Musikari bat lau kantatan (III)

Aida Torres: orainaren orbitan

Garai bizia da azken boladakoa bateria jotzailearentzat; Magia Brutarekin zuzenekoak egiten ari da han-hemen, eta Jupiter Jonekin kantu berriak sortzen. Azkenaldian buruan bueltaka izan dituen lau kantuen alde egin du, bada. «Bidelaguntzat» dauka musika.

Aida Torres musikaria, Donostiako Le Bukowski tabernaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aida Torres musikaria, Donostiako Le Bukowski tabernaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2024ko abuztuaren 15a
06:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

«Momentu honetan harrapatu nauzu, eta momentu honetan entzuten ari naizen abestiak dira». Orainaren helduleku ziurretik egin du BERRIAk eskatutako lau kantuen aukeraketa Aida Torresek (Aviles, Asturias, Espainia, 1979). «Azken hilabeteetan deigarriak egin zaizkidan abestiak dira», berretsi du hasieratik, «bestela ezinezkoa da». Musikalki, momentu bizia da oraingoa Torresentzat, gainera. Pandemia sasoian —eta amatasuna tarteko— erritmoa apur bat jaitsita ibili ostean, zuzenekoak jotzen eta kantu berriak konposatzen ari baita egun, Magia Bruta eta Jupiter Jon taldeetan, hurrenez hurren. «Poliki-poliki, baina gelditu gabe».

Agertoki gainean, bateriaren aurrean agertu da ia beti Torres, eta, dioenez, ikusi ere, hala ikusten du batez ere bere burua: «Ni bateria jotzaile kontsideratzen naiz. Abestearena gero etorri da, beharragatik. Jupiter Jon sortu genuenean, ez Baxik [Ubeda] ez nik ez genuen abestu nahi; saiatu ginen beste abeslari batekin egiten dena, baina ez zen atera, eta ikusi genuen guk geuk egin beharko genuela». Orain, baina, gustua hartu dio kantuari: «Oso tresna potentea iruditzen zait ahotsa».

13 urte bete arte Eibarren (Gipuzkoa) bizi izan zen, eta txikitan gurasoek Elgoibarren (Gipuzkoa) izan zuten tabernari lotuta gordetzen ditu lehen «oroitzapen musikalak». Zehazki, Bob Marleyren biniloak ditu gogoan. «Egia esan, beti jo izan dut berarengana. Esajeratu nahi gabe, baina uste dut eragin handia izan duela nire musikazaletasunean». Gero, Irunen (Gipuzkoa) igaro zuen nerabezaroa, eta hardcorea gurutzatu zitzaion bete-betean: «Sonic Youth, Nirvana, June of 44, Fugazi...».

Lagun talde oso musikazalea zuen, eta haien gertuan joan zen talde berriak ezagutuz. Ordukotik, baina, batez ere, musika bizitzeko modu bat goraipatu du: «Hasi ginen kontzertuetara asko joaten, ezagutu genuen Duteko jendea, Lisabokoa... eta hor bazegoen komunitate bat. Tafallara, Soraluzera, Oñatira... edonora joaten ginen, lagunek antolatzen zuten autobusa, eta igual joaten ginen 50 lagun, taldekideekin eta instrumentuekin batera, denok autobusean. Herrian flipatzen zuten. Iristen ginen bat-batean, ez bakarrik taldea, baita publikoa ere! [barreak] Hori oso polita izan zen. Hardcoreak bide bat ezagutarazi zidan, autogestioarena eta adiskidetasunarena, niretzat oso garrantzitsua izan dena».

«Hardcoreak bide bat ezagutarazi zidan, autogestioarena eta adiskidetasunarena, niretzat oso garrantzitsua izan dena»

AIDA TORRESMusikaria

Kontzertuz kontzertu hasi, eta «nik ere egin nahi dut hori» sentitzetik iritsi zen bera ere jotzen hastera. Lagun batzuekin sortu zuen lehen taldea —«ez zen inora joan, baina nire lehen aukera izan zen bateriarekin hasteko»—, eta 19-20 urte zituela egin zioten Lisabokoek taldera batzeko proposamena. Hura utzi ostean hasi zen Jupiter Jonen, bestelako soinu unibertso batera jauzi eginda, eta gaur arte. Urte hasieran hasi ziren berriz elkartzen, baina, duela bi urtetik hona, Isabel Fernandezekin ere aritzen da hark abiatutako Magia Bruta taldean.

Ibilbidearen errepasoa arin egin artean, ezarian aipatu du: «Musika oso presente egon da beti nire bizitzan. Nire laguna izan da beti. Asko lagundu nau musikak».

 

Shine a Light - Shabazz Palaces (Quazarz Born on a Gangster Star, 2017)

«Orain dela gutxi ezagutu dudan taldea da, eta flipatu dut». Maiatzaren erdialdean, Donostiako Dabadaba aretoan eman zuten kontzertu batean ezagutu zuen Torresek Shabazz Palaces taldea, eta gau hartako harridura eta gozamena oraindik keinuetan bistan duela hitz egin du haietaz. Magia Brutako Fernandezek animatu zuen kontzertura joateko —«tematu zitzaidan ezin nuela galdu»—, eta zer ikusi behar zuen jakin gabe azaldu zen aretora. «Ziurrenik sorpresa puntu horrek ere izan zuen eragina, baina azkenaldian ikusi dudan kontzerturik onenetako bat izan da. Oso kontzertu berezia izan zen». Agertoki gainean musikariek izan zuten jarrera nabarmendu du bereziki —«super eleganteak iruditu zitzaizkidan»—, eta baita, jakina, haien musika ere: «Hip-hop futurista bat egiten zuten, sinteak asko erabiltzen zituzten, eta ahots koroak izugarriak ziren. Film batetik ateratakoak ziruditen. Lagunei esaten nien: 'Badirudi beste planeta batean gaudela'».

Seattleko (AEB) taldea da Shabazz Palaces, eta Ishamel Butler da haren burua. 2009an hasi zuten ibilbidea eta estudioko zortzi disko eman dituzte ordutik, aurten bertan azkena: Exotic Birds of Prey. Torresek hautatutako kantuak, baina, badu denboratxo bat. Donostiako kontzertua harekin amaitu zutelako hautatu du zehazki hori: «Izenburuak esaten duen moduan, Shine a Light oso kantu argitsua da, eta sentsazio horrekin atera nintzelako aukeratu dut».

 

Vesna Vulovic - Anari (Giza zarata, 2024)

Donostiako La Bodegilla tabernaren kanpoaldean ikusi zuen Anari duela gutxi Torresek, formatu akustikoan. «Abesten ari zela, zaunkaka aritu zen txakur bat, eta Anarik erdi barrez komentatu zuen badela jabeek txakurren itxura hartzen dutela dioen esaera bat, eta berari autoekin berdin-berdin gertatzen dela iruditzen zaiola». Grazia egin zion Torresi, eta, autoaren presentziarekin lotuz, erdi kantuan oroitu ditu haren hasierako hitz batzuk —«gaua da kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan...»—; hala ere, batez ere, Giza zarata Anariren lan berrienari autoan eman dizkion entzunaldiengatik egin du lotura. «Denok gara oso musikazaleak etxean, baina momentuz musika etxean entzutea zoramena da. Musika entzuteko nire leku aproposena autoa da orain, eta Anariren azkena ere gidatzen entzun dut: bakarrik, hitzak entzuten, paisaia pasatzen den bitartean... Eta flipatu egin nuen».

Anariri berari ere esan dio: «Iruditzen zait abesti batzuk istorio bat direla, pertsonaia ezberdinak dituztela, horien ahotsak entzuten dituzula; eta beste beste batzuek, berriz, zuzenean zuri hitz egiten dizutela. Oso-oso ona iruditu zait». Aurreko lanen aldean, izaera «sozialago» bat antzeman du lan berrian, eta «sekulako egiak» kantatzen direla sentitu du. «Oso ondo islatzen du egungo neurosi garaikidea; niri balio dit gauza batzuk ulertzeko».

Zehazki Vesna Vulovic kanta zergatik hautatu duen galdetuta, diskoaren lehen aurkezpen kontzertuetako batekin akordatu da. «Intxaurrondon egon nintzen [Donostian], eta justu abesti horretan bere jarrera asko gustatu zitzaidan; gozatzen zegoen, indar handiz, oso modu askean. Denok geunden txundituta». Aki Kaurismakiren filmetako musika ekarri dio burura kantuak —«tango finlandiar bat dirudi»—, eta hari izena ematen dion andrearen istorioa ere goratu du [hegazkin istripu batean, 10.160 metrotatik salto egin eta bizirik atera zen hegaldi laguntzaile bat izan zen Vesna Vulovic]: «Fenix bat da».

 

Danger Dub - Panda Bear, Sonic Boom, Adrian Sherwood (Reset in Dub, 2023)

Hiru izen batean. Panda Bear eta Sonic Boom —Noah Lennox eta Peter Kemberren izen artistikoak, hurrenez hurren—, eta Adrian Sherwood. Lehen biek Reset diskoa atera zuten elkarrekin 2022an, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako hainbat kantu, rhythm and blues eta soulekoak batik bat, haien ahotsekin nahastuz eta pop psikodelikora hurbilduz; eta urtebetera disko haren berrirakurketa oso bat plazaratu zuen Sherwoodek, «dub klabean». Reset Torresen disko kutunenetako bat da —«gehien gustatu zaidan eta azkenaldian gehien entzun dudan diskoetako bat»—, eta beste hainbeste esan lezake orain Sherwoodek haren gainean egindako lanaren inguruan: «Dub formatura eraman izana mundiala iruditzen zait».

Magia Brutarekin, Panda Bear eta Sonic Boomekin batera jotzeko aukera izan zuten iaz, gainera, bai Madrilen eta bai Bartzelonan, eta horrek ere bihurtu du haien musika gertuko Torresentzat. «Oso kontzertu politak izan ziren». Marleyren eraginagatik ere akaso, reggaea eta dub musika beti asko maite izan dituela aipatu du, eta Fernandezekin eta euren teknikari Gaizka Peredarekin partekatzen du zaletasun hori orain. «Kontzertuak hasi baino lehen, Gaizkak beti jartzen ditu dub abestiak, eta animikoki modu berezi batean jartzen gaitu horrek; horrela hasten gara beti».

Danger Dub-en inguruan, zera esan du: «Hori da Reset diskoko nire gustukoena, eta hau dub formatuan da».

 

Inverse Universe - Morgan Gibney (Magic Trip filmeko soinu bandatik, 2011)

Azken kantua dokumental batetik hautatu du Torresek, Alixon Ellwoodek eta Alex Gibneyk zuzendutako Magic Trip filmetik (2011) —«filma bera ere asko-asko gomendatzen dut»—, eta zuzendarietako baten alaba Morgan Gibneyk abesten duena aukeratu du. Hala kokatu du: «Ken Kesey eta Neal Cassady idazleak lagun kuadrilla batekin elkartzen dira, hartzen dute mikrobus bat, apaintzen dute modu psikodelikoan, eta AEBei buelta bat ematen diete. Ez dakit zenbat droga kantitate zeramaten mikrobus barruan, asko; LSDa hartzen dute eta, momentu batean, neska bat agertzen da ibaiaren barruan, flipatzen, eta orduan entzuten da abesti hau, eta iruditu zitzaidan oso-oso abesti polita». [41:20tik aurrera goiko bideoan].

Berriki ezagutu du film hau ere Torresek, baina, dioenez, beti jarri ohi du arreta handia ikusten dituen pelikuletako musikan. «Interneten bilatzen ditut soinu bandak gero, eta jarraian entzuten ditut. Asko egiten dut hori». Inverse Universe-ren harira aipatu du gustatu zitzaiola «abesteko era», baina askotan ez duela jakiten askoz gehiago zehazten zergatik gustatzen zaion kantu bat edo beste. «Abesti bat gustatzen zaidanean, hori bat-bateko gauza bat da. Gero hainbat aldiz itzultzen zara, eta, aldi bakoitzean, gauza berri batez ohartu zaitezke». Dioenez, «aurreiritzirik» ez du musika entzuteko orduan. «Boladak ditut, batzuk musikalagoak eta beste batzuk ez hainbeste. Ama izan berritan, adibidez, oso musika gutxi entzun nuen, baina orain berriro ari naiz denetik irensten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.