Hizkuntza zuzena, neurritsua, irekia. «Elkarrizketan tonu aldaketarik» eskatzen ez duena. Horixe izan da Circe Maiarentzat (Montevideo, 1932) printzipio poetiko irmoetako bat lehen urratsetatik. Hizkuntza bat jorratzea, zeinak estalgabetu egingo duen, estali ordez. «Ez murgildu mundu poetiko esklusibo eta itxi batean, baizik eta balioak agerrarazi, existentziaren zentzu presenteak». Sorkuntza poetikoa errealitatea argitzeko bitarteko bat izan da Maiarentzat, eta 1958an argitaratutako En el tiempo (Denboran) estreinako poema liburuan eman zuen jada begirada eta borondate horren berri. Gaur arte haiei leial ibili izanak eta bizimodu etxetiarra oinarri hartuta «mundu partekatuaz» aritzeko ahots aberats bat landu izanak egin du haren obra berezi eta saritu.
Ez da ausazkoa poetaren lehen liburuaren izenburua bera. Denbora jo izan baitu idazleak, hain justu, bere lan poetikoaren motibo nagusitzat. Denboran kokatzen ditu bizimodu arrunt familiar bati dagozkion objektuak, bere hurbileko pertsonak, bere hurbileko heriotzak. Eta tonu solte batez, sintaxi apal batez eta baita korrelato literario edo mitiko baten bitartez ere, begien aurreko errealitateaz beste egiten duen horretarantz gidatzen du irakurlea. Bestela esanda, eguneroko arrunt baten behaketa xehea eta jauzi metafisiko arin bat uztartzen dituzte haren poemek.
'nire ondoan'
Ikusgarrian eta gertukoan egiten dut lan
—ez pentsa erraza denik—.Ez nuke urrunago joan nahi. Hau guztia
haztatzen dudana eta ikusi
nire ondoan, orduz ordu,
errebeldea da eta eutsi egiten dio.
Bere pisu biziaren aldean
arinegiak zaizkit hitzak.
Egilea: Circe Maia.
Jatorrizkoa: Junto a mí (Presencia diaria, 1963).
Eta, hala ere, inguratzen duenaz idaztea «mundu partekatuaz» idaztea izan da Maiarentzat. Hala azaltzen du Obra poética (Obra poetikoa, 2010) antologia lanaren amaierako elkarrizketan: «Uste dut bizitzaren jatorrizko keinua kanporantz irekitzea dela, komunikatzea berori ez den zerbaitekin eta onartzea. Berdin gertatzen da begiradaren jatorrizko keinuarekin: kanpora ateratze bat dago, mundurantz. Poesia, orduan, kanpora eramaten gaituen begirada bat ere bada, zentro intimo batetik irradiatzeari utzi gabe».
Soseguaren ziria
Montevideon jaio bazen ere, batez ere Tacuarembo izan da poetaren hiria. Urtebete zuela hara lekualdatu zen familia, eta Maiak 7 urte zituen arte bizi izan ziren bertan, harik eta ostera Montevideora itzuli ziren arte. 18 urterekin Ariel Ferreira ezagutu, 25 urterekin harekin ezkondu, eta 30ekin, eta ordurako bi alaba zituztela, behin betiko itzuli ziren Tacuarembora —osasunez makal samar, han bizi da orain ere poeta—.
Han bizi izan zituzten diktadurako urterik bortitzenak ere. Alabetan zaharrenak lau egun baino ez zituela, militarrak etxera sartu eta atxilo eraman zuten Ferreira, Tupamaroen Nazio Askapenerako Mugimenduko kidea zenez. Bi urte egin zituen preso, eta orduan gertatutako pasarte batek eman zion oinarria Maiari 1987an Un viaje a Salto (Saltorako bidaia bat) prosazko lana idazteko. Uruguaiko diktadura zibiko-militarrean (1973-1985) gertatutako istorioen lekukotza lan bat da, eta ingelesera eta arabierara itzulia izan dute, besteak beste.
Diktadurak, halaber, lanik gabe utzi zuen Maia zenbait urtez. Bigarren Hezkuntzako irakaslea zen, eta lanpostua kendu zioten. Eskola partikularrak ematen hasi zen orduan, etxean bertan, grekoa, ingelesa eta frantsesa irakasten, literatur jardunean jarraitzearekin batera. Aurrez aipatuez gain, beste lau seme-alaba izan zituzten, eta, haietako bat 18 urterekin auto istripuz hil zenean, ezer idatzi ezinda igaro zuen aldi bat Maiak. Destrucciones (Suntsipenak, 1986) argitaratu zuen hurrena, prosan idatzitako poema jarraituz osatutakoa.
Diktadurak lanik gabe utzi zuen Maia. Eskola partikularrak ematen hasi zen orduan, etxean bertan, grekoa, ingelesa eta frantsesa irakasten, literatur jardunean jarraitzearekin batera
Hori barne hartuta, guztira hamar tituluk osatzen dute Maiaren obra poetikoa. Dualidades (Dualtasunak, 2014) da argitaratu duen azken poema liburua, eta 1958tik 2014ra bitarteko haren poema antologia bat plazaratu zuen Pre-Textos argitaletxeak 2018an, Múltiples paseos a un lugar desconocido (Paseo ugari leku arrotz batera) izenpean. Jordi Doce poeta eta ikertzaileak egin zuen aukeraketa, eta hitzaurrean kontatzen du Uruguaiko poesiaren antologia zabal batean ezagutu zuela aurrenekoz Maiaren lana, eta berehala igarri nolako aldea dagoen haren poemen eta inguratzen zutenenen artean: «Nahikoa zen antologia orriztatzen segitzea haren poemak segituan bereizteko: zuriz inguratutako hitzezko irlak, eskultura malgu txikiak, soseguaren ziria sartzen zutenak bertso eta berbazko sasitza handiko liburu batean».
Hark dioenez, modernitatea korronte «oso kargatuekin» lotu ohi da maiz, baina haren ildorik emankorrenetako bat, hain justu, «objektibotasun» berri baten aldarria izan zela defendatzen du Docek, munduarekiko begirada garbi bat, «erretorika fosilduetatik» librea. Hor sartzen dira pultsio geometrikoa eta ekialdeko arte zein poesiaren eragina, Doceren ustez, kondentsaziorako joera, linea garbiak, naturako zeinuen irakurketa findu bat. Eta hor sartzen da, bete-betean, Maiaren poesia, haren iritziz.
Shakespearetik Kavafisera
Juan Maria Bordaberrik ezarritako diktadura atzean uzteaz bat, ostera berreskuratu zuen Maiak irakasle postua hezkuntza publikoan, eta 2001ean erretiroa hartu arte aritu zen horretan. Antzerkizale sutsua izanik, ikaslez osatutako hainbat talde amateur ere sustatu zituen, eta, literatura eta antzerkiaz gain, musika ere zeharkatzen du haren lanak, hainbat izan baitira haren testuak kantu bihurtu dituzten Uruguaiko bakarlari eta taldeak.
Hizkuntzekin izan duen lotura estuaren erakusgarri dira, era berean, Maiak gaztelaniara eramandako autore ezagunak. 1999an beste poeta latinoamerikar batzuekin batera hautatu zuten Shakespeare itzultzeko —Measure for Measure (Neurriari neurriz) egokitu zitzaion hari—, eta ingelesetik William C. Williams, Dylan Thomas, Ezra Pound eta grekotik Yannis Ritsos, Odyseas Elyttis eta Konstantino Kavafis itzuli ditu, besteak beste.
Lan horren guztiaren aitortza gisa, sari ugari eman dizkiote azken hamarkadetan, bai Uruguain eta bai atzerrian. Espainian, esaterako, Poesia Ciudad de Granada-Federico Garcia Lorca Nazioarteko saria eman zioten duela bi urte. Ordurako osasunez justu, ez zen azaldu saria jasotzera, eta, azkenerako, COVID-19ak erretirarazi zuen, duela urte gutxi, idazketatik eta Tacuarembon antzerki taldeak prestatzen aritzetik. Hala amaitzen da haren biografiari dagokion atala poetaren webgunean: «Gaur, 92 urterekin, irakurtzen jarraitzen du, eta tarteka abesten, seme-alabekin, bilobekin eta birbilobekin batera».