Berpiztu dira trikiti doinuak

Emakumezko pandero joleak omendu ditu Kepa Junkerak 'Erromeriak' disko berrian. 2018an iktusa izan zuenetik, albumik kaleratu gabe egon da musikaria. Haren musika ibilbideko 31. lana da

Olatz Goikouria, Kepa Junkera eta Mikel Lizarribar, atzo, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Erromeriak disko berria aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Keparen betiko esentzia du diskoak». Halaxe definitu du Kepa Junkeraren lan berria Mikel F. Krutzaga soinu teknikariak. 2018. urtetik diskorik kaleratu gabe egon ondoren, atzo aurkeztu zuen Erromeriak lan berria trikitilariak. Emakumezko pandero joleei egin nahi izan die omenaldia. Bereziki, haren amari eta amamari, hain zuzen. Junkeraren musika ibilbideko 31. kantu bilduma da.

Junkera gurpil aulkian sartu zen Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzara, maskara jantzita. Besarkadak, laztanak eta bostekoak eman zizkioten bertaratu ziren musikari, lagun eta senideek, eta gustura aritu zen argazki saioan. Musikariak aurkezpenerako prestatu zuen testua irakurri zuen Mikel Lizarribarrek. Prozesu osoan alboan izan dituenei eskaini zien idatzia. Esker oneko mezuak ziren nagusi, eta lan berria sorpresa gisa aurkeztu duela gaineratu zuen: «Bizitza ezustekoz beteta dago».

2018an izan zuen iktusa Junkerak, Belgikan. Izegem, Brusela eta Anberes hirietan kontzertuak ematera joan zen musikaria herrialde hartara, eta, orduz geroztik, diskorik kaleratu gabe egon da. Berpiztu dokumentala aurkeztu zuen iaz, baita haren obra osoa berrikusten duen arte liburu bat ere. Dena dela, Olatz Goikouria diseinatzaileak kontatu du lehenago hasi zela proiektu berriari bueltaka: «Proiektu bat amaitu aurretik, hurrengoa lantzen hasten da Kepa; hala lan egitera ohituta dago».

Hamabost abestiko lan bat da emaitza. Kantuetako zortzi, baina, 2018a baino lehen sortu zituen. «Junkeraren zikloaren jarraipena da lan berria: txalaparta landu zuen lehenengo; alboka gero, eta panderoa orain», zehaztu du F. Krutzagak. Diskoaren hitzaurrean azaldu du zergatia musikariak: «Tresna sinple baina aldi berean konplexua da panderoa, indarrez eta gozotasunez betea, antzinako bizi premia baten emaitza».

Guztira, 40 pandero jolek baino gehiagok parte hartu dute diskoan; emakumezkoak dira gehienak. Besteak beste, Euskal Herriko, Galiziako, Portugalgo eta Asturias, Kantabria, Leon eta Valladolidekoak (Espainia). Bideokonferentzia bidez konektatu ziren horietako batzuk diskoaren aurkezpenera, eta Junkerarentzako esker eta miresmen mezuz bete zuten aretoa.

Pandero jole bakoitzak bere herrian grabatu du diskoa, eta, ondoren, horiek denak biltzeaz arduratu da soinu teknikaria: «Pandero joleak ez dira elkartu diskoa grabatzeko: bakoitzak bere zatia grabatu du, eta, gero, niri bidali didate, muntatu eta nahasketak egiteko. Kepa, nola ez, presente egon da prozesu osoan».

Junkerak Oliene baserrian (Busturia, Bizkaia) sortu du diskoa, aurreko lanetan egin legez: «Ohiko prozesu bera egin dugu: Kepak grabazioak bidali zizkidan, eta lanean hasi ginen». Diskoan entzuten den trikitia Junkerak berak jo du: «Baita perkusioaren %99 ere».

Bisuala da diskoaren azala. Sei emakume ageri dira dantzan, horietako bakoitza kolore desberdineko hondoaren gainean. Halere, bada ezaugarri bereizgarri bat: buruaren ordez, pandero bat daukate sorbalda gainean.

Disko fisikoa aurkeztu arren, oraingoz itxaron egin beharko da musikaria zuzenean ikusteko. «Oraindik ez dakigu, ezin dugu erantzunik eman», aurreratu du Lizarribarrek.

Arbasoei aitortza

Hitzak idazteko orduan, Koldo Gezuraga Seijido bertsolariaren laguntza izan du trikitilariak. Besteak beste, Titos del Bernesga, Serrana mia, Jotas de Kantabria eta Agua de limón abestien hitzetan. Era berean, Yeray Rodriguez eta Miguel Cadavieco inprobisatzaileek ere kolaboratu dute Gastronomik eta Limonada kantuetan, hurrenez hurren.

Aurreko lanetan ez bezala, Kepa Junkera Urraza gisa sinatu du lan berria musikariak, aurreneko aldiz, ama eta amama omentzeko keinu moduan: «Panderoaren soinuak nire arbasoengana hurbiltzen nau, aitonarengana, amarengana... Lan hau aitortza bat da ondare hori eta bizitzeko poza transmititu diguten andre horientzat guztientzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.