Nestor Basterretxearen mendeurrena

Basterretxea: ehun urte, bost geldiune

Margolaritzan, eskulturan, zineman, diseinuan eta, orobat, euskal kulturaren susperraldiaren aldeko lanean nabarmendu zen Nestor Basterretxea. Mendea bete da artistaren jaiotzatik, eta bost urratsetan zeharkatu du haren ekarpena BERRIAk.

Nestor Basterretxea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Nestor Basterretxea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko maiatzaren 5a
06:00
Entzun

Bihar beteko zituen 100 urte Nestor Basterretxea Artzadunek (Bermeo, Bizkaia, 1924 - 2014, Hondarribia, Gipuzkoa). Kantauri itsasoaren aurre-aurrean jaio, 36ko gerrak Frantziara, Okzitaniara eta Argentinara erbesteratu —Emakume Abertzale Batzako kidea zuen ama eta EAJkoa aita—, eta 30 urteak bete aurretik itzuli zen ostera ere sorlekuko itsaso parera. Bizialdi luzea izan zuen, eta Euskal Herriko artearen historia hurbileko une inportante ugariren lekuko eta eragile izan zen aldi horretan. 

BERRIAri eman zion azken elkarrizketan, titulu hau utzi zuen: «Gaurko obrek bihar dute garrantzia». Bost geldiunetan gurutza daiteke haren mende betea.

 

1

Arantzazuko kriptako margoak (1952-1985)

«Zeluloidea eta zura, papera eta burdina, brontzea eta harria izan ziren materialak zeinekin eraiki zuen Basterretxeak bere ontzia, guretzat, bere aberrikideontzat deskubrituz galdutako munduen grazia eta edertasuna». Juan Antonio Urbeltzek idatzi zituen hitzok artistaren hil ondorengo egunetan, egunkari honetantxe. Ez alferrik, «Euskal Herriko artistarik poliedrikoenetako bat» izan baitzen Basterretxea askoren irudiko, baita 1950eko hamarkadatik aurrera euskal artearen biziberritzean sakon inplikatu zirenetako bat ere.

Nestor Basterretxea Arantzazuko kriptan, 2009an.
Nestor Basterretxea, Arantzazuko kriptan, 2009an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Bide horren lehen argazki esanguratsuetako bat Arantzazutik heldu zen (Oñati, Gipuzkoa). 1952a zen, eta erbestetik itzuli berri, Argentinan ezagutu eta azkenera arte lagun-min izan zuen Jorge Oteizak bultzatu zuen Basterretxea Arantzazuko basilikako horma irudiak egiteko lehiaketara aurkeztera. Aurkeztu zen, eta bai irabazi ere. Kritikak, ordea, azkar piztu ziren; Erromak lanak bertan behera uzteko agindu zuen 1955eko udan, eta gauetik goizera norbaitek ezabatu egin zituen.

«Ondradu egin genuen lan Arantzazun, erabat horretara jarrita», oroitu zuen artistak Argia-n 2001ean. «Arantzazuko liburutegian sartu, eta pintatu beharreko gaiak irakurtzen genituen. Guztira 500 metro koadro pintatu behar nituen, eta lanaren erdia, 11 koadro, margotua nuela, hasi ziren salaketa zentzugabe horiek, ateo komunistak ginela ziotenak... Gu kondenatzeagatik, ordura arte existitzen ez zen epaitegi bat sortu zuten propio».

1980ko hamarkadan itzuli zen basilikara Basterretxea lana amaitzera: hemezortzi margolanen lehen erdian gizakia kreazioaren aurrean margotu zuen, eta gizakia Kristo berpiztu ondorenean bigarren erdian. Basterretxea: «Setien etxera etorri zitzaidan bere auto ofizialean, eta esan zidan: ‘Baina, Basterretxea! Jarridazu Kristo bizkarrez kriptako edozein tokitan, baina ez iezadazu aldarean jarri! Orduan buelta eman nion. Eta Arantzazuko Kristo gorria da, indar izugarrikoa, atetik sartzen denari ‘Kabroi alaena! Hona hator!' esaten diona».

1950eko hamarraldian beste bi mugarri ere izan ziren artistaren ibilbidean: Equipo 57 taldearen sorrera; eta, Oteizaren gertuan eta Luis Vallet arkitektoarekin batera, Irunen (Gipuzkoa) eraikitako etxe-lantegia. Pintura inoiz bazter utzi gabe, eskultura arakatzen hasi zen orduan Basterretxea.

2

'Ama lur' (1968)

Euskal zinemagintzaren lehen filmetako batek ere badarama Basterretxearen sinadura: Ama lur-ek (1968). Fernando Larrukertek eta biek zuzendu zuten, 1963an elkarrekin muntatu zuten Frontera Films ekoiztetxearekin, eta hiru film labur dokumental egin zituzten haren aurretik: Operación H (1963), Pelotari (1964) eta Alquézar. Retablo de pasión (1966).

(ID_2549959) \'AMA LUR\'
Ama lur (1968) filmeko irudi bat. BERRIA

Txalaparta, irrintziak, larre berdeak, labe garaietako langileak, Kantauri itsasoa orroka... Frankismoaren azkenetan sartuta, «euskal esentziei egindako kantutzat» jo zen filma, eta herritarrek jarritako diruari esker egin zen, hein handian. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten 1968an, goraino betetako areto batean, eta Basterretxeak esana da «garai hartako pelikularik zentsuratuena» izan zela.

Filmari ezinbestez lotuta dagoen izena da Gaur taldearena ere. Hura aurkeztu baino bi urte lehenago sortu zuten Txillidak, Oteizak, Mendiburuk, Ruiz Balerdik, Sistiagak, Zumetak, Ariasek eta zortziek, eta Euskal Eskola baterako abangoardiako mugimendua ordezkatu zuen. Giro hartan lotu zen Basterretxea euskal kulturaren eta aberriaren sustraiak arakatzera, eta sustrai horietan oinarritutako «lengoaia zinematografiko propioa» sortzea izan zen, hain justu, Ama lur-en asmoa. Urte haietako pultsio kolektiboa deseginez joan zen, ordea, eta Gaur Oteizaren eta Txillidaren arteko liskarrengatik zapuztu zela esan izan zuen Basterretxeak. «Enfrentamendu hori handituz joan zen, eta, trintxera bihurturik, batzuek Oteizaren alde egin genuen, eta besteek, Txillidaren alde. Horrek hondatu zituen talde denak».

Garai bertsuan, eta sen antzekoari segika, sortu zuen artistak Euskal Kosmogonia Saila (1972) zurezko eskultura multzoa ere, Jose Migel Barandiaranen Euskal Mitologiaren Hiztegia interpretatzeko. Basterretxea: «Ama lur egin nuenean, Barandiarani galdetu nion: Euskaldunak zer gara? Nortzuk gara? (...) Oteizari, Barandiarani eta Mitxelenari galdetu nien euskararen irudiak zeintzuk ziren. Eta esan zidaten euskarak halakorik ez zuela. Nik sortzea erabaki nuen orduan. Euskararen irudiak dira: ikus daitezke, uki daitezke. (...) Ez dakit euskaraz, eta horrek tripako mina sortzen dit».

3

'Kurpilla' (1968)

Pintura, eskultura, argazkigintza zein zinemarekin paraleloan, diseinuaren eta arkitekturaren eremuak ere beti izan zituen presente Basterretxeak bere jardun artistikoan. Gerrak eragotzi zion arkitektura ikastea —delineazio ikasketak egin zituen Buenos Airesen—, baina Ander Basterretxea anaia gazteagoak bai ikasi zuen, eta Ameriketatik itzuli zenean (1960), Irungo etxe-lantegiko beheko solairuan kokatu zen, anaia bien arteko lankidetza bati bide emanez. Eibarko (Gipuzkoa) Untzaga Dorrea eraiki zuten, 1968an, esaterako.

(ID_13635267) Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura.
Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketaren irudi bat. ARITZ LOIOLA / FOKU

Peio Agirre komisario eta arte kritikariaren esanetan, Basterretxeak «erraztasun handia» izan zuen altzarigintza, arkitektura eta dekorazioa uztartzeko —mendeurrenaren harira artistari eskainitako webgune bat sortu dute berriki, eta testuen egileetako bat izan da Agirre—. Lehen lan aipagarria, 1957tik 1958ra Madrilgo H Muebles etxearentzat diseinatutako altzariak izan ziren, eta, esperientzia haren ondotik, Espiral denda sortu zuen Donostian, «euskal etxeetan altzari modernoa sartzeko premia» ikusita. Eskaria haziz zihoala ikusita, diseinu lanak ekoizteko Biok enpresa sortu zuten hiru kidek. Han diseinatu zuen, egurra kurbatzeko teknologia berrietatik abiatuta, alor honetako bere asmakizun aipatuena: Kurpilla besaulkia (1968).

1970eko urteetan sartzean utzi zuen Biok —«produkzio estandarizatuaren mugak gogogabetuta», Agirreren arabera—, eta diseinu industrialetik «bolumetrietara» jo zuen, «arkitekturaren eta artistaren erabateko askatasuna uztartzeko». Lan ildo berri horretan heldu zen, besteak beste, Arriarango urtegian (Gipuzkoan) egindako Urbidea erliebe monumentala (1993).

Hain justu, mendeurrenaren harira egingo diren askotariko erakusketetan lehenetakoa Basterretxearen alor horri eskainitakoa izan da: Bilboko Arte Ederren Museoan dago ikusgai, maiatzaren 26ra arte —Agirre da komisarioetako bat—.

4

'Izaro' (1983)

Franco hil ostean, esku hartze kulturalarentzat abagune berri bat ireki zen Euskal Herrian. Kartelak, anagramak eta eskultura publikoa giltzarri izan ziren garaian Euskal Eskolatik zetozen artistentzat, eta gehien ekoitzi zuten artistetako bat izan zen Basterretxea. 1979an, Oteiza eta biek «arkitektura erradikaleko proiektu bat» aurkeztu zuten Bilboko Sabino Arana fundazioan kulturgune bat egiteko —ez zen egin azkenean—, eta, hurrengo urtean, Eusko Jaurlaritza eratu berrian, Kultura Sailean aholkulari aritzeko proposamena egin zioten. Horretan jardun zuen 1983ra arte; Arte Garaikidearen Zentroa sustatu zuen —hura ere ez zen egin azkenean—, eta gaur arte indarrean dagoen arte plastikoetako Gure Artea saria abiarazi zuen.

Basterretxea Eusko Legebiltzarrean, atzean, 'Izaro' (1983) eskultura duela.
Basterretxea Eusko Legebiltzarrean, atzean, Izaro (1983) eskultura duela. RAUL BOGAJO / FOKU

Instituzioekin izandako harreman horren ikonotzat har daiteke, halaber, Izaro eskultura, 1983tik Eusko Legebiltzarraren sinbolo eta ganberaren buru dena. Zazpi adarreko zuhaitz bat irudikatzen du eskulturak, Euskal Herriaren zazpi lurraldeei eta elizateetako zuhaitzen azpian legeak egiteko euskal tradizioari keinu egiten diena. Aurreko urteetan, 1976ko Aberri Egunerako kartela, 1978ko Gernikako estatutoa, bai kartela eta Adierazpen Askatasunaren Aldeko Jaialdiaren logotipoa (1978) ere diseinatu zituen. Baita Euskaltzaindiak sustatu zuen Bai euskarari (1978) egitasmorako sortu zuen logotipo ezaguna ere. Egun, Legebiltzarrean dago Gernikako arbolari omenaldia (1979) eskultura ere.

5

'Bakearen usoa' (1988)

«Jende batek esaten dit herriarengan pentsatuta egin behar ditudala obrak. Baina, nor da herria? Zer pentsatzen du herriak? Ez daude berdin pentsatzen duten bi pertsona eta! Nire obra neure buruari egiten diodan apustua da». Basterretxearen berbak dira, behin kazetariak herriarekiko hartu-emanaz galdetu zionean esandakoa. Izan ere, Basterretxearen diseinu lan ugariek eta garai hartan artistek euskal kulturaren biziberritzean jokatu zuten rolak, hurbildu egin zuen artisten lana, oro har, herritar askorengana, eta tartean egon zen Basterretxearena ere. 1970eko hamarkadatik aurrera harako-honako egin zuen eskultura publikoa oso ugariak ere izan zuen eraginik horretan. Euskal Herriko luze-zabalean dago haren obra egun, eta Donostiako Zurriola hondartzaren alboan dagoen Bakearen usoa da horien artetik gehien ezagutarazi direnetako bat. Hain zuzen, usoa motibo errepikakorra izan zen artistaren lanean, eta bakearen aldeko jarrerak ere egin zuen ezagun konfrontazio politiko handiko urteetan.

Nestor Basterretxearen 'Bakearen usoa' (19
Nestor Basterretxearen Bakearen usoa (1988), Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Askotariko egitasmoei agertu zien babesaren frogez beteta dago hemeroteka, eta, jardun horri itsatsita, ideia bat ere errepikatzen da haren hitzetan: artearen ahalean zuen sinesmena: «Hain pertsonala izaki, artea ulertzeko zaila da. Baina behin ulertuta, denboraren muga gainditzen duzu».

mENDEURRENEKO JARDUERA BATZUK

 

Hogei erakunde baino gehiago elkartu ditu Nestor Basterretxearen mendeurrenak, eta jarduera programa oparoa prestatu dute elkarlanean; horren lagin bat da hau:
  • Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura. Erakusketa. Bilboko Arte Ederren Museoan, maiatzaren 28ra arte.

  • Fabulous Basterretxea!. Haurrentzako arte lantegia. Arantzazuko kriptan, maiatzaren 12an.

  • Basterretxea Irunen (1957-1975). Erakusketa. Irungo Menchu Gal aretoan, uztailaren 21era arte.

  • Nestor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea. Erakusketa. Durangoko Arte eta Historia museoan, azarotik 2025eko urtarrilaren 31ra arte.

  • Basterretxea eta zementua. Erakusketa. Museum Cemento Rezolan, 2025eko udaberrian.

  • Euskal Serie Kosmogonikoa. Erakusketa. Gasteizko Montehermosko Kulturunean, ekainaren 27tik irailaren 29ra.

  • Nestor Basterretxearen filmografia osoa. Zinema zikloa. Donostiako Tabakaleran, udazkenean.

  • Nestor Basterretxearen ondare dokumentalaren hurbilketa. Ikastaro monografikoa, Artiumek eta EHUk antolaturik. Ekainaren 20an eta 21ean, Gasteizen.

  • Makinari begira gu eta makinaren begitik gu. Sorkuntza tailerrak. Elgoibarko Makina Erreminta museoan, udazkenean.

  • ZINE05. ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak. Basterretxearen lan zinematografikoari buruzko monografikoa. Argitalpena, Donostiako Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren eta EQZEren eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.