Eguneroko bizitzan «erabat naturalizaturik» dauden lau bizigarri gaitzat hartuz —tabakoa, azukrea, kafea eta kakaoa—, haiek, egungo gizartean duten eraginari alderdi askotatik erreparatuta, «arrarotzea» bilatuko dute hainbat artista, idazle, ikerlari eta irakaslek, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera, bihar eta etzi Donostiako Tabakalera arte garaikideko zentroan egingo den Hizketaldi Handia jardunaldietan. «Gustave Flaubert idazleak esan ohi zuen nahikoa dela gauza bati geldiro begiratzea, gauza hori interesgarria bilakatzeko», azaldu du Oier Etxeberria Tabakalerako proiektu artistikoen arduradunak. Jardunaldietan, antzeko begirada bat pausatuko zaie, hizketaldien bitartez, ardatz diren lau bizigarriei, ikuspegi berrien bila. Hizketaldi Handia Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia proiektuaren atarikoa dira. 2016 eta 2017an hainbat hitzaldi, mintegi eta zinema eta musika ziklo izango da proiektu horretan.
Bihar, ostiralarekin, lantegi bat eta hiru hitzaldi egingo dituzte, eta etzi, larunbatarekin, Hizketaldi Handia izendatu duten «maratoia»: 10:00etatik 20:00etara arte, atseden tarte laburrekin, berriketarako aukera librea. Hamar ordu horiek lau ataletan banatuko dira, eta haietako bakoitzean bizigarri bat izango da gai nagusi eta ardatz: tabakoa, azukrea, kafea eta kakaoa, hurrenez hurren. Lau edo bost sortzaile, ikerlari edo irakasle izango dira saio bakoitzean, eta haietako bakoitzak hizketaldi labur bana egingo du jendearen parte hartzera bideratutakohizketaldi librearen aurretik. Ekimen ireki eta esperimentala da, Etxeberriak adierazi duenez, eta ikusteko dago zer emango duen.
«Inguratzen gaituen —eta Tabakalera ere parte den— paisaia kultural batekin hartu-eman bat hasteko proposamen bat da», Hizketaldi Handia, Etxeberriak azaldu duenez. «Baina praktika artistikoetatik egindako proposamena», ohartarazi du, «uste dugulako praktika artistikoa, historikoki bere mugekin maiz borrokatu duen diziplina bat denez, egokia dela gaur egungo munduko kontuei buruzko ikuspegi berriak sortzeko, arazoak modu original batean planteatzeko. Praktika artistikoena espazio mugikorra da, non arrazionala dena eta intuitiboa dena interdependenteak diren, elkar ukitzen duten. Horregatik uste dugu praktika artistikoen ondarea baloratua behar dela, eta Euskal Herria bezalako kontestu batean baliagarriak direla gauzei buruzko ikuspegi berriak irekitzeko».
«Mugimendu makroak eta konstelazio historikoak bezala, mugimendu mikroak ere artikulatzen dira bizigarrien inguruan», azaldu du Jorge Hinderer Cruz idazle eta kultur kritikari brasildarrak; hortik haien interesa. Bizigarriei buruzko tesia egiten ari da, eta berak zuzenduko du biharko lantegia.
Berriketan, ikuspegiak berrituz
Lau bizigarriri buruz hitz egiteko aukera izango da Tabakalerako Hizketaldi Handia jardunaldietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu