Idazlea

Julia Guillamon: «Txikitxoa eta ziztrina den hori interesatzen zait»

Hamaika xomorrori gertu-gertutik begira, bikotekidearen buruko isuri batek piztutako oroitzapen jario bati eta egoera berriak ekarritako orain pausatuago bati buruz dihardu idazlearen 'Xomorroak' lanak. Martin Rezolak euskaratu du, Txalapartaren eskutik.

Julia Guillamon idazlea, Donostian. JON URBE / FOKU
Julia Guillamon idazlea, Donostian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2024ko urriaren 6a
05:05
Entzun

 «Liburuan daude protagonista batzuk zeinak ziurtatzen duten gu direla, baina ez dira gu, nola ba». Pausa bat, eta berehala segida. «Ez al da ona? Guztiz da ideia pirandellotarra». Memoria eta fabulazioa, autorea eta pertsonaia, naturaren kontenplazioa eta hiriaren frenetismoa. Edo, zehatzago esatera, xomorroen mundu zabala eta pertsonaien mundu txikia. Hori guztia biltzen du Julia Guillamonen (Bartzelona, 1962) Xomorroak liburuak. Idazlearen bikotekideak buruko isuri bat izan zuen —baita liburuko protagonistarenak ere—, eta hainbestetan joaten ziren baso ingurura joan ezinik utzi zituen horrek. Haren oroiminetik tiraka, hiru udatan banatutako pasarte laburrak idatzi zituen Guillamonek, bakoitzean xomorro bat jarrita orainaren, iraganaren, memoriaren eta itxaropenaren arteko zubi lanetan. Martin Rezolak ekarri du euskarara, eta Txalapartak argitaratu.

Nolatan halako ezagutza xomorroen inguruan?

Gauza asko dakizkit haien inguruan, eta aspaldiko gogoa zen haiei buruzko liburu bat idaztea. Naturaz idazten, berez, La Vanguardia-n hasi nintzen. Aspalditik idazten dut han. Hasi nintzenean, oso gauza arraroa zen, naturari dagozkion gaiak ez baitira inorenak egunkari batean, eta kulturako orrietan ere ez da tokatzen, berez, tximeleta bati buruzko testu bat. Baina narratiboki landuz gero, deskribapen zehatzak eman, beste kontu batzuekin lotu... Bat edo beste egiten hasi nintzen, eta ezustekoa zein izan zen? Jendearen erantzuna oso ona izaten hasi zela.

Liburua, azkenean, mendira joan ezinda geratzetik jaio zen. Xomorroen deskribapen xeheen artean, «Cris bizitzaren eta heriotzaren artean zegoenean, askotan pentsatzen nuen baso honetan» bezalako esaldiak datoz, izpi modura.

Ez soilik udan, ni asteburuero-asteburuero joaten nintzen mendira, eta, bikotekidearen buruko isuria gertatu zenean, hiru urte egon ginen ospitale eta errehabilitazio zentroetan sartuta. Liburuko pasarte batean, protagonistak ospitaleko tabernan daude, tximeleta bat sartzen da leihotik, eta han abiatzen dira atzetik korrika... Benetan hori zen sentsazioa, erabat galdutako mundu baten premia larria.

«Irudipena daukat den-dena modu lineal batean kontatzen dela orain askotan. Bai literaturan eta bai ikus-entzunezkoetan, izugarri sinpletu da dena»

61 pasarte dira, 61 xomorro denera. Zergatik forma labur hori?

Kazetaritzari hain lotuta egonda, mundua zutabe eran ikusten dut askotan. Orain atera berri dudan liburua [El rellotge verd, Anagrama] guztiz kontrakoa da, 300 orrialde dira segidan, inolako etenik gabe. Baina hemen ez, hemen pilula txikiak osatu nituen, eta muntaketa lana egin gero horiekin.

Hain justu, muntaketa lan hori da liburuaren alderik deigarrienetako bat. Lekuen eta garaien arteko joan-etorri bizia dago; apurka lotu behar ditu hariak irakurleak.

Bai, liburuan gusturen utzi nauten gauzetako bat da hori. Arau batzuk jarri nituen; adibidez, pasarte batean protagonista ume garaian agertzen bazen, bere gurasoen ostatuan, hurrengo pasartea ezin zen gertatu ez han ez orduan. Beti dago alternantzia hori: Arbucies, Llança, Bartzelona… Oroimenaren sentsazioa —mundu guztiak oroitzen du jauzika—, eta bariazio bat sortu nahi nituen. Argumentu bat egon arren, muntaketa zinematografikoaren ideiarekin landu nuen liburua. Irudipena daukat den-dena modu lineal batean kontatzen dela orain askotan. Bai literaturan eta bai ikus-entzunezkoetan, izugarri sinpletu da dena.

Gauza askori buruz hitz egiten du pasarte bakoitzak. Calosoma sycophanta kakalardoaren atalean, adibidez, psikodelia, gaztaroa, alabaren haurtzaroa eta abar lotu dituzu. Asoziazio jolas horrekin gozatu zenuen idazketan?

Bai. Hala ere, idazketak fase diferenteak izan zituen. Bartzelonan geratu behar izan genuen lehen abuztuan hasi nintzen. Oso hilabete gogorrak izan ziren; koman lehenengo, errehabilitazioa gero, etxe aldaketa… Etxera itzultzean, bikotekideak eguna ospitalean igarotzen zuen. Nik ez nuen aurrez inoiz abuztu bat Bartzelonan igaro, eta sekulako itolarria sentitu nuen. Orduan hasi nintzen gauzak irudikatzen: «Orain Arbuciesen egongo banintz, arkanbelea agertuko zen unea izango zen», eta hala. Baina hotza heldu eta xomorroen garaia amaitu zenean, lehen aldiz, ez zitzaidan ezer okurritzen. Bigarren udan aipatutako arauak jarri nituen, berriz ez gertatzeko. Larritasunaren barruan, dena joan zen nahiko ondo, eta, horregatik, bigarren uda sinpatikoagoa da. Hirugarrena, aldiz, naturalean idatzita egongo balitz bezala da, zoriaren menpe.

«Intsektuen mundua oso esker onekoa da; zoom egin dezakezu, eta hori idazteko oso dibertigarria da. Saiatzea modu ebokatibo baten deskribatzen nola pausatzen den liztor bat putzu batean»

Une batean, xomorroak gizakiak direla aitortzen du narratzaileak.

Bai. Hasieran xomorroak protagonistagoak dira, bigarren eta hirugarren ataletan ez hainbeste. Semea hil zitzaion gizonaren testuan, adibidez. Euria egin du, eta deskribatzen da semea hil zitzaion gizon baten indiferentzia, hura gertatu eta 30 urtera. Puska horretan aipatzen den intsektua udako lehen euriek eraman dutena da, eta hor korrelato objektibo bat gertatzen da. Aparte, intsektuen mundua oso esker onekoa da; zoom egin dezakezu, eta hori idazteko oso dibertigarria da. Saiatzea modu ebokatibo baten deskribatzen nola pausatzen den liztor bat putzu batean.

Liburua ere irakur daiteke naturari beste arreta batekin begiratzeko dei modura. Bat zatoz horrekin?

Biodibertsitatearen galeraren konstatazio bat dago. Zuzenean esan gabe, irakurlea ikusiz doa nola eraldatu den bizitza. Orain, noizean behin, ikus dezakezu tximeletaren bat, baina lehen, mundu tradizionalean, askoz iragazkortasun handiagoa zegoen bizitza urbanoaren —urbanoa, herri baten eskalan— eta landaren artean. Katalunian, laborantzako lurrak gutxitu ahala, ikaragarri ugaritu da basoa; gehiegi dago. Eta horrek, jakina, biodibertsitatearen beherakada ikaragarria ekarri du.

«Bi gauza gorroto ditut: nostalgia eta polit idaztea. Naturari buruzko literatura asko dago sublimeranzko joera duena. Baina nire idazteko era antisublimea da»

«Bizi garen mundu azeleratutik ihes egiteko opari bat, hain ederki idatzia, xomorroak ere polit agertzen baititu», dio kontrazalak. Ongi idaztea zer litzateke zuretzat?

Bi gauza gorroto ditut: nostalgia eta polit idaztea. Naturari buruzko literatura asko dago sublimeranzko joera duena; baso handiak, zuhaitz handiak, fenomeno naturalak… Baina nire idazteko era antisublimea da. Apur bat frantziskotarra naiz horretan; txikitxoa eta ziztrina den hori interesatzen zait. Hemen ez dago zuhaitz monumentalik, baina landare ziztrintxo guztiak agertzen dira.

Eta nostalgia?

Ez dut ulertzen iragana nostalgiarekin berdintzeko joera. Iragandako gauzen inguruan hitz egiten baduzu, nostalgiaz hitz egiten dizute, eta barkatu baina ez, nik ez dut iraganarekiko inolako nostalgiarik. Orain dela hogei urte baino askoz zoriontsuagoa naiz orain.

Liburu berrian, hain justu, 80ko hamarkadara itzuli zara, ez?

Bai. Erlojuaren pila aldatzera joan nintzen, eta etxean nituen zaharragoekin probatzea otu zitzaidan. 1980ko hamarkadan erabiltzen nuen bat eraman nuen pakistandar batera, ez zen martxan jarri, baina tipoak esan zidan: «ez arduratu, makina magikoan jarriko dugu». Hartu zuen aparatu magnetiko bat, eta orratzak bueltaka hasi ziren. Bat-batean nire 80ko erlojua berriz martxan! Ostia! Bartzelonaren eraldaketa, gaueko bizitza, idazle formakuntza... memoria faltsu batzuk dira. Ni literatur mundu oso esperimental batetik nentorren, non denak izan behar zuen oso intelektuala, konplikatua, baina 1980ko urteetan hori erabat aldatu zen. Jendea oso lau idazten hasi zen, eta niri ez zitzaidan gustatzen. Nik Godard izan nahi nuen! Bi mundu horien arteko barne borroka hori ere kontatzen da. Nortasun literario baten nolabaiteko eraikuntza. Ze iristen da une bat zeinetan esaten duzun: «Ez bazara azaltzen, jendeak ez zaitu segitzen, eta ez zaitu irakurtzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.