Balantza batean jarriko balira, alde banatan, Bernart Etxepareri buruz gaur egun jakinak diren datuak eta, kontrara, lanbrotuak edo guztiz ezezagunak direnak, gehienez ere kulunkan leudeke indar bat eta bestea. «Berez, oso gauza gutxi dakizkigu», zehaztu du, tesi horrekin bat eginez, Koldo Azkona musikari eta ikerlariak, Iruñeko Parlamentuan eginiko agerraldian. Ordea, gutxi iraun dio oraindik ere hutsuneak badirela onartzeko tarteak. Bestelako notizia bat baitzekarren berak: Bernart Etxepareren profil historikoaren eta are psikologikoaren gaineko informazio berria aurkitu du, eta, esaterako, hau ondorioztatu: litekeena dela Bernart Etxeparek bere-bereak izatea 1545eko Linguae Vasconum Primitiae lanean idatzitako ugari. Gainera, ikerlaria ez da mintzo soilik euskarari buruzko hausnarketez. «Ausartuko nintzateke erratera bere bizipen eta sinesmen sakonenak jasotzen dituen liburua dela hori». Besteak beste, Azkonaren esanetan, «maitasun kontuetan bekatari» sentitzen zela iradoki zuen Etxeparek bertan, eta hara non, horrekin bat egiten duen datu bat azaleratu du orain: Etxepare aita izan zen, apaiztu eta urtebetera.
Etxepareren poemak musikatu nahia da ikerketaren abiapuntua, berez. Danserie Ensemble musika taldeko burua da Azkona, antzinako musika egiten dute —25 urte egin dituzte aurten—, eta Etxepareren olerkiak XVI. mendeko musika tresnekin eta orduko jotzeko maneran musikatzeko erronkari heldu zioten 2016an. Horretarako, dokumentazio lanari ekin zion buru-belarri Azkonak, Nafarroako Artxiboan murgilduz batik bat. Eta ikerketa horren emaitza dira, beraz, bai azkenean kaleratu dituzten kantuak, bai eta Etxepareren bizipenei buruz azaleratutako datu biografikoak ere. Disko-liburu batean jaso dituzte bi edukiok, eta Pamielarekin argitaratu. Abenduaren 2an taularatuko dituzte, parlamentuko atrioan eginen duten kontzertu berezi batean.
Euskal ikerlariek maiz aztertu dute Etxepareren obra lehendik ere. Beñat Oihartzabal eta Aurelia Arkotxa euskaltzain eta ikertzaileak izan dira azken hamarkadetan hari buruzko ikerketarik sakonenak egin dituzten autoreetako bi, adibidez, baina luzea da zerrenda. Eta adituen artean, beti egon da haren eztabaida, ea bere poema liburu ezagunean biltzen dituenak apaiztu aurreko bizitzan izandakoei buruzkoak ote diren, edota, bestela, haren irudimenaren emaitza ote ziren.
Euskaltzaindiak 2015ean abiatu zuen Euskal literaturaren antologia izeneko saila eta Erdi Arotik Errenazimentura doan atalean dator Etxepareri buruzko aipamena. Tituluan bertan jaiotza urteari galdera marka batekin, hain zuzen ere. «Bernat Etxepare (1486?-1545...)». Eta balio dezake detaileak haren bizitza osoa orain artean bildu duen lanbroa deskribatzeko. Eta informazio falta horren berri ematen dute hurrengo orrietan Jean Haritxelhar euskaltzainburu izandakoaren ardurapean idatzitako hurrengo orriek ere. «Bizpahiru dokumenturi esker eta berak bere olerkietan salatzen duenari esker, zerbait ikasten dugu, ahantzi gabe bere garaiko Nafarroako Erresumaren historia nahasia XVI. mendearen hasieran». Hain zuzen ere, lanbro horri argi ematen dio orain Danserie Ensembleren ikerketa lanak.
Bernart Etxepare, aitaren semea
Bi ataletan bereiz daiteke Etxepareri buruz orain azaleratu dutena. Azkonak bi dokumentu sorta aurkitu ditu: batetik, Nafarroaren konkistari lotuak dauden testuak, batik bat esanguratsuak direnak azaltzen dutelako prozesu horrek nolako eragina izan zuen Etxeparerengan —«eragin negatiboa», Azkonaren esanetan—. Eta, bestalde, beste dokumentu sortak Etxepareren bizitza pertsonalari buruzko informazioa bistaratzen du. «Amodio kontuei buruzkoa», zehaztu du Azkonak. Parte horri dagokionez, seme bat izan zuela da, seguruenera, daturik esanguratsuenetako bat.
Apaiztu eta urtebetera izan baitzuen semea Etxeparek, 1512. urtearen inguruan, eta bere izen bera jarri zion: Bernart. Edonola ere, ez dute jakin semeak nor zeukan ama. Zehazki, bi prozesu judizialek utzitako arrasto dokumentaletan aurkitu du Etxepareren aitatasunari buruzko informazioa Azkonak, eta, hain justu ere, testu horien bitartez jakin dute idazleak tirabira handiak eduki zituela, urte luzez, semearen ezkontza zela eta ez zela.
Apaiztu eta urtebetera izan zuen semea Bernat Etxeparek, 1512. urtearen inguruan; Bernart izenekoa hura ere. Ez da jakina nor zen ama
Donibane Garaziko aranburutarrek eta Bernart Etxeparek —aitak— adostu zuten ezkondu eginen zituztela Johana Aranburu neskatoa eta Bernart Etxepare —idazlearen semea—: neskak 14 urte zituen orduan, eta gizonak 25. «Interes ekonomiko handiak zeuden hor, aranburutarrak Donibane Garaziko familia aski diruduna zirelako, eta ondarearen oinordekoa zelako neska», azaldu du Azkonak. «Baina zein zen arazoa?», segitu du kontakizunarekin ikerlariak, eta berak erantzun. «Arazoa da Johana Aranburu ezkondua zegoela ordurako, Baigorriko Martin Mendikoagarekin; nahiz eta izan apaizik gabe, armagizon baten aurrean». Hain zuzen ere, etxeparetarrek horren berri edukitzeak piztu zuen gatazka, eta, ordutik, aita-semeak urteetako tirabiran aritu ziren mendikoagatarrekin, Johana Aranburu izanik biktima nagusia.
Azkonak aurkitutako agiriek erakusten dutenez, etxeparetarrek jakin zutenean Aranburu ordurako ezkondua zela, neskatoa giltzapetu egin zuten harik eta Bernart Etxepare semearekin Eiheralarren ezkonduko zen egun iritsi arte, zer gerta ere. Baina horrek izan zuen erantzunik: Bernat Etxepare gaztea Tolosako (Okzitania) unibertsitatera joan zen aldi batean, Mendikoaga familiak Aranburu bahitu zuen, eta Baigorrira (Nafarroa Beherea) eraman zuten aurrena, Lapurdi aldera gero, eta, azkenerako, Berriozarrera (Nafarroa).
Zehazki, etxeparetarrek Nafarroako Errege Gorte Nagusian aurkeztutako salaketak eman ditu horiek guztiak ondorioztatzeko arrastoak. Auzibide judizialak hiru urte iraun zuen, eta jakin dituzten datuetako bat da Johana Aranburu Iruñeko Done Petri monasterioan izan zela inkomunikaturik bitarte horretan. «Bi familiek dirua xahutuko zuten, seguru, baina makurrena emakumeari tokatu zitzaion, ohi bezala», erantsi du Azkonak.
«Ez hain beaumontarra»
Etxepareren alderdi politikoari buruz, zera ondorioztatu dute, besteak beste: Etxepare familia zerga biltzailea zen XV. mendean Donibane Garazin, eta, ikerlariak iradoki duenez, horrek nabarmen eginen zion kalte Etxepareri. «Ez zen izanen oso estimatua».
Bestalde, orain arte, Johan Beaumont noblearen hurbilekoa izatea ere egotzi zaio askotan Etxepareri, baina berriki aurkitutako zenbait dokumentuk auzitan jartzen dute hori, Azkonaren esanetan. Joan Orbarakoa kalonje agaramontarra akusatua zegoen epaiketa batean deklaratzera deitu zuten Etxepare —Eiheralarreko erretorea zelako orduan—. Orduan eginiko deklarazioak leitu ditu Azkonak orain, eta ikusi Etxeparek ez ziola deus leporatu nahi izan agaramontarrari; zehazki, Orbarakoaren kontrako deus ikusi edo aditu izana ukatu zuen Etxeparek. Azkona: «Proposatu nahi nukeen ideia da Etxepare ez zela beaumontar sutsua izan. Nafarroaren konkistak zer fase bizi zuen, eta zer tokitan zegoen bera, tokatu zitzaion batzuekin eta besteekin moldatu behar izatea».
«Proposatu nahi nukeen ideia da Etxepare ez zela beaumontar sutsua izan. Nafarroaren konkistak zer fase bizi zuen, eta zer tokitan zegoen bera, tokatu zitzaion batzuekin eta besteekin moldatu behar izatea»
KOLDO AZKONAMusikaria eta ikerlaria
Etxepareri buruz azaleratutako datuen balioa azpimarratu du Azkonak, eta Julien Vinson filologoak orain ehun bat urte plazaratutako duda bat ekarri du gogora horretarako. Azkonaren esanetan, Vinsonek ere mahaigaineratu zuen Linguae Vasconum Primitiae Etxepareren benetako bizipenetan oinarritua egon zitekeelako aukera. «Eta, hara, filologoen intuizioak egia dira batzuetan», nabarmendu du ikerlariak. Berriki argitu direnak aintzat hartuta, isla hauek nabarmendu ditu Azkonak: «Batetik, liburuaren erlijioari buruzko puskan, Etxeparek kezka handia erakusten du arimaren salbazioaren inguruan. Bigarrenik, amodioari buruzko puskan, ikusten da Etxepare bekatari sentitu zela, kulpa sentimendua izan zuela maitasun bekatuen eraginez», nabarmendu du.
Euskararen Egunaren karietara
Ohartzerako, askotarikoak atera dira azalera, baina, Azkonak oroitu duenez, ikerketako lehenbiziko galdera hau izan zen: «Zer demontre jotzen zen Garazin XVI. mendean? Zer musika?». Etxepareren poemei musika jartzea izaki hasiera-hasierako asmoa, hori behar zuten argitu berez Danserie Ensemblekoek. Eta ikerketa sakon baten bitartez egin dute hurbilketa. Garai hartako hainbat doinu aztertu dituzte, Europa guztikoak, Etxepareren poesiara egokitu eta olerkiok musikatzeko —Azkona: «Teknika horri contrafactum deritzo»—. Azkenerako, hemeretzi pieza sortu dituzte.
Abenduaren 2an aurkeztuko dute diskoa, Euskaren Nazioarteko Egunaren eta Nafarroaren Egunaren bezperan, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuko atrioan. Danserie Ensemblek eta Pamiela argitaletxeak ez ezik, Euskaltzaindiak, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak ere parte hartu dute proiektuan, babesle gisara, eta horien ordezkariek ere deitu dute kontzertura agertzera. Azkonak honela helarazi die gonbidapena herritarrei: «Musikari esker, Etxepareren obra bere argitasun guztiarekin heldu zaigu orain».