehiago ere izango direla eman dute ulertzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.