Marta Garcia

Berritasunaren magia bilatzen zuen alferra

2025eko martxoaren 9a
04:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Badirudi konposizioa zela Raveli erabateko galbana sortzen ez zion musika-jarduera bakarra. Bere haurtzaroaz mintzo —1931ko uztailaren 12an, La Petite Gironde egunkari frantsesean argitaratutako Mes souvenirs d’enfant paresseux (Ume nagi baten oroitzapenak) artikuluan—, Ravelek dio askotariko dohainak izateak kezkatu egiten zituela haren gurasoak, dohaintsua izateaz gain sekulako alferra ere bazelako. Musika idazten hasi zen arte: orduan «azkura» moduko bat sentitzen hasi zen, etengabe bilatzeko irrika, berritasunaren kitzikadura saihetsezina.

Harrigarria da bilaketa horrek zein bide koloretsu eta argiak hartu zituen haren obran. Haatik, ez zituen bere garaikide askok bezainbeste pieza idatzi, agian inoiz ez zituelako bertan behera uzten esku artean zituen lanak, ezer hoberik egiterik ez zuela ziurtatu arte; hori zen berarentzat «unerik ederrena». Horretarako, Edgar Allan Poek Konposizioaren filosofia-n deskribatutako teknika zuen gidari. Eta, hala, eraikuntza orbangabeak dira Ravelen obra guztiak, irudimentsuak eta orekatuak, formatua edozein dela. Ageria da Trio-an erabiltzen dituen hizkuntza askotarikoetan (zortziko zantzuak barne), pianorako musikan sortzen dituen giro eta baliabide berrietan (Gaueko diruzaina dut gogoan), ahotserako obretan dagoen melodikotasun aberatsa eta, noski, orkestrarako errepertorioan, propioan zein moldatuan.

Azken horretan topatu ditzakegu, ziurrenik, Ravelen ezaugarririk nabarmenenak, inork baino hobeto menderatu zituen gaitasunak: batetik, tinbreak guztiz garden eta tolesgabe aurkezteko itxurazko erraztasuna, eta, bestetik, ehundurak etengabe sortu eta haiekin jolasteko beharrezko zintzotasuna. Zerrenda batek edukia asebeteko ez duen arren, bada lagina: Rapsodia espainola-ren bizitasuna, Dafne eta Kloe balletaren xehetasun eta zehaztasuna, Infanta hil batentzako Pabana-ren dotorezia edo Bolero ezagunean, bere esanetan, birtuosismorik eta «musikarik gabeko orkestra-ehuna». Ravelen musika entzutean, jolasean dabilen haur baten aurrean gaudela dirudi, bere xalotasunean elementurik ñimiñoenari ere arreta jarriz, harri-koskor arruntena altxor bilakatu arte. Jarrera horrek haurren iruditerian kokatutako bere obra bikainak gainditzen ditu, Ravelen obra guztia baitago magiaz betea, maitagarriak bizi dira haren partituretan.

La Petite Gironde-ko testuaren amaieran, Ravelek erantzun egiten die soilik maisulanak idaztea aurpegiratzen ziotenei (nire galdera: nork esango luke horrelakorik kexa gisa?): «Hori egia balitz, gelditu eta heriotzaren zain egotea besterik ez litzaidake geldituko». Handik bi urtera, gaixotasun neurologiko baten sintomak agertzen hasi zen. Gogamena oraindik argi, ezinezkoa zitzaion bere baitan zebilen musika idaztea edo interpretatzea. Helene Jourdan-Morhangeren testigantzari jarraituz, bere azken hilabeteak balkoiaren aurrean eserita eman zituen, geldi, paisaiari begira eta beste mundu batean galduta; zer egiten zuen galdetu zionean, honako hau erantzun zion Ravelek: «Zain nago». Musikaren altzoan pentsatu eta sentitu zuen, jantzia beti txukun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.