Berpizkunde batentzako soinu banda

Sorkuntza krisi bat igaro ostean, dokumental baterako soinu bandak itzuli dio Joseba B. Lenoirri 'Instroak Vol. 3' diskoa sortzeko grina

Joseba B. Lenoir musikaria Bilboko Power Records dendan, diskoa zuzenean aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Ez nuen arazorik besteentzat gitarra jotzearekin, nire proiektuarekin nituen problemak; ez nuen energiarik aurpegia jarri eta egin behar diren guztiak egiteko». Krisi horren ondorioz, Joseba B. Lenoir musikariak erabat alboratuta eduki zituen bere kanta propioak urte eta erdiz. Baina, hain justu ere, kantatutako rock-abesti sorta bat bilduko zuen disko bat sortzen hastea erabaki zuenean jaso zuen Larraitz Zuazo zinemagilearen enkargua. Eta horrek berpiztu dio gosea. Bai, bagara dokumentalerako soinu banda eskatu zion zuzendariak, eta, espero gabe, zortzi abestiko disko instrumental bat agertu zaio musikariari, pelikularako sortutako pasarte laburren atzean. Instroak Vol. 3 izenarekin kaleratu ditu orain, eta Erraia eta Forbidden Colours etxeekin atera du diskoa.

«Desilusionatuta nengoen musika eszenarekin eta taldeekin, eta oraindik ere segitzen dut horrela». Baina zergatik etsipen hori? Zintzo Lenoirren erantzuna: «Igual da ni erromantikoegia naizela, baina ikusten dut musikariak, artistak eta taldeak daudela arduratuegi marketinak eskatzen dituen exijentzia guztiak garaiz betetzearekin, eta, azkenean, ahazten dugula inportanteena den zatia; musika, alegia. Adibidez, nahitaez egin behar da bideoklipa, ze musika gaur egun irudien bidez mugitzen da. Egin behar da disko bat bai ala bai ez dakit zer datarako, ze gero dator Durangoko Azoka. Azkar egiten dugu lan, eta epeei begira, industria horrek hori eskatzen digulako, eta ez dugu abestirik egiten, edo egiten ditugu pixka bat pilotu automatikoarekin».

Eta horrekin guztiarekin apurtu nahi zuen berak.

Baina, paradoxikoki, Durangoko Azoka atari-atarian aurkeztu du diskoa. Eta, datua aipatuta, barre egin du musikariak: «Badut ezinegona Durangoko Azokarekin ere, baina han izango naiz, bai». Zehazki, Erraia eta Forbidden Colours etxeek konpartituko duten mahaian egongo da, eta han egongo dira Lenoirren diskoak eskuragarri, Erraia kolektiboa osatzen duten beste taldeen diskoekin batera.

Bazkariak ahaztuta

Berez, kantatzeko gogoz zen Lenoir. «Ez nuen gogo berezirik alde instrumental hori berreskuratzeko», aitortu du musikariak, «baina aspaldi da zinemagintzan elkarlanen bat egin nahi nuela». Horregatik hartu zuen bereziki gogo handiz Zuazoren enkargua, eta hala berreskuratu zuen abesti propioak sortzeko grina ere. «Gorputzak eskatzen zidan estudioan sartzeko, eta han ez nintzen konturatzen bazkalordua pasatua zela, edo etxera gauean lotara joateko ordua zela. Horrek eman dit berriro bultzadatxoa».

Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak AEBetan egindako bidaia bat kontatzen du pelikulak, eta dokumentalak road trip formatua du. Bilboko Zinebi jaialdian estreinatu zuten lana, eta ETB1 telebista katean ere emango zuten atzo bertan. Lenoirrek grabatuak dira bertan entzun daitezkeen abesti zatiak, baina pasarte laburrak dira gehienak. Formatu luzeagoan aritzera ohituta dago musikaria, ordea, eta, horregatik, abesti osoak sortu zituen pasarte horietara heltzeko aitzakian. «Konturatu orduko, banituen 11 abesti, independenteki ere bazutenak beren balioa, eta orduan erabaki nuen diskoa argitaratzea». Eta kanta horietako zortzi dira orain diskoan entzun daitezkeenak.

Lenoirrek berak grabatu ditu diskoan entzuten diren instrumentu guztiak, Gasteizen duen Gakobeltz estudioan, eta Iñigo Irazokirekin batera egin ditu gero nahasketak Berako Atala estudioan. Felix Buff bateria jotzaileak soilik lagundu du perkusio tresnekin, baina sortzaileak taldearekin eramango ditu orain abestiak zuzenekoetara. «Diskoa bakarrik grabatu dut, baina haren sonoritatea ez da bakarka grabatutako disko batena, eta zuzenekoetarako talde bat eskatzen du».

Horretarako, musikariak Joseba B. Lenoir Gang boskotea berpiztuko du: Lenoir arituko da gitarrarekin, Igor Telletxeak joko du bateria, Miren Narbaiza eta Ibai Gogortza ere gitarrekin arituko dira, eta Iñigo Telletxea baxu jotzaileak osatuko du formazioa.

Abestiak sortzeko gogoarekin batera bueltatu zaio haiek publikoari erakusteko gosea ere, eta, iragarri duenez, emanaldietan, musika jotzeaz gainera, Zuazok Bai, bagara dokumentala sortzeko grabatutako irudiak ere proiektatuko dituzte.

Diskorako aukeratutako abestietan badira pasarte atmosferikoak, baina badira baita pasarte biziagoak ere, eta zuzenean azken horiek are gogorrago bilakatuko direla aurreikusi du Lenoirrek. Edonola ere, oraingoz ez dute bira erabat itxi. Urtarriletik aurrera emango dituzte emanaldiak, eta bost edo sei emanaldiko bira laburra egitea du buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.