Jorge Oteiza, Narkis Balentziaga eta Nikolas Lekuona adiskideak ziren. 1930eko urteetako Euskal Herriko arte plastikoen berrikuntza landu nahi zuten hirurek. Gauza berrien bilaketaren bidez, abangoardian kokatu ziren. Arteak batu zituen. Balentziagak eta Lekuonak ibilbide laburra izan zuten, oso gazte hil zirelako. Oteizak bi adiskideen lekukoa hartu, eta eremu berrien bilaketa lantzen jarraitu zuen. Euskal Herriko artearen abangoardiaren adierazle diren hiru artisten 60 lanekin Oteiza, Lekuona, Balentziaga. Berpizkunde osatugabea, 1930-1936 erakusketa osatu dute Oteiza museoan, eta maiatzaren 8ra bitarte bisitatu ahal izango da.
Tradizioa oso errotua zuen gizarte haren joerak gainditu nahi zituzten Oteizak, Lekuonak eta Balentziagak. Europan, Alemanian eta Italian, besteak beste, indarrean zeuden arte joerei jarraitzen zieten, eta Euskal Herrian, Errepublika garaian, artearen berrikuntzan gogotsu egin zuten lan. Garai hartan, mundu berri batean mentalitate berri bat eratzeko grina oso handia zen. Artearen pizkundea gizartea eraldatzeko bide moduan ulertzen zuten. Europako beste toki batzuetan ez bezala, Euskal Herrian hori gauzatzeko aske sentitzen ziren. Oteizak, Lekuonak eta Balentziagak Donostiako Kursaaleko etxabeetan 1934ko irailean egindako erakusketan azaleratu zuten Euskal Herriko arteak egin behar zuen bidearekiko zuten ikuspegia. Hori izan zen hiru lagunen obrak batera ikusteko azken aukera.
Euskal artearen pizkundea bilatzeko ez ezik, lurralde berriak ezagutzeko gogoz ere bazeuden. Oteizak, esaterako, Parisera joatea desira zuen, baina ezinezkoa izan zen. Berrikuntza hori aurkitzeko inspirazio iturri bila zebilen artista oriotarra. Madrilen, bilatzen zuen hori aurkitu zuen, baina urrunago joan nahi zuen. Gregorio Diaz Ereño Oteiza museoko zuzendari eta erakusketako komisarioaren arabera, «hiru autoreak kultura primitiboak aztertzeko ideiaz elkartu ziren, euskal arteari aplikatzeko moduko pizkunde artistikoen teoria prestatzeko». Teoria hori Oteizak soilik gauzatu zuen.
Izan ere, bilaketan murgilduta zeudela, bidaia bat antolatu zuten Hego Amerikara. Lekuonak uko egin zion bidaia horretan parte hartzeari. Hala, 1935eko urtarrilean, Oteizak eta Balentziagak Buenos Airesera joateko itsasontzia hartu zuten Bilbon. Ignacio Zuloaga margolariak lagundu zien bidaia hori antolatzen. Mexikora iritsi nahi zuten. Oteizak bidaia horren asmoen berri eman zuen idatziz: «Gure lurra libreki abandonatzen dugu, gure jakinduria aberastu eta gure lurraldea hobeto zerbitzatzearren».
Apirilean, Balentziagak Buenos Airesen arte denboraldia inauguratu zuen, Witcomb aretoan. Baina gauzak ez ziren espero bezala irten, urte horretan bertan hil baitzen. Lekuona, berriz, 1937an hil zen, 36ko gerran, Fruizko frontean zegoela lehergai batek eztanda eginda. Oteizak poesia bidez islatu zuen bi lagunak hildakoan sentitu zuen bakardadea: «Esan nahi dut orain/ 1935 Narkis Balentziaga hil dela/ 1937 Nikolas Lekuona hil dela/ 1986 esan nahi du oraindik ere hemen nagoela/ baina esan nahi dut, hil egin naiz».
Abangoardiaren sustatzaile
Euskal Herriko artea piztu, akuilatu nahi zuten hiru kideetatik bi zenduta zeuden, beraz. Horrek ez zuen lortu Oteizaren lana inolaz ere etetea. Lagunak galduta ere, berritzeko borondatea bere arte proiektuaren funtsetako bat izan zen ordutik aurrera ere. Gainera, Balentziaga eta Lekuona beti izan zituen gogoan, baita bere idatzietan ere: «Nikolas nirekin bidaiatu nahi izan ez zenuena/ eta zu Narkis Txilen abandonatu ninduzuna/ begiratzen dut orain nik nire leihoan heriotzaren kontra borrokatzen dut bakarrik».
Oteiza, Lekuona, Balentziaga. Berpizkunde osatugabea, 1930-1936 erakusketa 60 lanek osatzen dute. «Erakusketa honetan, aintzat hartu nahi dugu nolako batasuna izan zen 30eko urteetan,II. Errepublikako balio plastikoak berritzeko», azaldu du Diaz Ereñok. Hiru autoreek berrikuntzaren aldeko apustua egin zuten arren, bakoitzak bere izaera artistikoa zuen. Nikolas Lekuona, esaterako, surrealismora hurbiltzen zen bere sorkuntzetan. Oso modu berezian tratatzen zuen espazioa. Izan ere, nahita haren proportzioak distortsionatzen zituen kubismoaren eta futurismoaren konbinazio berezi modura. Errusiako konstruktibismoak ere erakartzen zuen, eta horren eragina agerikoa da batez ere argazki eta fotomuntaketetan.
Ikuspuntu eklektikoagoa zuen Balentziagak; bere margolanetan, batez ere. Sarritan ukitu inpresionistak ere antzeman daitezke, argiarekin jolasten delako. Bolumenekin jolasean aritzea ere atsegin zuen. Abangoardiek bultzatuta, arte berriaren ideiaren babesle sutsua zen Balentziaga, eta hori islatzen zuen bere sorkarietan.
Oteizak, berriz, 1930eko hamarkadan figurazio espresionista nahiko eklektikoa landu zuen. Alberto Sanzen eragina antzematen da; batez ere, baliatzen dituen forma bertikaletan. Oteizak berak aitortu zuenez, proiektu pertsonal eta kolektiboa gauzatzeko tresna izan zen bere sorkuntza. Baina Lekuonak eta Balentziagak ez zuten horretarako aukerarik izan.
1930eko hamarkadan arteak batu zituen adiskideen lanaren inguruan, hainbat lantegi eta bisita gidatu antolatu dituzte Oteiza museoan. Heldu den asteartean eta ostegunean, esaterako, haurrentzako lantegi bat izango da, 10:00etan. Besteak beste, paisaia, erretratua eta artearen historiako irudiez jabetzea da lantegiaren helburua.
Berrikuntzaren lagunak
Euskal Herriko hiru artista abangoardista batu dituzte Oteiza museoko 'Oteiza, Lekuona, Balentziaga. Berpizkunde osatugabea, 1930-1936' erakusketa berrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu