Donostiako Udalak Nafarroako Berri Txarrak taldea aukeratu du aurtengo Adarra sarirako. Era horretan, Lekunberriko taldeak musikagintzan egindako ibilbidea saritu nahi izan du udalak.
Saria bera ekainaren 21ean jasoko du taldeak, eta, iluntzean —20:00etan—, kontzertua emango du Viktoria Eugenia antzokian. Taldeak iragarri duenez, kontzerturako sarrerak bihar jarriko dituzte eskuragarri Interneten eta Antzoki Zaharreko leihatilan.
Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) izan zen lehena Adarra saria jasotzen, 2014an. Sei urte baziren hila zela, eta Donostiako Udalak haren ibilbide oparoa saritu nahi izan zuen. Iaz, berriz, Anari Alberdiren txanda izan zen, eta, aurten, Nafarroara joango da, Donostiako Udalak berak iragarri duenez.
Iazko abenduan iragarri zuen Berri Txarrak taldeak "etenaldi bat" egingo zuela agertokietan. Gorka Urbizu abeslariak jakinarazi zuen erabakia prentsa ohar baten bidez: "Hogeitaka urtetan atsedenik hartu gabe aritu ondoren, egunetik egunera nekezagoa zait higadura emozional eta fisiko honi aurre egitea". Idatzi berean aurreratu zuten agur bira bat egingo zutela datozen hilabeteetan. Horietatik bat "berezia", Kobetamendin egingo dutena, datorren uztailaren 14an.