Eneritz Furyak (2017) eta Emadan (2021) lanen ondoren, hhh izeneko hirugarren disko luzea eman berri du Eneritz Furyak musikariak(Irun, Gipuzkoa, 1993). Musika elektronikoaren aukeretan sakondu du, eta aurreko lanean sentitutako «kartzelatik» libratzea bilatu. Bederatzi kantuk osatzen dute lana —CD eta binilo formatuan kaleratu du—, eta bidelagun izan ditu Fer Apoa (Azkenagaina kantua), Hatxe (Begiztan), Oriol Flores Arisa (ekoizpena), Mono Irazi (nahasketak) eta Norman Nitzsche (masterizazioa). Azala, berriz, Aidan Herman artistak egin dio: «Bardeako testura mapa bat da».
Diskoa norabide jakin batean lantzen saiatu zara, ala sortuz joan dira kantuak?
Esango nuke intuitu daitekeela gehiago dela kantu sorta bat, disko baten bilaketa baino. Emadan oso lan konpaktua izan zen, oso kontzeptuala; sonoritatearen eta gaien aldetik, kantu luze bat zen ia. Horren ondoren, beste gauza batzuk sortzen hasi nintzen, nahiko modu intuitiboan, kantuen oinarriak pianoarekin edo ahotsarekin sortzen baina jakinda gero beste norabide bat emango niela, batez ere deskubritu ondoren Emadan oso gauza intentsoa izan zela. Gitarra akustikoarekin nengoen, eta sinte-ak ere zuzenean joz pedalen bidez. Teknikoki eta emozionalki, bazen halako zurrunbilo bat, batzuetan gozagarria, baina aurre egiteko zaila. Horretatik askatu nahi nuen apur bat.
Emadan-en ere hurbildu zinen musika elektronikora, baina harago jo duzu hemen.
Bai. Oraingoan, saltoa izan da gitarra kentzea eta kantuak erabat elektronikoak egitea. Musika elektronikoa esaten dudanean, gauza oso zabala da niretzat: ez naiz lotzen genero jakin batera. Denetarik du diskoak, badu kutsu elektroniko klasikoago bat, baditu gauza esperimentalagoak, eta, era berean, badago kantu bat piano hutsarekin... Alde horretatik, agian ez da hain-hain borobila, baina beste pauso bat da beste norabide batean.
hhh izena jarri diozu diskoari; modu misteriotsu batean sartzen du horrek entzulea diskoan. Zer dago atzean?
Zelatari kantutik dator. Bada esaldi bat dioena «hego haizearen ahoan», eta badira hiru hatxe hor. Hasieran esaldi horrek eman behar zion izena diskoari, baina gero ikusi nuen agian sobera pisutsua zela, poetikoegia, ez zentzurik onenean. Baina, hala ere, utzi nahi nuen horren zantzuren bat diskoa deskribatzeko. Kontraesan moduko batetik ere abiatu da, ze hego haizean egotea bada gaizki egotearekin gustura egoten zaren une hori deskribatzeko modu bat niretzat. Diskoa ez doa hortik, baina esango nuke badela figura bat pixka bat nerabea, mina erromantizatzearena, eta uste dut diskoko kantu askotan justu kontrakoa egiten dudala, horri kolpe bat eman.
«Ez dakit [diskoa] dantzagarria den zentzurik azalekoenean, baina bai mugitzeko aukera ematen duela, ez bakarrik entzuleari, baita niri ere oholtzan»
Diskora indarrez sartzen da entzulea, erritmo dantzagarriak dituen Hiltzen uztera kantuarekin. Esango zenuke aurreko lanak baino alaiagoa, dantzagarriagoa dela hau?
Intentzionala izan da hori. Emadan-en banuen nik eraikitako kartzelatxo hori, polita, baina kartzelatxoa, eta erritmo horiek sortzea hartatik askatzeko modu bat izan da. Ez dakit dantzagarria den zentzurik azalekoenean, baina bai mugitzeko aukera ematen duela, ez bakarrik entzuleari, baita niri ere oholtzan. Saiatu naiz mezua ez transmititzen intentsitate batzuetatik, baizik beste jolas batzuetatik. Hor sartzen da, agian, musika elektronikoko ohiko generoak ez sartzea. Kantu bat izan daiteke oso synth-popa, beste bat erritmo nahiko afrikarrekoa... badaude elkarrizketak.
Ahotsa beti izan da zure musikari izaera handia eman dion elementu bat. Sentsazioa da apalago landu duzula oraingoan. Hala da?
Bai. Beti izan da nire tresna, onerako eta txarrerako, ze ulertzen dut jende askorentzat bortitza egiten dela. Aurreko diskoan ahalegin bat egin nuen ahotsarekin gauza kontrolatuagoak egiteko; demagun kantu batean ahotsa umeago jarri, lirikoago, punkiago... baina honetan ez. Diskoan sartu diren erritmoei erantzuten dien zerbait egiteko gogoa izan dut hemen. Eta jolas asko dago hala ere, ez bakarrik nire gorputzetik, baita ahotsa bikoiztu edo hirukoiztetik ere, zortzidun bat behera dagoen ahots lodi batekin, bostun bat gora dagoen ahots kasik robotiko batekin...
Beste bi musikariren ahotsak ere badaude: Fer Apoarena Azkenagina kantuan eta Hatxerena Begiztan-en.
Bai. Bi proposamen erabat ezberdin izan dira. Azkenagina oso iluna da, oso esperimentala; eta Begiztan, aldiz, alaia eta jolastia. Esperimentala eta jolastia niretzat askotan batera doaz, baina honetan ez hainbeste. Azkenagina bukatuta neukanean, berehala etorri zitzaidan Fer Apoa gogora. Zaratarekin eta rockarekin lotzen dugu, baina azken urteetan ikusi dugu Onki Xinen ere; gauza pila bat egin ditu, eta asko gustatzen zait letra zuzen eta poetikoak egiteko duen gaitasuna. Aldiz, Begiztan-en intuizioa zen kantua oso inspiratua zegoela Juana Molina edo Cocorosie bezalako erreferentzietan, eta hori Euskal Herrira ekarrita, teatraletik duten guztiarekin, burura etorri zitzaidan izena izan zen Idoiarena [Hernandez]. Letraren zati bat idatzi zuen, baina sinte bat ere sartzen du kantuan, eta hori nire etxeko estudiotxora etorri zenean di-da atera zen. Ez zait gustatzen hitza, baina badu zerbait freskoa.
«Ohartzen naiz badaudela bi gauza oso ohikoak izan direnak [hitzetan] nire ibilbidean: kontraesanaren tematika eta sobera esplizitua ez izateko nahia»
Beste erreferentziarik aipatuko zenuke?
Ba, justu Azkenagina-n badatorkit gogora Lucrecia Dalt, niretzat azken urteetan erreferente handia izan dena. Disko batzuetan, asko erabiltzen du ia-ia spoken word-a den kantatzeko modu bat. Asko esperimentatzen duen artista bat da, baina gero baditu kantuak diren kantuak, eta bi mundu horiek sartzea beti iruditu zait erakargarria.
Zureak dira diskoko letra guztiak. Hitz zuzen eta poetikoak gustatzen zaizkizula aipatu duzu. Horretan saiatu zara?
Ohartzen naiz badaudela bi gauza oso ohikoak izan direnak nire ibilbidean. Bata da kontraesanaren tematika — gauza bat gizakiari oso lotua eta askotan oso epaitua—, eta bestea da beti nahi izan dudala sobera esplizitua ez izan. Lausoagoa izate horrek aukera ematen dit esanahi bikoitzekin jolasteko, entzulea despistatzeko, gaiz aldatzeko kantuaren erdian... eta ez dakit gai naizen beste modu batera egiteko, baina azkenaldian galdetzen diot neure buruari hortik egon daitekeen hurrengo pausoa.
Aurreko diskotik hona, besteak beste, Paisaiak ikus-entzunezko proiektuan eta Bi arnas dokumentalerako musika idazten aritu zara. Izan dute eraginik kantu hauen bilaketan?
Paisaiak-ek ez dut uste hainbeste kutsatu duenik diskoa, baina, adibidez, Hegoa kantuko gitarra elektrikoa Bi arnas-erako egin nuen soinu bandan inspiratuta dago, ia-ia modu akzidentalean. Dokumentalean itsasoa erabiltzen da aitzakia bezala etengabe, eta musikara ekarri nahi izan nuen olatuka etortzen den soinu hori. Proba batzuk egiten ari nintzen gitarraren distortsioarekin, eta topatu nuen modu bat, distortsioaren ostean rever berezi bat eta bolumen pedal bat jarrita, joan-etorriaren sentsazio hori sortzeko. Egia esan, Hegoa-k badu beste mundu bat, oso propioa, eta zalantzak izan nituen sartu edo ez. Zuzenean ez dut joko, baina diskoan azkenean geratu da.
«Zuzenean emateko gozagarria egiten zaidan disko bat da, eta hori sorpresa izan da. Zutik nago, jolasteko aukera ematen dit, eta banuen beharra Emadan-en ondoren»
Zuzenerako ze gogo daukazu?
Zuzenean emateko gozagarria egiten zaidan disko bat da, eta hori sorpresa bat izan da. Zutik nago, jolasteko aukera ematen dit, eta banuen beharra Emadan-en ondoren. Beste gauza bat izango da jendearen erantzuna. Ulertzen dut agian Euskal Herrian ez dela bereziki entzuten den musika mota bat, beste leku batzuetan agian gehiago apreziatu izan da, baina jendea hemen ere etortzen zait hau edo beste gustatu zaiola esatera. Ikusiko dugu. Ez dugu bereziki ezer behartu. Gure ohiko plazetan egoten saiatuko gara, eta gero gerokoak.
Aidan Hermansek egin dizu azalerako irudia. Berezia da.
Bai. Prozesu polita izan da. Diskoaren izena Zelatari kantutik dator, eta horko hego haizea besarkatzen zaituen giro ez epel batekin ere lotzen dut nik, eta hori, nahi gabe, Bardeako iruditegi kontraesankorrarekin. Aidan Italia hegoaldeko egonaldi batean ezagutu nuen Curaçaoko artista bat da. Hango lurretan lan prozesu luze bat egiten ari da bere arbasoen istorioa arakatzeko, eta hor esklabotza eta beste gai oso potente batzuk ateratzen dira. Drone batekin argazkiak ateratzen dizkio lurrari, eta, prozesu digital baten bidez, lurrazal horren testurak bereizten ditu, gero argizariekin berriz paperera eramateko. Lanketa bisual hori hemen egiteko eskatu nion. Ezin izan genuen dronearena egin, baina joan nintzen ni argazkiak ateratzera, eta hortik abiatuta egin zuen berak irudia. Ikusten duguna Bardeako testura mapa bat da.