Berritasun gisa, Iñaki Aldekoa irakasleak garaia eta autorea ezagutzeko egin duen hitzaurrea eta Jon Aranguren artistaren ilustrazioak ditu aipagarri Bernardo Atxagaren (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) poema liburuaren laugarren edizio honek. Baita Anari Alberdi musikariak kontrazalean idatzitako testua ere: Etiopia beretzat zer izan zen azaldu du hartan. Horrez gain, irakurleari egokitzeko zenbait lizentzia ere hartu ditu Erein argitaletxeak, Inazio Mujika Iraola editorearen hitzetan: «Gaur egun beste modu batera irakurtzen dira gauzak, eta enbarazurik txikiena sortzea izan da asmoa».
Etiopia 1978an argitaratu zen estreinakoz. Pott Liburutegia zigilupean plazaratu zen, hura ez beste libururik argitaratu ez zuten arren —bai, ordea, aldizkaririk—. Portugaleteko inprimategi txiki batean (Bizkaia) inprimatu zuten, hirurehun ale guztira, edizio lanak modu ezin xumeagoan egin eta gero. Anekdota gisa, inprimatzailea «ovni-fededun bat» zela kontatu du Atxagak. Liburua inprimatzen ari zela, bost minututik behin ateratzen omen zen, zeruan elementu hegalari ezezagunik ba ote zegoen begiratzeko. «Ovni-pasa eguna» zela esan omen zion idazleari.
1983an berriro eman zen argitara liburua; orduko hartan, Ereinen bitartez, eta aurrekoak baino bi poema gehiago zituela; biak ere, Etiopia-ko gainontzeko testuak idatzi ziren garaikoak. 1988an berriro plazaratu zuen Ereinek, aldaketarik gutxi eginda. Baina, harrezkero, kito. Liburua agortu zenean, berrargitaratzeko eskari ugari jaso zuen argitaletxeak, baina egileak halakorik nahi ez: «Ikara ematen zidan». Beldurrak beldur, laugarren argitaraldia ere ezagutu du azkenik.
Tarte zabal horretan bi elementu itsatsi zaizkio liburuari, erremediorik gabe lotu ere. Bata Ruper Ordorika da; zehazki, haren Hautsi da anphora diskoa, Atxagaren poema musikatuez osatua. Ruperren doinuek «irakurketaren erritmoa baldintzatzeraino» eragin diotela aitortu du editoreak, edizioa atontzeko lanak esplikatzean.
Liburuari itsatsi zaion bigarren elementua fotokopia da, eta ia lau hamarraldi agortuta eman izanaren ondorio da, nagusiki. Beste askok bezala, Anarik ondo kostata lortu zuen: «Fakultateko liburutegian aurkitu nuen azkenean, eta fotokopiatuta gorde dut urteetan». Lehenengoz irakurri zuenean zail egin zitzaion ustea du musikariak, baina hari esker ikasi omen zuen «nola hausten duen poesiak arrazoiaren oskola». Orain, argitalpen berrirako ostera irakurri duenean, «infinitua» iruditu zaio liburua.
Bilbotik Etiopiara
Bernardo Atxagak aitortu du Bizkaiko hiriburua izan duela benetako emari: «Halakorik ezin zen idatzi Bilborik gabe». Abangoardia aurkitu zuen han, frankismo betean ikastera joan zenean: «Diktaduran ezin da errealismorik egin, eta halaxe loratu zen abangoardia Euskal Herrian: Parisen bezala, baina berrogei urte geroago». Bereziki antzerkiak txunditzen omen zuen Atxaga orduan: «Lengoaia apurtzeko forma guztiz desberdinak ekarri zituen, eta bereziki eszeptizismoa». Baina Bilbon aurkitutako teatroak bezainbeste, inguru hartako orduko paisaiak txunditu zuen Atxaga gaztea: «Maite nuen Bilbo».
«Diktaduran ezin da errealismorik egin, eta halaxe loratu zen abangoardia Euskal Herrian: Parisen bezala, baina berrogei urte geroago»BERNARDO ATXAGAIdazlea
Maitemintze horren gailurra zein izan zen ere aipatu du. Deustuko pisu batean izan omen zen, zenbait ikaskiderekin Robinson Crusoe euskaratzeko biltzen zirenean, besteak beste. Ikaskide batek magnetofono bat ekarri omen zuen behinola —bakanak eta oso garestiak ziren garai hartan—. Etxeko ugazaba andrea Deustuko karamelu saltzailea omen zen, eta eskatu omen zioten zerbait kanta zezala. Baita kantatu ere, baina ez Atxagak eta lagunek uste zutena: «Desde Santurce a Bilbao kantatuko zigulakoan, eta Obabatxu, Obabatxue sehaska kanta abestu zigun, osorik. Harri eta zur gelditu ginen, bigarren zatia ineditoa zelako. Une horretan gelditu zen erabakita Etiopia, Obabakoak eta dena».
Bestelako aitortzarik ere egin dio Bizkaiko hiriburuari: «Asteasu eta Bilbo bertatik bertara daude. Hurbilago dago Asteasu Bilbotik, Donostiatik baino». Horren «errua» Gabriel Arestiri egotzi dio, hura ezagutu zuenean eta Arestik Asteasuz zenbat zekien frogatu zionean, etxean bezala sentitu baitzen Atxaga: «Esan zidan euskaraz idatzi den libururik onena Mikaela Elizegik Pello Errotaren bizitzaz idatzitakoa zela».
Atxagak esan du Etiopia-ren orduko helburua gaurko bera dela: «Lengoaiaren erabilera higuingarria da, faltsua da, krimena estaltzen du, gezurrez egiten du gizartearen eraikina. Lengoaia apurtzea izan dut beti horizontean».