Jule Goikoetxea: «Akademiarekin baino gehiago identifikatzen naiz sorkuntzarekin»
Poesia eta saiakera lanak plazaratu ditu aurrez, eta lehen nobelarekin heldu da aurten azokara Jule Goikoetxea (Donostia, 1981): Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin (Susa).
2014ko Tractatus-en ostean oso lan ezberdinak atera dituzu. Formak eramaten zaitu edukia bilatzera, edo lehenengo edukia bilatzen duzu, eta gero forma?
Lan egitean edo sortzean nik ez ditut forma eta edukia separatzen hasieran. Behin materia daukadanean —ez dakit zenbat poema edo ez dakit zenbat orrialde—, liburu bilakatu behar dudanez, orduan hasten naiz forman pentsatzen, irakurlea buruan dudanean. Baina postsorkuntza izaten da.
Askotan esaten zaigu kulturgileoi kultura dela arma bat gizartean iraultza txikiak egiteko edo. Uler daiteke kultura egitea konpromiso politikorik gabe?
Badago jende asko, egia esan, kultura egiten duena konpromiso politikorik gabe, baina nik sekula ez, oso-oso politikoa naizelako. Eta uste dut kulturgintzan dabiltzanak, nahiz eta politikarekin konprometituta ez egon, politika egiten ari direla. Egiten duena egiten duela, gizakiak beti egiten du politika, kontua da identifikatzea edo ez. Niretzat helburuak beti oso politikoak direnez eta gizartea eraldatzearekin erlazioa dutenez, beti doa sorkuntza prozesuarekin bat. Niretzat, sortzen dugun guztiak balio behar dio norbaiti, eta, beraz, beti-beti izango da politikoa.
jule goikoetxearen proposamenak
'Hetero'. Uxue Alberdi (Susa).
'Erro' La Furia eta Odei (Ultra diskotik, Baga-Biga).
Zure azken lana iruditzen zait beste modu batean dagoela idatzita, umore eta ironia handiarekin. Zer dakar horrek?
Ni ezin naiz bizi umorerik gabe, hain zuzen, ezin dudalako pentsatu ironiarik gabe. Nire pentsamenduaren parterik handiena ironiaz egiten da, eta ez nahita. Zer gertatzen da? Zientzian ez digutela uzten umorea egiten, ia-ia debekatuta dago. Horregatik beti sentitu naiz identifikatuago sorkuntzarekin, akademiarekin baino. Gizakia baldin badago, umorea egongo da beti.
Badago Angela Davisen zerbait azken liburuan sartu ez duzuna, pentsatu zenuelako hori ezin zenuela kontatu?
Egia da gauza batzuk ez ditudala sartu, baina ez autozentsuragatik. Adibidez, eduki genuen elkarrizketa bat [Gayatri Chakravorty] Spivak filosofoari buruz; berak hitz egiten du esentzialismo estrategikoaz, alegia, nola erabiltzen ditugun identitateak —emakume, gizon, euskaldun...—, eta nola behar ditugun estrategiko erabiltzeko, hain zuzen identitate horiek eraldatu edo apurtzeko. Hori, adibidez, ez dut sartu, traba egiten zuelako, fikzioak bere logikak dauzkalako. Orduan, bai, zenbait gauzatxo kanpoan utzi ditut, baina polemikoenak hor daude [barreak].
Mikel Ibarguren: «Jendearengana iritsiz gero, bikain, baina hori gero dator»
Aktore eta zinemagile lanetan aritzen da Mikel Ibarguren (Zestoa, Gipuzkoa, 1995). Negu hurbilak (2023) filmaren egileetako bat da, beste hiru kiderekin batera; Irudienean aurkeztu dute, baina azken orduko osasun arazoak tarteko, ezin izan da azokara bertaratu Ibarguren —telefonoz izan da elkarrizketa gurutzatua—.
Pila bat gustatu zait Negu hurbilak. Ze bi mezu-edo zenituzten filma egitean?
Euskal Herriko gatazkaren inguruan azkenaldian irteten ari ziren produktu mingarriak ikusten ari ginen, onen eta txarren errelatoekin, kanpotik ekartzen zituzten makineria handiekin... Eta gu beste gazte belaunaldi batekoak izanda ere, iruditzen zitzaigun bazegoela hutsune handi bat. Era berean, iruditzen zitzaigun iheslariaren figura oso gutxi esplotatuta zegoela, eta esplotatzen zenean epikarekin eta akziozko gauzekin lotzen zela. Horri buelta bat eman nahi genion, eta gure ikuspuntutik kontatu.
Prozesuko ze parte izan zen barregarriena?
Ze ona galdera [barreak]. Ba, igual, ikustea filmatzen egon ginen herrietako jendeak ez zuela benetan ikusten pelikula bat egingo genuenik. Uste dut ez zutela sinistu pelikula ikusi zuten arte. Inozentzia horrek eta haien lan egiteko moduak uste dut eman zigula ondo pasatze hori.
MIKEL IBARGURENEN PROPOSAMENAK
'Biziei ere omen'. Munduko Poesia Kaierak (Susa).
'Ez da besterik'. Marte Lasarte (Balaunka).
Orain Formolen Album. Batetik, nahi dut hiru hitzetan laburtzea obra, eta bestetik esatea prozesua nolakoa izan zen.
Hiru hitz...
Hitz bakarra esan behar nizun hasieran, baina hobe marjina eman...
Ba, igual kutrea da, baina: «ederra». Eta prozesua nik beti konparatzen dut Negu hurbilak-enarekin. Egun batean batu ginelako Intza [Alkain], Edurne [Azkarate] eta hirurok hausnartzeko euskal antzerkiari buruz, gazte belaunaldi berriek ez genuela lekurik, nahi genuela beste sorkuntza mota bat egin, zer kontatu nahi genuen bilatu... eta toki horretatik abiatzen zarenean, badaude garantia batzuk, behintzat, zure prozesua polita izango dela. Jendearengana iristen bada bikain, baina hori gero dator.
Iristen da, bai. Urtea amaitzear gaude, zein izan da aurten zure momenturik onena?
Ba ez dakit. Azkenaldian familiarekin oso gutxi egoten naiz, eta aurrekoan egon ginen lasai, denboraz, aspaldiko partez denok hitz egiten... horrelako zerbait, igual.