Artea

Keixeta, denboraren pausa azalean

'Azalaren mamia' erakusketa ikusgai du egunotan Txiki Agirre 'Keixeta' artistak Zumaiako Oxford aretoan. Azken udatik hona egindako margolanak eta eskulturak bildu ditu, aretoaren arabera landutakoak. Adierazi du obra bisitariak bukatu ohi duela «beti».

Keixetaren zenbait lan 'Azalaren mamia' erakusketan, Zumaiako Oxford aretoan. JON URBE / FOKU
Keixetaren zenbait lan 'Azalaren mamia' erakusketan, Zumaiako Oxford aretoan. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Zumaia
2024ko abuztuaren 28a
05:20
Entzun

Ez daki esaten zer datorren lehenago, pintura ala eskultura. Denbora batetik hona, estudioan lanean dabilela, biak aldi berean lantzen joaten baita Txiki Agirre Keixeta (Arroa, Zestoa, Gipuzkoa, 1963). «Bai eskultura eta bai pintura, biak besarkatuta doaz», haren hitzetan esanda. «Margotzen ditudan koadroak ez dira figuratiboak, baina zerikusi handia dute eskulturekin. Egiten ditudan eskulturak batzuetan pintura bihurtzen dira, eta alderantziz». Bai batzuk eta bai besteak Azalaren mamia izenpean bildu ditu orain Zumaiako (Gipuzkoa) Oxford aretoan ireki duen erakusketan: azken urteko lanaren erakusleiho bat da, baina aretoaren ezaugarrien arabera pentsatu ditu pieza guztiak. «Espazioak berak eskatu dizkit neurri eta portaera batzuk. Erakutsitako lan bakoitza independentea da, baina tokira egokituta daudenez, era berean, guztiek obra bat egiten dute». Irailaren 8ra bitarte bisitatu ahalko da.

Aretora sartu eta pare-parean, margolan handien seikote bat jarri du artistak; eta gisako beste lau koadro handi eskuineko horman. Lan txikiago batzuk ere badiren arren hormetan, «paretetan koadroak dira protagonistak». Gainazal ugariren elkarketa bat iradokitzen dute, eta hori zuzenean lotzen da artistak erakusketari eman dion izenarekin. Hala azaldu du: «Pinturan beti saiatzen naiz margotzen dudan objektu, eskultura edo bolumen horren azala lantzen. Eta hemen kontzeptualki zera nahi izan dut, denboraren pausa azalean agerrarazi. Batetik, geuregan, gizaki moduan, denborak dakartzan zimurrak, zauriak eta orbainak azalean agertzen dira, eta barruan gertatzen den hori guztia azaleratzen da kanpora; baina margotzen ditudan eskulturetan ere gertatzen da. Hezetasuna dela, eguzkia dela... denboran gertatzen den horrek nortasun bat markatzen die. Horri eman nahi izan diot garrantzia, azalean agertzen den horri. Garrantzia duen horren isla da azala».

Lurrean, berriz, eskulturak dira protagonista. Eta bada bat bereziki nabarmentzen dena: hiru metro inguruko pieza bertikal bat. 2019an, Koldobika Jauregi artista tartean zela, Sormenaren Kabia egonaldian aritu zen lanean Keixeta, Alkizan (Gipuzkoa), eta hango pago motzen interpretazio bat egin zuen zeramikan. Eskultura berria han egindako lanaren «ondorioa eta jarraipena» dela azaldu du. «Naturarekin zerikusia duen elementua da erakusketan».

«Ni ez naiz joaten ezer margotzera. Ez dago gairik. Baina egin eta gero, eta erreferentzia bat bilatuz gero, kostan ditugun harri multzoak ikusten ditut sarritan, gure kostako paisaia»

TXIKI AGIRRE, 'KEIXETA'Artista

Gainontzeko eskulturak ere zeramikazkoak eta portzelanazkoak dira. Artistaren esanetan, lanerako oso gustukoa du eltzegilearen tornua, eta harekin landu ohi diren ontzien forma eta «funtzio tradizionala» hautsi, eta hortik abiatzen da eskulturak lantzeko. «Linealtasuna puskatu eta beste esanahi batekin esperimentatzen dut».

«Emergentziaren» jestua

Formatu txikiagoko beste lan batzuk ere osatzen dute erakusketa. Hiru dimentsioko koadroak dira, eta bi multzotan aurkeztu ditu artistak. «Oso bereziak dira», esan du aretora sartu eta ezkerretara dagoen laukoteari buruz. «Oso teknika berezia da: buztin zatiak zigilatuta daude, ondoren raku teknikarekin egosita, eta erretzen den material batekin ketuta dauzkat gero». Azaldu duenez, prestaketa luzea du, baina gero minutu eta erdi inguruan egin behar da lana, eta azkartasun horretan gertatzen dena interesgarri zaio artistari. «Ez dago aukerarik ez ondo egiteko ez gaizki egiteko. Denbora hain da azkarra, duzun hori bota behar baituzu, eta hor batez ere norberaren jestua ateratzen da. Horrekin asko disfrutatzen dut».

Gisako beste koadroen laukote txiki bat da bigarren multzoa. Kasu horretan, portzelanazkoak dira piezak, eta suarekin erretzen den lapitz bat erabili du artistak trazuak egiteko. «Ez dut esango imitatzea, baina norbere jestua ateratzea lortzen dugunean, oso umetan egiten genituen zentzurik gabeko marrazkietara hurbiltzen gara. Emergentzia horrek materialarekin harreman oso zuzena izatea dakar; eskuaren, buruaren eta materialaren arteko hirukote hori erabat kontzentratuta egotea».

Buztinaz eta portzelanaz gain, burdina ere erabili du zenbait eskulturatan, marra zuzenak markatzeko eta buztina bera bideratzeko.

Kostako paisaiaren azala

Zumaian bertan bizi da Keixeta, baina ez du uste horrek erakusketa berezi egiten duenik. «Nire herrian da, baina beste edozein herritan izan ahalko litzateke», esan du. «Artelanek, nire kasuan behintzat, ez dute kokapen jakinik. Herrian ezagunak gehiago dira, eta harreman estuagoa dago —entzuten ditut komentarioak: 'hau gustuko dut', 'ez dut gustuko', 'ez dut tutik ulertu'...—, baina harremana ez lukete nirekin izan behar, artelanarekin berarekin baizik. Nire lana horretarako da; komunikazio bide bat da, eta askotan esaten dut: obrak ez ditut nik bukatzen, ikusleak bukatzen ditu beti».

Margolanei, ordea, hartzen die bere inguruko paisaiaren trazarik, nahiz eta, dioenez, ez duen inolako asmorik izaten horretarako. «Ni ez naiz joaten ezer margotzera. Ez dago gairik. Baina, egin eta gero, eta erreferentzia bat bilatuz gero, kostan ditugun harri multzoak ikusten ditut sarritan, gure kostako paisaia. Begiratzen diedanean, eta sarritan begiratzen diet, harri horietatik bereziki gustatzen zait azala. Itsasoak, eguzkiak, oholdiak, denborak markatutakoa. Azal horrek esaten du benetan zer bizi izan duen edo ez duen izan».

Astegunetan, 18:30etik 20:30era bitartean bisitatu ahalko da erakusketa. Asteburu eta jaiegunetan, berriz, 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 20:30era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.