Artea

Mende bat berrordenatzea

Garaian garaiko molde eta kezkei adi osatu du ehun urteko zeharkaldia euskal arteak. Haren garapena bada, beraz, gizartearen garapenaren isla ere. Antonio Gezalarekin hasi eta Itziar Okarizekin buka, Peio Agirrek gidatuta ibili du mendea BERRIAk.

'100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea' erakusketa Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
'100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea' erakusketa Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

«Lehenik arte modernoaren hastapenak, ondoren arte abangoardien lehen zantzuak (-ismoak), eta, azkenik gaur egungo arte garaikidea». San Telmo museoko eta Gordailuko obrak oinarri hartuta, euskal arteak azken mendean izan duen garapenaren sintesi bat eskaini du Peio Agirre komisarioak Donostiako museoan. Aurrez han zegoen euskal artearen aretoa berrordenatu du horretarako, eta hiru urrats horiekin azaldu azken mende betea. Historiaren linealtasunari bainoago artelanen arteko elkarrizketari erreparatuz egin du hautaketa, eta 100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea izendatu du emaitza —bi urtez izango da ikusgai—. Euskal artearen ehun urteko zeharkaldia 11 obraren bitartez berregin du BERRIArekin.

1920. Asun Asartaren erretratua, Antonio Gezala

Antonio Gezalaren 'Asun Asartaren erretratua' (1920). JUANTXO EGAÑA
Antonio Gezalaren 'Asun Asartaren erretratua' (1920). JUANTXO EGAÑA

Antonio Gezalaren (Bilbo, 1889-1956) margolan batekin hasi du errepasoa Agirrek. Erakusketan jarri duen margolanik zaharrenarekin, hain justu. Ehun urte atzera, 1924 aldera, Europako abangoardiei buruzko berriak noranahi hedatzen hasi ziren aldi berean sortu zen «euskal artea» definitzeko premia. Pintura kostunbrista izanda ere nagusi —erromeriak eta euskal motiboen errepresentazioak—, zenbait margolari euren lanetan alderdi berritzaileak txertatzen hasi ziren apurka. Dandismoarekiko eta bizitza sozialarekiko zaletasuna islatu zituzten modernitatearen lehen zantzu gisa, eta Agirrek egile aurrendari horien artekotzat dauka Gezala. «Abangoardista oso ona izan zen, euskal testuinguruan egon diren artista moderno aitzindarietako bat». Asun Asarta artista nafarrari margotutako erretratua hautatu du, orduko Bilboko arte eszenako bohème giroa iradokitzen duena. «Gustatzen zait, fribolitate puntu bat du eta. Asartak 15-16 urte zituen, oso artista gaztea zen, eta Gezalak ez zuen femme fatale edo Lolita baten pare margotu, nolabaiteko karikatura baten gisan baizik. Musu gorriak, aurpegi erdi deformatua, dandismo ukitua… dezenteko pop kutsua du sasoi hartarako».

1935. Izenbururik gabe, Nikolas Lekuona

Nikolas Lekuonaren fotomuntaketa bat, 1935ekoa. JUANTXO EGAÑA
Nikolas Lekuonaren fotomuntaketa bat, 1935ekoa. JUANTXO EGAÑA

«Artista burutu gabea» izan zen Nikolas Lekuona, Agirrerentzat. Harena da Agirrek BERRIAri proposatutako ibilbideko bigarren lana. 1913an jaio zen, Ordizian (Gipuzkoa), eta 22 urte baino ez zituela hil zen, 1936ko gerran. Jorge Oteizaren eta Narkis Balenziagaren lagun mina izan zen, eta, haiekin batera, «estreinako euskal abangoardistetako bat». Haren fotomuntaketak zaizkio bereziki aipagarri komisarioari. Fotomuntaketa eta collagea modernitatearen bi forma oso garrantzitsu izan ziren, publizitateari eta propagandari lotuak, baina baita «eskura dagoen horren tasunari» ere, eta hura izan zen Euskal Herrian teknika hori jorratu zuen lehena. Europako gerra arteko garaian —Bauhaus Alemanian, futurismoa Italian…—, artista askok erabili zuten —«aldizkarietatik irudiak moztu eta konstelazio berriak eraiki zituzten»—, eta garai berean landu zituen bereak Lekuonak ere, hamar-hamabost bat denera. Eta, kasu honetan, katalogoan idatzita dator Agirreren gogoeta:  «Sinkronia hori tarteko, konbentzitu gaitezke egiazki modernoak izan ginela behingoagatik gutxienez».

«Askotan badirudi arte modernoan beti berandu ibili garela, frankismoa dela eta, baina gerra aurretik oso garai politean geunden, batez ere Donostia inguruan», gogorarazi du. Lekuonarengana itzulita, ziur da gerrak eten egin zuela «potentzialitate handia» zuen artista baten bidea: «Oso narratiboa zen, identitatea jorratu zuen… euskal Buñuel bat izan zitekeen, ukitu ez-formalista batekin».

1943. Damak, Mari Paz Jimenez

Maria Paz Jimenezen 'Damas' (1943). JUANTXO EGAÑA
Maria Paz Jimenezen 'Damak' (1943). JUANTXO EGAÑA

Gerrak eten zuen abangoardia Gaur taldearen bitartez piztuko zen berriro 30 urte geroago, baina, bien bitartean, lanean aritu ziren hainbat artista, eta azken urteetan horien artetik indarra hartu duten izenetako bat da Maria Paz Jimenezena (Valladolid, Espainia, 1906 - Donostia, 1975). Pintura figuratiboan hasi zuen bidea, baina abstrakziorantz egin zuen gero, subjektibotasun «erradikal» batean sakondu zuen, eta aitzindari bihurtu zuen horrek, Agirreren arabera. «Txillida, Balerdi, Basterretxea, Arias, Zumeta… horiek guztiak gazteagoak ziren, baina Maria Paz Jimenez Oteizaren belaunaldikoa zen. Bai Euskal Herrian eta bai Latinoamerikan egin zuen bere ibilbidea, eta gaur egun gehienbat feminismoaren arloan ari da haren figura aldarrikatzen».  

Eta Damak margolana, zergatik? «Oso berezia delako», Agirrek. «Zapaburu moduko batzuk agertzen dira, baina ez dakizu garbi zer diren, misterioa dago… Erakusketan dauden bere beste bi lanen aldean, sentsibilitate handi bat agertzen du, bestelakoa». Otsailean, hain justu, haren lanari eskainitako atzera begirakoa aurkeztuko dute Haizea Barcenillak eta Ane Lekuonak Donostiako Kutxa Kubo aretoan.

1959. Pasaiako fabrika, Jose Grazenea

Jose Grazenearen 'Pasaiako fabrika' (1959). JUANTXO EGAÑA
Jose Grazenearen 'Pasaiako fabrika' (1959). JUANTXO EGAÑA

Mende erdira helduta, Jose Grazenea hautatu du Agirrek. 1927an jaio zen artista, Irunen, eta 2021ean hil, Hondarribian (Gipuzkoa). «Ez hain ezaguna baina aldarrikatu beharrekoa» da, Agirreren ustetan. Daniel Vazquez Diaz margolariaren eskolak hartu zituen, zeinak Madrildik Pariserako bidean egonaldiak egin zituen Bidaso inguruan, eta, hari ikasita, errealismoa eta kubismoa nahastu zituen Grazeneak. 1959ko Pasaiako fabrika Gonzalo Txillidaren beste margolan baten ondoan jarri du Agirrek erakusketan, tankerakotzat baitauka formalki, baina kolorez guztiz bestelakoa da. Izan ere, Grazenearen margolanak dituen tonuak zaizkio interesgarri Agirreri. «Oso paleta murriztua du: berdeak, urdinak, magentak erabiltzen ditu orduko Pasaiako badiari ukitu industriala emateko. Erakusten du diktadura garaiko euskal artean bazeudela halako margoak jorratzen zituzten artistak ere».

1960-1970. Boterearen indarkeriak eragindako migrazioa, Agustin Ibarrola

Agustin Ibarrolaren 'Boterearen indarkeriak eragindako emigrazioa' (1960-1970). JUANTXO EGAÑA
Agustin Ibarrolaren 'Boterearen indarkeriak eragindako migrazioa' (1960-1970). JUANTXO EGAÑA

Urte erabakigarriak izan ziren 1960koak euskal artearen garapenarentzat. Bereziki lan egin zen herri kulturaren eta tradizioaren formak bilduko zituen pizkunde kultural moderno baten alde, eta Gaur taldeko kideak nabarmendu ziren horretan. Agirre: «Dudarik ez: euskal artearen garaikidetasun baieztapen biribiletan biribilena 1966an aldarrikatu zen, Euskal Eskolaren manifestuan. Kolektibo horrek —aski laudatua eta kanonizatua izan denak— bi aro guztiz kontrajarri uztartu zituen: iraganera begiratzen zuen garai bat eta etorkizunerantz zabaltzen zen beste bat».

Garai hartako beste artista batzuk ere aipagarri zaizkio Agirreri, ordea: Agustin Ibarrola, kasurako (Bilbo, 1930 - Galdakao, Bizkaia, 2023). San Telmo museoak berriki eskuratutako haren sei xilografia sartu ditu komisarioak aretoan, hiruko bi ilaratan. «Denak dira oso politak, eta seiek batera talde oso ederra osatzen dute».  Edertasuna alde batera utzita, gogoko du lan mundua eta klase auzia ekartzen duelako hizpidera. Edozein hauta zezakeela dio, baina Boterearen indarkeriak eragindako migrazioa hautatu du zehazki. «Euskal Herria industrializazio oso indartsu bat bizitzen ari zeneko dokumentu bat da. Aukeratutako artelana emigrazioaz ari da, eta berdin interpreta daiteke hemengo lantegietara etorri ziren langileen eta emigratu behar izan zuten euskaldunen errealitatetik abiatuta. Gaia gaur egungoa ere bada, bete-betean».

1975. Autorretratu etena, Marta Cardenas

Marta Cardenasen 'Autoerretratu etena' (1975). JUANTXO EGAÑA
Marta Cardenasen 'Autorretratu etena' (1975). JUANTXO EGAÑA

Hurrengo artista: Marta Cardenas (Donostia, 1944). Naturari lotutako abstrakziorantz egin aurretik, «espazioen isiltasuna, objektuen geldotasuna, oharkabeko gauzen umiltasuna eta izatearen bakardade arina» islatu zituen hainbat margolanetan, maiz bi-hiru kolore soilekin eta ukitu metafisiko batekin. Bere buruari egindako erretratuak eta etxe barrualdeen eta artista estudioen unibertsoak ere margotu zituen sasoi bertsuan, eta formalki nola egina dagoen eta edukiz zer iradokitzen dion, Agirrek biengatik du gustuko haren Autorretratu etena. Aurpegia ezkutatzen duen norbait ageri da koadroan, eta emakume artisten ikusezintasunaren alegoriatzat har daitekeelakoan dago: «Uste dut San Telmok bere bilduman dituen artelanen artean onenetako bat dela hau».

1987. Spain Loves You, Isabel Herguera

Isabel Huergeraren 'Spain Loves You' (1987). JUANTXO EGAÑA
Isabel Hergueraren 'Spain Loves You' (1987). JUANTXO EGAÑA

Agirrek berrordenatu aurretik, 1980ko hamarkadan amaitzen zen San Telmoko euskal artearen aretoa, eta ordutik gaur arteko artisten lana txertatzea izan da orain berrikuntza nagusietako bat. Ibilbide berriko «pieza berezietako bat» Isabel Hergueraren (Donostia, 1961) Spain Loves You da, haren iritziz: artista eta zinemagilearen aurreneko animaziozko filma. Familiako argazki batzuk eta frankismoko hainbat motibo politiko ageri dira irudietan, eta diktadurapeko garai baten —Hergueraren anaiak jaio zirenetik diktadorea hil zen urtera artekoa— berrinterpretazio ironiko bat proposatzen du. «Erretratu dibertigarri bat da, halako fanfarria pop bat». Filma laburra da, baina hura egiteko baliatutako materiala ere ikusgai jarri dute, eta animazio lanaren «oparotasuna» azpimarratu du komisarioak.

1993. Izenbururik gabe (Red I), Miren Arenzana

Miren Arenzanaren 'Izenbururik gabe (Red I)' (1993). JUANTXO EGAÑA
Miren Arenzanaren 'Izenbururik gabe (Red I)' (1993). JUANTXO EGAÑA

80ko hamarraldian Euskal Eskultura Berria deritzon mugimendua agertu zen, zeinak «tradizio bihurtutako eskulturaren sinbolismoa eta esentzialismoa ukatu eta modernitatea kritikatu» zuen. Haien segidan heldutako artistek, halaber, XX. mendearen amaierako mintzaira eskultorikoak berritu zituzten, hala nola Miren Arenzanak (Bilbo, 1965). Agirre: «90eko urteetan belaunaldi berri bat nabarmendu zen, batez ere emakumeena, eskultura landu zuena baina baita diseinua ere, eguneroko objektuekiko harremana aztertuz». Arenzana da horren erakusgarri, Agirrerentzat, eta adierazi du «haize freskoa» ekarri zuela orduko eskulturara: diziplina horri lotutako materialak berritu, eta genero ikuspegia eta «ironia postmoderno sotil bat» txertatu zituelako. Aretoko leku mugengatik, museoko dorrearen eskaileran kokatu du Izenbururik gabe (Red I). «Oso gaztea zela egin zuen pieza hau, minimalismotik abiatuta: brikolajetik diseinu mundura doan pieza bat da. Material ahulak eta material industrialak uztartzen dituena. 30 urte ditu, baina oso berria da». Artelekuk euskal artista askoren garapenean izan duen pisua ere nabarmentzen hasten da hamarkada horretatik aurrera.

2003. Kolpez kolpe, Iñaki Garmendia

Iñaki Garmendiaren 'Kolpez Kolpe' (2003) —eskuinetik hasita lehena—. JUANTXO EGAÑA
Iñaki Garmendiaren 'Kolpez kolpe' (2003) —eskuinetik hasita lehena—. JUANTXO EGAÑA

Iñaki Garmendia (Ordizia, Gipuzkoa, 1972) da Artelekutik igarotako artista horietako bat. Eskulturan ere nabarmendu den arren, batik bat bideoak egin zituen bere ibilbidearen hasieran, eta ordukoa da Kolpez kolpe izendatu zuena. Taipeiko Biurtekoan artelan bat egiteko gonbidapena jaso zuenean, Kortaturen eta Zaramaren abesti batzuk aukeratu eta hango hardcore talde bati igorri zizkion, haien hizkuntzara itzuli eta kantuen bertsioak egin zitzaten. Inaugurazio egunean, performance modura, taldeak kantuak jo zituen, eta Garmendiak, berriz, ekintza grabatu. Agirre: «Artelanak, batez ere, globalizazioari buruz hitz egiten du; lokalaren eta globalaren eta partikularraren eta unibertsalaren arteko erlazioei buruz. Ariketa interesgarria da: hartu hemengo hizkuntza eta politikoki indar handia duen mugimendu bat, Euskal Rock Erradikalarena, eta eman antzeko musika egiten duen talde bati. Identitate partikularrak mundu globalean nola ikusten diren, horren inguruko erlazio asko jorratzen ditu lan honek».

2017. Tregoa, Idoia Monton

Idoia Montonen 'La tregua' (2017). JUANTXO EGAÑA
Idoia Montonen 'Tregoa' (2017). JUANTXO EGAÑA

Aurtengo Gure Artea saridunetako bat izan da Idoia Monton (Donostia, 1969). Artelekurekin lotura estua izan zuen hark ere. Eskultura lantzen hasi zen, baina pinturara igaro zen gero. Eta, Agirreren esanetan, bidea «merkatutik nahiko kanpo» egin badu ere, eragin «handia» izan du artista gazteagoengan. Indarkeriarena gaia agertzen da bere hainbat lanetan, eta horren erakusgarri da Tregoa margolana ere. «Paisaia gerraren testuinguruari dagokio: gaur-gaurkoa da, izugarria». Velazquezen Bredako errenditzea (1635) margolanaren bertsio bat da, «azpimunduko izakien armada bat» erakusten duena. Agirre: «Narratiboa da, oso subjektiboa, onirikoa baina ez surrealista... deskribatzen zaila zait haren lana, baina, berez, euskal artearen tradizio batean sar dezakegu, Bixente Ameztoirekin lotu, Juan Luis Goenagarekin, Rosa Valverderekin... Figuraziotik abiatuta, mundu pertsonalak jorratzen dituzte artista horiek».

Artistak komisarioari duela gutxi kontatu zioenez, margolanak eszena ezkutu bat gordetzen du erdian, non izaki batzuek belarra hazten duten, koadroaren giro orokorrarekin kontrastean.

2020. Las estatuas (armadura de San Telmo), Itziar Okariz

Itziar Okarizen ‘Las estatuas (armadura de San Telmo)’ (2020). JUANTXO EGAÑA
Itziar Okarizen ‘Las estatuas (armadura de San Telmo)’ (2020). JUANTXO EGAÑA

Ibilbidea 80ko hamarraldian hasi eta lanean segitzen duten artista ezagunenetako bat da Itziar Okariz (Donostia, 1965), performanceari eta arte ekintzari lotutakoa. Agirrek hautatutako lanean, San Telmoko burdin jantzi bati hizketan ageri da artista, eta hainbat lekutan egina du ekintza bera —Arantzazuko basilikako dorrearen aurrean, eta jendez beteriko New Yorkeko museo batean, kasurako—. Ariketa berbera da beti: objektu bizigabe batekin parez pare jarri eta hari ahapeka hitz egiten dio artistak. «Gorputzaren eta hizkuntzaren artean sortzen den harreman intimo eta berezi hori nola agerrarazten duen, hori da garrantzitsua, eta ez artistak zer dioen». Feminismoak zeharkatutako jarduna izan da hasieratik Okarizena, eta, hark arte praktikan gaur egun duen pisua dela medio, ez da kasualitatea Agirrek harekin amaitu izana ehun urteko euskal artearen zeharkaldia ere, Esther Ferrerren eta Azucena Vieitesen izenak ere inguruan utzita, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.