Xabi Bandini. Musikaria

«Berriro hunkitu dut neure burua»

Hainbat urtez musikatik aldenduta egon ostean, Kerobia taldeko abeslari ohia bakarkako lan batekin itzuli da: 'Begibakar' diskoarekin. Lasaitasun handiz sortu du, eta fikziozko pertsonaia baten istorioa kontatu du.

IÑIGO GIL.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
2001ean eman zituen lehenbiziko pausoak musikaren munduan Xabi Bandinik, Kerobiarekin. Agertokietan hainbat urtez ibili ostean, taldea desegin eta beste izen batekin itzuli ziren: Anticontinente. Orain, berriz, bakarkako bidea urratu du Bandinik, maiz esan bazuen ere ez zuela horretarako asmorik. Begibakar izeneko diskoa kaleratu du, Gor etxearekin. Musikarekin berriro konektatzea lortu du, eta egindakoa Kerobiako «familiarekin» partekatu nahi izan du. Madrilgo bere pisu txikian gitarrarekin eta sintetizadore batekin grabatutako hamar abestik osatzen dute diskoa: lan lasaia eta apala da.

Esan izan duzu ez zenuela asmorik bakarkako bidea egiteko. Zer dela-eta eman duzu pausoa?

Maiz esan dut ez nuela neure burua bakarrik ikusten, baina bizitzak aldaketak ekartzen ditu, eta ikasi behar dugu gauzak datozen bezala jasotzen. Azken urte honetan, Madrilera jaitsi naizenean, gauza inportante bat gertatu zait: nire etxe txikian, nire gitarrarekin, hasi nintzen kanta bat egiten, bi, hiru... eta, bat-batean, berriro hunkitu nuen neure burua.

Galdua zenuen zeure burua hunkitzeko gaitasuna?

Kerobiaren Supernova-ren ondoren, eta Anticontinenterekin, izugarri disfrutatu genuen, bainadenborarekin, kanta bat egitera jarri, eta ez nuen konektatzen kantarekin. Eta hori oso maiz gertatzen zitzaidan. Orduan, aizu, arratsalde hori izango zen, edo nire pisu txikia, edo ni han bakarrik nengoela, baina esan nuen: hau super polita da niretzat.

Distantzia hartzeak lagundu dizu inspirazioa berreskuratzen?

Nik uste dut baietz. Perspektibarekin begiratuta, Kerobiarekin konposatzen nuenean, nire buruan beti zegoen besteentzat ez zela nahikoa izango, eta hori eromen hutsa da. Horretatik aldenduta, kantak egin eta ikusi nuenean nahikotasun hori nahikoa zela niretzat, esan nuen: hau argitaratu nahi dut.

Esango zenuke disko hau sortzean askatu zarela besteen iritzien presiotik?

Bai. Horrek ez du esan nahi ez zaidanik inporta kanpokoen iritzia, inondik inora. Baina agian beste sentsazio batekin hartzen ditut kritikak: alaitasunez, perspektiba berriarekin.

Kerobiarekin, lehenbizi proiektua irudikatzen zenuten, eta ondoren sortu; oraingoan, ordea, proiektua bera bakarrik jaio da.

Hala da, bai. Kerobiarekin horrek ondo funtzionatzen zuen, baina hor nerbioak daude, iritsiko garen beldurra... Eta kasu honetan, akzidente bat izan da: nik ez nekien ezer, ni ez naiz izan.

Diskoan Begibakarraren istorioa kontatu duzu. Nor da Begibakar, eta zer irudikatu nahi izan duzu harekin?

Niretzat, Begibakar gizakiaren eta piztiaren arteko mugan dagoen zerbait da. Gizakiok pasioekin mugitzen gara bizitzan, beldurrekin, pozekin, eta, horren aurrean, nik irudi bat jartzen dut: bisontea. Niretzat bisontea iraunkortasunaren edo transzendentziaren irudia da. Bisonteak zera dio: «Ni bisonte soil bat naiz, ez daukat misiorik, desagertu egingo naiz, eta bizitzaren zikloak jarraitu egingo du». Hor dago iraunkortasuna. Diskoan hiru kapitulu daude: Begibakarraren desagertzea, bidaia eta aurkikuntza.

Ez da lehen aldia kantei logika literarioa emanez zure gogoetak adierazten dituzuna.

Kerobiaren disko guztietan egin nuen. Erraza da istorio bat kontatzea eta gauzak hor iraultzea. Niretzat oso lagungarria da pertsonaia bat asmatzea, istorio bat kontatzea, eta esatea gauzak hari gertatzen zaizkiola, eta ez niri.

Abestiak lasaiak eta apalak dira, akustikoak, eta osagai elektroniko batzuk dituzte.

Bai, pentsa: nire pisuan egin dut, ezin nuen gauza zalapartatsu bat egin, bizilagunak nituelako inguruan. Gainera, ez nago momentu esplosibo batean. Eta asko gustatu zait nola geratu den gitarrarekin, sintetizadore txiki batekin, eta, batez ere, ahotsarekin. Baina norbaitek bilatu nahi badu disko honetan gauza ikusgarri bat, ez du topatuko.

Diskoan euskaraz eta gazteleraz kantatu duzu. Eroso sentitzen zara bi hizkuntzetan?

Bai, pixka bat kostatzen zait neure burua gazteleraz entzutera ohitzea, baina asko gustatzen zait kanta berberean euskara eta gaztelera uztartzea. Kantari dinamika bat emateaz gain, imajinatzen dut erdaldunak erdarazko parteak ulertzen dituela, eta geratzen dela gogoarekin jakiteko euskarazkoak zer esaten duen. Erdaldun bati, umezurtz ez egoten laguntzen diote erdaraz dauden hitz horiek, konektatzen kantarekin, baina beti dago hor: zer egongo da beste aldean?

Nolako esperientzia izan da sormen prozesua bakarrik egitea?

Kerobiarekin konpositorearen rola nik nuen, nahiz eta taldekideek pisua izan. Orduan, aldaketa bat egon da: lehen, instrumentu guztiak lotu behar nituen. Kasu honetan, hau da daukadana, hauek dira nire instrumentuak, eta honekin kanta bat egin behar dut. Izan da irla desertu batera joan eta dagoenarekin zure etxetxoa egitea bezala.

Soilik zuretzat konposatzeak askatasun gehiago eman dizu?

Bai eta ez. Adibidez, Supernova diskoa konposatzean, orkestra zuzendari sentitzen nintzen; oso aske eta ondo sentitzen nintzen. Baina beti gehiago eskatzen nuen. Horrekin konparatuz, orain bi instrumentu dauzkat, eta ahotsa: horrek mugatu egiten zaitu, baina askatasun handia ematen dizu pentsatzeak ez duzula gehiago behar.

Azalean pertsona bat agertzen da, buruan kubo bat duena. Zer irudikatu nahi izan duzu horrekin?

Kerobia ezagutu duen edonork kasik disko guztietan aurkituko du kuboaren kontzeptua. Adibidez, esaten genuen: «Atlantiko erdian hondoratzen den kristalezko kubo bat; edo aire erdian mantentzen den ur bolumen kubiko bat». Hori estetika hutsa da, baina, harago, badago beste ukitu bat: nik bizitza dualtasun batean ikusten dut, eta horrek ondo erantzuten dio Kerobiaren galdera honi: «Nondik ateratzen da barrura?». Beti dago jolas hori: zer dagoen barruan eta zer kanpoan.

Zure izenak Kerobiara lotua jarraitzen du. Horretaz askatzeko beharra sentitzen duzu?

Oso lotua dago, baina horrek ez nau kezkatzen. Kerobia egin dugun gauzarik politena da. Nik ez dut gustuko neure buruaz hitz egitea, eta Xabi Bandini gisa ateratzea gogor samarra egiten zait. Baina iruditzen zitzaidan aroak ezberdindu behar nituela.

Atzera begiratuz, nola gogoratzen dituzu Kerobiaren eta Anticontineneteren urteak?

Energia handikoak, ausartak eta biziak. Nostalgia puntu batekin begiratzen diet, baina ez zerbait galdu dugunaren begiradarekin; asetasun izugarriarekin.

Nola jaso du jendeak diskoa?

Oro har, kritika onak jaso ditut, eta sinesten ditut. Ez ditut kritika txar asko jaso, baina batzuk bai: diskoa oso laua dela, edo euskara eta erdara uztartzearena...

Esango zenuke zure publikoa ez dela handia, baina bai fidela?

Guk beti pentsatu dugu familiabat ginela: interes handia duten pertsonak, konektatzen dutenak lanarekin. Adibidez, Supernova ateratzeko, 2.000 pertsonak 30 euro jarri zituzten, eta pentsatzen dut orain familia hori piztu egin dela berriro. Konektatuta gaudela, nolabait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.