Ilustratzailea

Maite Gurrutxaga: «Autore modura, esparru bat ireki zaigu ilustratzaileoi»

Hamaika lan aipagarri tarteko, azken urteetan nabarmendu diren ilustratzaileetako bat da Gurrutxaga. Dioenez, berak betitik izan du albumak sortzeko gogoa, eta ofiziokideen artean ere sumatu du formatuarekiko interesa hazten.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea. MAITE GURRUTXAGA
Maite Gurrutxaga ilustratzailea. MAITE GURRUTXAGA
itziar ugarte irizar
2024ko urriaren 20a
05:20
Entzun

Bartzelonatik eta lanpetuta hitz egin du BERRIArekin Maite Gurrutxaga ilustratzaileak (Amezketa, Gipuzkoa, 1983). 2008. urtean hasi zuen ibilbidea, eta ordutik etenik gabe aritu da lanean haur, gazte eta helduentzako liburuetan zein bestelako euskarrietan. «Nire lana irudi bidez kontatzea da», errepikatu du pare batetan, eta lan horrekin aitortza esanguratsua bildu du gaur arte. Azkenetakoen artean, hau: Mikel Gurrutxaga anaiarekin batera egindako Lo mucho que tengo (Degomagom, 2023) albumarekin Miguel Calatayud Villa de Aspe saria irabazi zuen iaz.

«Nik beti izan dut albumak sortzeko gogo handia», aitortu du. Euskarazko esparruan formatuak izan duen bilakaera antzeman du berak ere, eta, dioenez, ilustratzaileen artean ere ikusi du adierazpide hori bereganatzeko interesa zabaldu dela. «Nire ustez, batez ere gertatu dena da, autore modura, esparru bat ireki zaigula ilustratzaileoi. Albumetan irudiak pisu handia du, bai narratiboki eta bai estetikoki, eta horrek ikerketarako toki interesgarri bihurtzen du».

Gurrutxagak propio bilatu izan ditu enkarguz iritsi ez zaizkion albumak. «Autore moduan, enkarguekin batera, beti saiatu izan naiz denbora hartzen nire proiektu pertsonalei heltzeko, eta bekaren bati esker denbora hori hartu ahal izan dudanean, adibidez, ze halako lan bat aurrera ateratzea lan asko da, beti gerturatu izan naiz albumaren mundura». Irudipena du argitaratzen diren album gehienak «egileen gogotik» sortuak izan ohi direla maizago, enkargu bidez sustatutakoak baino. «Agian puntu horretan gaude, baina, ez nago ziur, sentsazio bat da».

«Helduok askotan ahaztu egiten dugu irudia ere irakurtzeko zerbait dela, eta album batek ematen dizu aukera hori»

Album batek eskatzen duen irakurketa motari begira, uste du zenbait aurreiritzi gainditu beharra dagoela. «Badirudi kontsumo azkarreko lanak direla, eta ez da hala. Askotan geruza asko izaten dituzte, behin eta berriz itzultzeko. Aldi batean, detaile batean geratzen zara, hurrengoan beste batean». Irakurlea edozein dela ere, horretan dago albumaren gako bat Gurrutxagarentzat. Umeak direnean, baina, irudiak irakurtzeko «entrenatuago» sumatu izan ditu hark: «Irudiek unibertso bat irekitzen dute, eta haurrak oso eroso daude hor. Helduok askotan ahaztu egiten dugu irudia ere irakurtzeko zerbait dela, eta album batek ematen dizu aukera hori».

Besarkada (Uxue Alberdirekin, Elkar, 2015), Martin (Alaine Agirrerekin, Elkar, 2016) eta Leo Sabanako errege (Mikel Gurrutxagarekin, Elkar, 2019) dira idazleekin elkarlanean ondu dituen zenbait album, eta halakoetan, lau eskutara aritzean, uste du «prozesuak bukaera arte bizirik» mantentzea dela garrantzitsua. «Testuak hitzak galdu behar baditu, eta irudiak erreferentziak galdu bien arteko sinergia emateko, gertatu behar du. Niretzat horiek dira benetan album interesgarriak».

Hitzekin hasi baina bidean guztiak galtzea ere gerta liteke. Hala gertatu zitzaion Gurrutxagari Klak (Elkar, 2022) albumarekin, zeinetan pertsonaia bat ageri den orri mutuetan agertu eta desagertu. «Testua badago, segituan zoaz irudian erreferentzia hori aurkitzera, baina, kasu honetan, hitzik gabekoetan, irudi guztia irekitzen da irakurketara, eta hori asko interesatzen zait». Kontatu duenez, irakurle ugarik «zaila» egin zitzaiela aitortu diote, baina aurkako esperientziak ere bildu ditu: «Jende askok esan dit hasieran gerturatu eta esan zutela 'hau zer?', baina bigarren aukera bat ematean, aurkitu dutela beren interesa non jarri». Hitzik gabeko albumetan «irakurlearen parte hartzeak» egiten duen ezinbesteko lana ere goratu du. Bide horretan segitzen du lanean oraintxe, bigarren album mutua garatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.