BERRIA eta Mikel Olaziregi saritu ditu Tinkok 20. urtemugan

Euskarara bikoiztutako ia 100 film banatu ditu urteotan Tinko Euskara Elkarteak, 5.000 emanalditan, eta 750.000 haurrengana iritsi da

Martxelo Otamendi eta Marian Galarraga, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hogei urteko ibilbidea osatu duela ospatzeko, Tinko euskara elkarteak BERRIA egunkaria eta Mikel Olaziregi Donostiako Zinemaldiko zuzendari ohia saritu ditu, egindako bidean «ezinbesteko lagun» izategatik. Atzo egindako ekitaldian, Olaziregiren esku hartzea «oso garrantzitsua» izan dela nabarmendu zuen Marian Galarraga Tinkoko arduradunak: «Banaketa etxe handiek hainbat film euskarara itzultzeko baimena eman zezaten; bestela, ia ezinezko izango litzaiguke». Olaziregi Madrilen zen atzo, eta beste egun batean jasoko du Fernando Mikelena artistak okasiorako egindako oroigarria.

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak jaso zuen oroigarria, eta esan zuen Tinko elkarteak berak izan beharko lukeela saritua: «Tinkok egindako lanari esker, haur askok ikusi ahal izan dute zinema euskaraz, eta haur horietatik aterako dira etorkizuneko zinemagile, ekoizle, argiztatzaile, aktore eta abarrak...». Otamendik bereziki gogoan izan zituen, egoera larrian daudelako, euskarara bikoizten aritzen direnak eta bikoizketa etxeak: «Euskaraz egindako zinema beharrezkoa dugu, baina behar ditugu mundu osoko hizkuntzetatik euskarara bikoiztutako filmak ere».

Urtemuga ospatzeko, hainbat ekitaldi, sustapen eta nobedade iragarri ditu Tinkok.

'Yugo &Lala'euskaraz

Garrantzitsuenetako bat urriaren 25ean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astean estreinatuko baitute Yugo & Lala animazioko film txinatarra da. Tinkok ekoizle txinatar bati filma zuzenean erosi dion lehen aldia izan da, eta, gainera, lehenengo aldiz egingo da euskaraz animazioko film txinatar baten Europako estreinaldia.

Elkartearen lana eta produktuak publiko zabalari ezagutarazteko webgune berria estreinatuko dute 2015eko urtarrilean. Webgunetik DVDak erosi ahal izango dira, estreinaldi eta sustapenen berri izan ahalko da, eta ikastetxeek Tinkoren programazioa ikusteko aukera izango dute.

Helburu argi batekin sortu zuten Tinko 1994an: estreinatzen ziren film guztiak euskaraz ikusteko aukera izatea: «Hasierak oso gogorrak izan ziren. Inork ez zuen proiektuan sinesten. Bazirudien zinema aretoak debekatuta zeudela euskararentzat. Euskal Herrian gaude, eta gure hizkuntza euskara da, eta, horregatik bakarrik, zinema euskaraz ikusteko aukera izan beharko genuke. Baina errealitatea bestelakoa da; oraindik, zoritxarrez, oso eskasa da euskararen presentzia zineman». 20 urteko ibilbidean euskarara bikoiztutako 100 film banatu ditu Tinkok, EAEko 40 udalerritako zinematan eta 750.000 haurrengana iritsiz.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.