Literatura

Elias Canetti, mihia bete-betean aske

Liburu autobiografikoek eta Nobel sariak egin zuten ezagun Elias Canetti. Gaur 30 urte hil zen, eta, egileak berak jarritako epea gaindituta, argitara aterako dira haren artxibo pribatuz betetako 30 bat kaxa.

Elias Canetti idazlea (1905-1994). BERRIA
Elias Canetti idazlea (1905-1994). BERRIA
itziar ugarte irizar
2024ko abuztuaren 14a
05:10
Entzun

«Ezein idatzi ez da aski sekretua, idazten duenak egiatasun osoz adieraz dezan bere burua». Elias Canettik han-hemen idatzita utzi zituen milaka ohar solteetako bat baino ez da, beharbada, baina oihartzun berezia sortzen dute hitzok orain, ohar horietako asko sekretupean gorde zitezen idazleak berak ezarritako epea gainditu berritan. Bere artxibo pertsonalaren zati handi bat bera hil eta hogei urtera zabaltzeko baimena eman zuen idazleak, eta beste zati bat, berriz, 30 igaro arte ez zabaltzeko eskatu zuen; 2024ra arte, alegia. Bete da, bada, epe hori: gaur duela 30 urte hil zen Canetti, 1981ean Literaturako Nobel saria irabazi eta sailkatzen zaila den obra bat osatu zuen idazle bulgariarra, eta «burutugabetzat» hartu izan den haren lanari beste xehetasun batzuk erantsiko zaizkio orain, urtemugarekin bat.

30 kaxa inguru dira. Canettik 1941eko urritik 1986ko abendura bitartean izandako korrespondentzia eta idatzitako egunerokoak biltzen dituzte. Zuricheko liburutegi nagusian egon dira orain arte, Suitzan, eta Sven Hanuschek idazlearen biografoa aritu da horiekin lanean. Hark dagoeneko aurreratu duenez, Canettiren gorabehera pertsonalen inguruko xehetasun ugari bistaratuko dituzte paper horiek, baita idazleak, zenbait pertsona babesteko, bere autobiografiatik ezabatu zituen zenbait pasarte oso ere.

Izan ere, bere liburu autobiografikoengatik ez balitz, Canettiren izenak ez luke ziurrenik gaur duen oihartzunik izango letren esparruan. Hala aitortu zuen Nobel saria hari ematea erabaki zuen epaimahaiak berak ere. Idazleak hiru liburukitan egituratu zuen lan hori: 1977an, 1980an eta 1985ean argitaratu zituen, eta horietan lehena, Mihia aske, Ibon Uribarri Zenekortak ekarri zuen euskarara 2013an, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Haurtzaroko eta batik bat gaztaroko urteak kontatu zituen hartan Canettik. Kritikak harrera oso beroa egin zion hasiera-hasieratik.

Idazlea hil ondoren, Party im Blitz (Festa bonben pean)izeneko laugarren liburu autobiografikoa ere argitaratu zuten 2003an, zeinak idazlearen alde ilunagoak agerrarazi zituen askoren begietara, besteak beste Iris Murdoch idazlearekin izandako harremanari buruz esaten zituenengatik. Hori kontuan hartuta, asko esaten hasiak dira hautsak are gehiago harrotuko dituela publikoari 2024ra arte ez irekitzeko agindu zuen artxibo pertsonala orain argitara ateratzeak.

XX. mendea «lepotik harrapatuta»

Danubio ertzeko Roustchouk portu hirian (Bulgaria) jaio zen Canetti, 1905ean, judu sefardien familia batean. 6 urte zituela, familia Manchesterrera (Ingalaterra) lekualdatu zen, eta, han zirela, aita hil egin zen, ezustean. Arrasto sakona utzi zion gertaera hark idazleari, eta oso gazte piztu zitzaion «heriotzari kontra» egingo zion liburu proiektu baterako ideia. Formatu askotan ekin zion asmo horri (nobela, antzerkia, saiakera, apunte bilduma...), baina, bizitzaren azkenetan onartuko zuenez, azkenean ez zen gai izan hura burutzeko. Gizakiak heriotzarekiko sentiberatasuna galdua zuela pentsatzen zuen idazleak, eta horrek, besteak beste, botere egitura totalitarioei erraztu egiten ziela boterea eskuratzea, Uribarrik Mihia aske lanaren hitzaurrean ere gogorarazten duenez.

Aitaren heriotza goiztiarraren ondorioz, familia Vienara itzuli, eta amak presio handia jarri zuen Canettirengan —hiru anaietan zaharrena zen—; denbora tarte oso laburrean, alemana ikasarazi zion —hizkuntza horretan onduko zuen gero bere obra guztia—, eta baita literaturako klasiko ugari irakurrarazi ere. Viena, Zurich eta Frankfurt (Alemania) artean bizi izan zen urte horietan, eta, gerra arteko Vienan abangoardia giroa puri-purian zela, Karl Krauss ezagutu izanak mugarri bat jarri zuen Canettiren ibilbidean. Nolabait, harengandik jaso zuen bere obra guztiaren oinarrian egon zen «pasio akustikoa»; hots, jendearen arteko elkarrizketei eta gizakiaren komunikazio moduei adi egotean zetzana.

1938an, Kristal hautsien gaua izenez ezagutzen den gau hartan bertan eta naziak iristear zirela, Vienatik ihes egin, eta Londresera joan zen Canetti. Hiru hamarkadaz bizi izan zen han, eta buru-belarri aritu zen bere obrako lan nagusia ontzen, Masse und Macht (Masa eta boterea) izeneko saiakera. Batik bat, nazismoak ekarritako bizipenen eraginpean ekin zion masa mugimenduak aztertzeari, baina denboran askoz atzerago jo beharra zuela ikusi, eta antropologiaren eremutik heldu zion gaiari. 25 urte luzez soil-soilik horretan jardun zuen, kasik muturreko egoera paranoiko batzuk bizitzeraino, eta, egiteko mardul haren kontrastean, milaka eta milaka ohar solte, gogoeta irudimentsu eta aforismo pilatuz joan zen, ondoren argitara ateratzeko apailatuko zituenak. Masse und Macht 1981ean publikatu zuen azkenean, eta askok harriduraz hartu zuten ez Hitler ez nazismo hitzak behin ere ez aipatzea. Eskuizkribuarekin batera argitaletxera bidali zuen mezuan, baina, Canettik aitortu zuen «XX. mendea lepotik harrapatu» zuen sentsazioa zuela.

Publikatu zuen entsegu bakarra izan zen hori, eta eleberrian ere liburu bakarra eman zuen: Die Blendung (1935, Autofede). Izatez, zortzi nobelaz osatutako proiektu zabalago baten lehena zen hura, baina beste zazpiak ez zituen inoiz idatzi. Antzerkia ere publikatu zuen, baina ez ugari, eta, horregatik, «generorik gabeko idazletzat» jo izan da zenbaitetan. «Ireki eta gero bururaino iristen ez diren bideez beteta dago Canettiren obra, eta sakoneko batasun batek lotzen du», Ignacio Echevarria literatur kritikariaren hitzetan.

Obra neurritsu horren atzean, hitzen inguruko ardura oso sakon bat ere antzeman izan dute adituek. Idaztera eraman zuten motiboen artean aipatu izan da hitzei zien errespetua, eta, haren artxibo pertsonalak milaka eta milaka orri hartzen baditu ere, idazle modura sinatu zuena zorrotz neurtu zuen. Nobel saria eman ziotenean ere, ez zuen elkarrizketa bakar bat ere eman.

Eguneroko bat idaztea zera zela esan ohi zuen Canettik: fikziozko ni batekin «aurrez aurreko eta inolako errukirik gabeko elkarrizketa bat» izatea. Hanuscheren arabera, bada, hori berretsiko du argitara aterako diren lerroen «edertasun mikatzak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.