Ines Osinagaren bira Kuban (I)

«Berriro itzuliko banintz...»

Ines Osinagak Habanako Arteen eta Letren Fakultatean emandako hitzaldi musikatu batekin hasi du Kuban bere azken lana aurkezteko egingo duen bira txikia.

Hitzaldi musikatua eman zuen Ines Osinagak, herenegun, Habanako Arteen eta Letren Fakultatean. AITOR ARRUTI.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Habana
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Habanako Arteen eta Letren Fakultatea, eguerdia. Entzuleak adi, kuriositatez. «Zer egiten du ni bezalako neska zuritxo batek hemen?», dio hizlariak ezer baino lehen. Agerikoa da kubatar entzuleen aurrean dagoen hori ez dela hangoa. «Berriro etorri naiz», azaldu die; «nire lehen bakarkako proiektua azaltzera etorri naiz. Bakarka egindakoa da, bai, baina ez bakarrik. Inoiz baino komunitarioagoa da», zehaztu du. Ines Osinaga musikaria Kuban da bere azken proiektua aurkezten, #itsasoadabidebakarra. Urteetako lanaren abiapuntura joateko beharra sentitu du, lan luzearen emaitza proiektuaren sorburuan bertan aurkeztekoa. Jasotakoa itzuli nahi du, partekatuta eman diotena partekatu. Habanan dago abiapuntua, eta hazia hango Arteen eta Letren Fakultatean. Han egin du solasaldi musikatua, Euskal Katedrak antolatuta.

2022ko martxoan iritsi zen lehen aldiz Osinaga Habanara, aurrez ondutako beste lan batek sortu zizkion galderen erantzunak bilatzera. Gosariak izan zen lan berezi hori, eta Kubaraino eraman zuen. Joseba Sarrionandiaren hitzak musikatuta argitaratu zuen diskoa Gose taldeak. Buru-belarri aritu zen Osinaga lan horretan, Sarrionandiarekin eskuz esku. Eskutik, baina urrunean. Habanan bizi zen orduan Sarrionandia.

«Testu horiek hartu nituenean, misterio baten modukoak ziren», kontatu du. «Sarri pertsonaia mitologiko baten modukoa zen Euskal Herrian», azaldu die entzuleei. «Bai, Martin da hemen ezagutzen duzuenontzat». Fakultate horretan bertan irakasle aritu da urteetan Martin, Joseba Sarrionandia. «Josebak bidalitako testu haietan Ana azaltzen zen, Habanako prostituta bat, eta gerora elkartu ginen Anarekin. Eta katuen inguruko testu harekin, adibidez, zera pentsatu nuen: baina a ze obsesioa katuekin! Ez nuen ulertzen». Sarrionandiaren azalpenak eta kontakizunak jaso arren, arrotzak zitzaizkion hitz haietako asko.

Hori guztia ulertzen saiatzea erabaki zuen, hitz haien urruneko mundu haietan murgiltzea eta berrinterpretatzea. Eider Rodriguez idazlearen doktore tesiak utzi zion jarraitu beharreko bidearen arrastoa, eta baita izenburua ere. Hain zuzen, Itsasoa da bide bakarra zen tesi haren izenburua, eta Sarrionandiaren testuak zituen aztergai. Zehazki, haren idatzietan itsasoak duen garrantzia. «Nik ere itsasoa hartu nuen nire dolu guztientzako bidetzat», dio Osinagak.

Aurrez kantatutako testu horietan sakondu, eta Kubako begietatik ulertzen ahalegindu nahi zuen, «itsasoa bera ere ez delako berdina guztientzat». Hausnarketaren erdian, galdera bati erantzuteko erronka bota zion bere buruari: «Nolakoak lirateke kantu hauek hain zuriak ez balira?». Izan ere, behin eta berriz entzun zuen Kuban idatzitako hitz haiekin osatutako kantuak «zuriegiak» zirela, nabari zela ez zirela kubatarrak.

Bere buruari, eta beste batzuei ere bota zien erronka musikariak. Erantzunen bila abiatzeko, ikerketarako proposamena landu, eta jaso zuen babesa: Elkar fundazioak Joseba Jaka sormen beka eman zion proiektua gauzatzeko, eta Etxepare Institutuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mundura programak bidaiak babestu ditu.

Ikerketa lan hori ertz askotatik egin du, eta parte hartzaile askorekin. Ustekabe atseginak izan dituela dio, gainera, Osinagak: «Nire amamek eta Kubako amamek dantzatzen zituzten erritmoek bat egiten dute askotan».

Kulturen, erritmoen eta dantzen bidea hartu du solasaldiak. Trikitia, panderoa, perkusioa. Trikitia zer den azaldu die entzuleei, eta erakutsi die. Kontatu du bera 10 urte ingururekin hasi zela soinu txikia jotzen, eta kanta tradizionalak jotzen zituela. Kalejira eta arin-arinaren doinuak jo dizkie. Nabarmendu du iraganari begiratzea garrantzitsua dela, bai, baina bere adineko ahizpek dantzatu nahi zutena egitea ere inportantea dela, eta trikitiarekin «gauza modernoagoak» egiten hasi zeneko garaiak gogoratu ditu. «Berrinterpretatu daiteke, gauza berriak egin daitezke».

'Agurra', bolero erritmoan

Dantzara jo du ondoren, Garazi Egigurenen laguntzarekin, «gorputzarekin hitz egin eta oinekin kantu» egiten duen dantzariarekin. Agurra dantzatu du Egigurenek; «oinekin kantatzen den errespetuzko euskal dantza». Gorputza tente, dotore eman du ohorezko dantzaren pauso bakoitza. «Nola dantzatuko litzateke Agurra doinuari bolero erritmoa emango bagenio? Ahalko zenuke?», galdetu dio Osinagak. «Bai», erantzun du dantzariak. Eta bai, egokitzapen goxoa egin dute musikariak eta dantzariak. «Hauxe da gure proposamena», argitu du adibidea Osinagak.

Antzeko proba egin du beste kanta batekin, azken lanean jasotzen den Vedadoko kalejira-ren doinuekin. Trikitia ederto uztartzen da perkusioarekin. «Konturatu nintzen bata doinuekin panderoa oso leun sartzen dela, oso erraz, bakarrik». Eta bolero antza duen fandangoa jarri du, tresa —Kubako sokazko instrumentu tradizionala— eta trikitia uztartzen dituen Malekoian kanta.

Azterketa horren emaitza da #itsasoadabidebakarra lana, Kubako iturritik asko duena. Horregatik bi aurkezpen. Jaso eta eman, eman eta zabaldu. Itziarren (Gipuzkoa) izan zen lehen aurkezpena, irailaren 2an. Emanaldi berezia izan zen, sentitua, indartsua eta komunitarioa. Euskal Herriko eta Kubako musikariak batu ziren han, ibilbidearen errepasoa taularatzeko. Aste honetan izango da bigarrena, Habanan, Kubako Arte Fabrikan, Kubako Kultura Ministerioak bide emanda. Kontzertu batean batzuk, bigarrenean beste batzuk, baina proiektuan parte hartu duten artista guztiek parte hartuko dute aurkezpenetan, berrogei bat artistak guztira. Berriro itzultzea da, ahizpen artean berriz topatzea, elkarri emandakoa berriz partekatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.