Bertsolari Txapelketa Nagusia Berria telebistan landuko da; finalaurrekoen bueltan hasiko da ikus-entzunezko eskaintza. Argitaratuko den edukia bi motatakoa izanen da, bakoitza publiko jakin bati zuzendua eta formatu batean egina. Eduki guztia datorren asteko larunbatetik aurrera egonen da, lehenbiziko mahai ingurua izan ezik. Datorren astelehenean izanen da, eta Txappelako kide batek eta Miren Mujika BERRIAko kazetariak parte hartuko dute.
Lehenbiziko eduki mota bertsolaritza arloan adituak diren horientzat edo oso zaleentzat bideratua egonen da, eta audio formatuan zabalduko da. Kasu honetan, finalaurreko bakoitzaren ostean Mujikak balorazio azkarra eginen du. Gainera, astelehenero, Mujikak Txappelako kide bat eta bertso munduko norbait –hala nola bertsolari ohi bat, aditu bat edo txapelketan parte hartu ez duen bertsolariren bat– elkartuko ditu mahai inguru batean.
Bigarren eduki mota ikuspegi feministatik landutakoa izanen da, eta bideo moduan jasoko da. Bost zatik osatuko dute saio hori: jarri titularra, Maider Galardirekin eginen da; lupa, Txappelako kideek datu bitxiren bat emanen dute; puntu morea, Nerea Arriola, Amaia Agirre eta Mirari Mariarena kolaboratzaileek, txandaka, ikuspegi feministatik interesgarria izan den momentu bat aukeratuko dute; genealogia feminista; zirelako gara, non emakume-señora bertsolariak elkarrizketatuko dituzten.