Berriro hautsiko zaiguk zerbait bihotzean, KRA!

Bernardo Atxagak eta Joxemari Iturraldek 'Henry Bengoa Inventarium' emango dute berriz, musikari lagun Xabi Strubell dutelaHendaian berrituko dute duela 25 urte herriz herri ibilitako ikuskizuna, hilaren 31n

Juan Luis Zabala
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Nolaz eta bi hilabete baigeneramatzan hire berririk gabe, / guk hire lagunok Hamburgora joatea erabaki genian; / Hamburgotik hartua baikenuen hire azkeneko gutuna, / Gotenstrasse bost laugarrena C Ezkerra Hamburgo-K/ jartzen baitzuen hire gutunak erremitean. Henry Bengoa. / Eta hartu genian trena, eta nolaz eta euria ari baitzuen / guri zerbait hautsi zitzaigukean bihotzean, KRA!». Eskuan duen zigarretatik keak leun-leun gora egiten duela, patxadaz ekin dio testu hori irakurtzeari Bernardo Atxagak; youtu.be/lDfGw6Cpv0s helbidean ikus daiteke Henry Bengoa Inventarium ikuskizunaren hasierako irudi hori, 1988an Donostian grabatua eta CodeSyntaxTV-k Youtube atarian sareratua. Berriro eta neurri batean berriturik ikusi ahal izango da aurki Henry Bengoa Inventarium, Hendaiako Varietes antzokian, maiatzaren 31n, 20:30ean hasita, Mugati Hendaiako euskaltzaleen elkarteak antolatuta.

Joxemari Iturralde idazle eta adiskidearen konplizitateaz gain, Ruper Ordorika, Alberto de la Casa eta Nando de la Casa musikariena izan zuen Atxagak duela 26 urte Henry Bengoa Inventarium abian jarri eta bi urtez herriz herri emateko. Hendaiako emanaldian orduko hiru musikariak faltako dira, baina haien ordez Xabi Strubell arduratuko da musikaz. Ordorika lanpetuegi dabil azkenaldian, eta nahiago izan du orduan egindakoa eguneratzeko lanetan ez sartu; are gutxiago orduko laguntzailerik gabe. Atxagak eta Iturraldek gogo onez eman diote baiezkoa Mugatikoek egindako proposamenari.

Pott Bandan elkartu ziren lehenik Atxaga, Iturralde eta Ordorika —Manu Ertzilla, Joseba Sarrionandia eta Jon Juaristirekin batera—, eta gero ere harremanetan jarraitu zuten. «Gogoratzen naiz Iturraldek esan zuela zerbait egin behar genuela negua pasatzeko», dio Bernardo Atxagak, burua garai hartara eramanez. Negua pasatzeko, Henry Bengoa Inventarium sortu eta atondu zuten 1985eko udazkenean, poesia, narrazioa, antzerkia eta musika batzen zituen ikuskizuna, eta 1986ko urtarrilaren bukaeran estreinatu, Eibarko Armagintza Eskolan. Herriz herri, berrogeitik gora emanaldi eskaini zituzten ondorengo bi urteetan, harik eta 1988ko urtarrilean Hondarribian azken emanaldia egin zuten arte.

«Erabaki genuen inolako publizitaterik ez egitea», gogoratu du Atxagak. «Doi-doi hasi ginen, oso jende gutxirekin, ia hutsetik abiatuta, eta ikuskizuna bere kabuz joan zen jendea erakartzen. Gero eta hobeto egin genuen, eta gero eta jende gehiago izan genuen emanaldietan. Azkeneko saioak oso jendetsuak izan ziren, eta oso arrakastatsuak, nire ustez».

Joxemari Iturraldek «zurrunbilo baten barrutik bezala» bizi izan zuen esperientzia hura. «Rolling Stonesen jira batean bageunde bezala ibili ginen, leku batetik bestera, geratu gabe. Oso ondo pasatu genuen. Orduan ez zen horrelako ezer egiten, ez hemen eta ez Espainian, eta oso gauza berria izan zen».

Ohiko poesia errezitaldiaren formatuarekin hautsi zuen Henry Bengoa Inventarium-ek, eta Atxagak ere «berritzailea» izan zela uste du; «eta ez bakarrik hemen egiten zenarekin konparatuta». Atxaga «hibridoen kontuarekin» zebilen garai hartan, eta Henry Bengoa Inventarium ere halakoxea zela dio, «hibridoa».

Youtubeko irudiek Mikel Laboa erakusten dute —Ez Dok Amairuren sortzaile nagusietako bat— Donostiako emanaldiko ikusleen artean. Atxagak ez du Ez Dok Amairu taldeak urte batzuk lehenago egindako ikuskizunen eragin zuzena jaso izanaren kontzientziarik, baina ez du ukatzen aurrekari horien garrantzia. «Ez Dok Amairu oso berritzailea izan zen, eta seguru sakonean haren eragina izan genuela».

Kontrapuntuaren bila

Formari dagokionez, Henry Bengoa Inventarium ikuskizuneko narrazioa «bi ardatzen inguruan» egituratzen da, Atxagak dioenez. Ardatzbertikala edo ardatz narratiboa inbentarioak markatzen du, zerrendak. «Zerrendan sartzen ginenean, jendeak bazekien non geunden», gogoratu du. Ardatz horizontalean, berriz, emanaldian irakurtzen diren poemak eta testuak daude. «Kontrapuntuaren erabilpena» izan zen forma aldetik berritasuna.

Dena den, «aldatuz joan zen» ikuskizuna herriz herri ibili zen denboran, Iturraldek gogoratu duenez. «Azken urtean geratu zen finkatuta orain ezagutzen den libretoa, baina hasierakoa nahiko ezberdina zen. Adibidez, hasierako emanaldietan nik neronek Julio Iglesiasen abesti bat kantatzen nuen, Gwendolyne».

Emanaldiak amaitutzat eman ondoren, gidoia jasotzen zuen liburua plazaratu zuten, Elkar argitaletxearen eskutik, Emak Bakia Baita zigiluarekin, Gasteizko estudio batean egindako grabazioarekin batera, kasete formatuan jasoa. Pamiela argitaletxeak master originala berreskuratu eta CD-liburu euskarrian plazaratu zuen grabazioa, 2004an, Littera & Musika bilduman.

Oraindik elkarrekin bildu eta proba saioak egin behar badituzte ere, Atxagak Hendaiako emanaldirako hainbat aldaketa egingo dituztela uste du. «Ardatz bertikala ez nuke inola ere aldatuko, narrazio nagusiarena. Ardatz horizontaleko hasierako poema ere ez; baina bai ardatz horizontaleko beste batzuk». Horretaz gain, emanaldiari bigarren parte bat eransteko asmoa du, hogei minutu ingurukoa, «azken urteotako gure testu batzuk irakurtzeko».

Oraingoz, emanaldi bakarra

Nahiz eta hainbat lekutatik emanaldia berriro egiteko eskariak jaso dituzten —Bartzelonatik eta Donostiatik, besteak beste—, oraingoz Hendaiakoa da programatua duten emanaldi bakarra. «Gehiago egitekotan, elkarrekin bildu eta aztertu egin beharko dugu. Bakoitza bere aldetik gabiltza, eta zaila da denok biltzea», azaldu du Iturraldek.

Henry Bengoa Inventarium-en esperientziatik atera daitezkeen ondorio edo irakaspenen artean bada bat oso ageriko eta nabarmena, Atxagaren ustez: idazlearentzat zuzenean eta jendaurrean emanaldiak egitea «oso garrantzitsua» dela, eta egin daitekeela hori «errazkeriara jo gabe, kontzesiorik egin beharrik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.