Berriro bizi nahi duenaren hats poetikoa

Asier Serranok irabazi du Xabier Lete III. Poesia Saria 'Linbotarrok' lanarekin. 12.000 euroko saria musika ikuskari baterako baliatuko du

Asier Serrano sariduna, Joxerra Gartzia epaimahaiko kidea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kul tura zuzendaria eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua, atzo, Donostian egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Asier Serranok Hiri gorritik (Elkar, 2010) poema liburua Durangoko azokan aurkeztu bezperan hil zen Xabier Lete. «Jose Anjel Irigarai etorri zitzaidan eskatuz ea tarte bat utziko nion Letez hitz egiteko, behar zuela». Bost urte pasa geroago Irigaraik berak deitu dio Serranori, Xabier Lete III.Poesia Saria irabazi berri duen Linbotarrak poema liburua Pamiela argitaletxeak kaleratuko diola esanez. Atzo kontatu zuen gertakarion kateatzea Asier Serranok berak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, saria berak irabazi zuela iragartzeko egindako agerraldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du saria, eta Serranok 12.000 euro eta Jose Ramon Andak egindako eskultura bat jasoko ditu.

Xabier Lete ez zuen pertsonalki ezagutu, baina haren figura «garrantzitsua eta eragin handikoa» izan duela aitortu du Serranok. Hark bezala, Serranok ere musika eta literatura izan ditu bi sorkuntza espresiobide nagusiak. Eta Leteren itzalak, haren ereduak, aurrera egiteko kemenik eman izan dio. «Xabier Letek Egunsentiaren esku izoztuak bere azken liburua kaleratu zuenean konturatu nintzen itzuli egin behar nuela, baneukala zer esana, baneukala ahots poetiko bat». 2008an aurkeztu zuen Letek liburu hura, eta orduz geroztik Serranok lau poema liburu kateatu ditu: Hiri gorritik (2010, Elkar), Desterratuen piztiarioa (2011, Alberdania), Ate osteko itzalak eta Linbotarrak. Azken biokin sari bana eskuratu du gainera. Irun Hiria poesia saria eskuratu zuen lehenarekin, eta datorren astean aurkeztuko du liburua Kutxak plazaraturik; eta aste gutxiren buruan kaleratuko da Linbotarrak ere.

Aurrekoaren segida da poemario saritua, begirada poetikoari dagokienez, nahiz eta hura «barrokoagoa edo jantziagoa izan». Saritu berri diotena «libre» idazten saiatu da Serrano; «filtrorik gabeko kamera» erabili du idazketarako. «Horrek min handiagoa ematen du, baina askoz ere garbiago iristen da mezua». Mezu hori ardazteko irudia linboa izan da. «Ni linbotarra naiz, eta hemen gauden guztiok gara linbotarrak. Linboak zerikusia du gure bizipenekin, gure miseriekin eta gure heriotza bideekin. Bizirik dirauten hildakoak eta, era berean, hildakoaren bizia daramaten pertsonak azaltzen dira linbo horretan».

Liburuko poemok bakarka hartzeko «gonbita» egiten du egileak. «Gero eta neke gehiago ematen dit gizarte orekatu batean bizitzeak. Konturatu naiz nik indibiduoan sinesten dudala. Indibiduoa ente, espektro, masa bihurtzen denean, orduan eta urrunago nago ni. Poesia bilduma bat da, baina banaka hartu behar dira poemok ere, linbo bat osatzeko, eta geuk onartzeko non bizi garen».

Serranok garbi du egun bizi duena sorkuntzarako aldi bat dela —«krisi egoera bat egokitu, eta begirada poetiko batek harrapatu ninduen»—, eta bai Irun Hiria sariketan eta bai Xabier Lete Poesia Sarian irabazitako dirua kultur sorkuntzara bideratu nahi dituela. Eta, bereziki, musikari heldu nahi diola berriz; zehazkiago, poesia eta musika uztartzen dituen zuzeneko ikuskari bat ondu nahi duela. Hamar urte igaro dira Serranok Hoteleko kantuak (2005, Oihuka) azken diskoa plazaratu zuenetik. Orduan «etsita» bukatu zuen, zuzeneko emanaldietarako indarrik gabe. «Orain, aldiz, material berria daukat. Betiko musikariekin bildu naiz jada,eta ari gara lanean. Inportantea da berriro ere aurrera egitea, sinestea bizirik gaudela. Hilda pasatu ditut-eta urte batzuk. Berriro nahi dut bizitzea. Liburu hau bada onarpen bat. Autoerrekonozimendu bat da. Begi edo betaurreko hauekin jaio zara, eta horrekin jarraitu behar duzu, onartu egin behar duzu».

Aurtengo epaimahaia Joxerra Gartziak, Lourdes Otaegik, Iratxe Retolazak, Tere Irastortzak eta Igor Estankonak osatu dute. Haien arabera, linboaren metaforak besterik iradoki dezakeen arren, «kontu mundutarrak» dira poemotan agertzen direnak. «Eguneroko jokabideetatik hasi eta kritika sozial eta politikorainoko esparru guztian. Askotarikoak dira irudi poetikoak, erreferentzia eta estilo arras desberdinetakoak, eta gehienetan ageriko loturarik gabe, collage moduan uztartuak. Bestalde, ez dira gutxi poemotan agertzen diren ukitu surrealistak, eta poemategiak dezente du popetik edo are poesia filosofikotik ere. Ororen buru, hizkera eta irudi zuzenak erraz biltzen du irakurlea poetak egiten duen barne bidaia».

Batez beste, maila txikiagoa

Hirugarren urtez banatu dute Xabier Lete Poesia Saria. Aurreko bietan Karlos Linazasoro eta Luis Gardek jaso zuten saria. Aurtengorako hemeretzi lan aurkeztu zituzten, eta epaimahaiak hiru lan hautatu zituen finalistatzat. Azken lan hautatu horien maila goraipatu zuen Gartziak atzoko agerraldian, baina «bataz-besteko maila beste urteetan baino txikiagoa» izan dela nabarmendu nahi izan zuen. Eta ez hori bakarrik; literaturtasuna eta poetikotasuna zer den azaltzen hezkuntza sistemak porrot egin duela esan zuen modu arras kritikoan: «Poesia zer den azaltzen ez dugu asmatu. Ondo dago idaztea, baina barne sentimenduak azaltzea ez da nahikoa poesia egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.