Berlin, biboterik moztu gabe

Sasian, mozorrotuta, lau hilabete eman zituen Jose Antonio Agirre lehendakariak III. Reicharen epizentroan, 1941ean. Mapa berri batek gogora ekarri du aldi hura.

Danel Agirre.
Berlin
2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Afaldu eta gero osteratxoa egin dugu Unter den Lindenen barrena. Fuehrerraren kantziler etxea, ministerioak, jauregi inperialak. Ez dago gusturik, batez ere ale nagusiagoen balioa gutxitzen duen eraikin pilaketa dagoelako. Etxe zaharrak monumentu handien parean. Estilo ezberdinetako eraikuntza itsusiak bata bestearen alboan».

Kezkatuta, espioi moduan bizitzen, baina egiteko handirik gabe zegoen Jose Antonio Agirre lehendakaria Berlin II. Mundu Gerrako lehenbiziko bonbardaketak pairatzen hasi zenean, eta lau hilabetez paseatu ahal izan zuen hirian. Berezkoak ez zituen bibote eta betaurrekoen atzean ezkutatuta, Jose Andres Alvarez Lastra abokatu panamarraren agiri faltsuak patrikan eta Gestapok bere pistarik ba ote zuen susmatu gabe, oraindik gatazka irabaziko zuela ziurtzat zuen hirian Amerikara iritsi ahal izateko gestioak eginez ematen zituen egunak.

Egunkari bat gauero elikatuz joan zen lehendakari erbesteratua, eta huraxe da gaur eta bihar ospatuko den Agirre in Berlin kongresuaren muina. Hark iruzkindutako hiriburuko hainbat punturekin mapa osatu du Kulturverein Gernika Euskal Etxeak. Haren errutinen eta Europatik ihes egiteko sorospena eskaini zion giza sarearen lekuko dira. German Guardia Jaen Panamako kontsulak eman zion Alvarezen pasaporte baliotsu hura, baina Federico Villalaz herrikidea eta Roberto Despradel enbaxadore dominikarra ere cicerone izan zituen.

Agirrek deskribatu txoko gehienak ez dira bere hartan ailegatu Berlin modernora. Victoria ostatua ez da aspaldi existitzen. Nazismoaren eraikin ofizialak ere ez ziren gerratik onik atera. St. Hedwigs katedral katolikoa bonbardaketek birrindu zuten, baina berreraiki zuten. Berlingo artzapezpikutzaren egoitza da egun.

Orduko toki berean dago Majestic hotela ere. Han hartu zuen ostatu Mari Zabalak, Agirreren emazteak, Venezuelako nortasun faltsuarekin: Maria Arrigorriaga Guerraren alarguna. Harresiaren garaian, Charlottenburg auzoa Mendebaldeko Berlingo gune komertzial nagusi bilakatu zen. Unter den Linden etorbidea eta Mitte auzoa desfileetarako erabili zituen ekialdeko Errepublika Demokratikoak.

Suediatik Rio de Janeirora

Desfile eta parada militarrak bizi eta hiria haientzat atontzeko berlindarrek zuten gaitasuna goresten du Agirrek bere egunkarian. Pasarte horiek testuingurutik atera, eta «filonazitzat» jo zuen lehendakaria Leopoldo Barreda Alderdi Popularreko legebiltzarkideak 2005ean, Ibarretxe plana aztertzeko bilkuran. Espainiako bi egunkarik ere errepikatu zuten prozedura hori geroago, Agirrek nazienganako «begikotasuna» zuela zioten erreportajeetan.

1941eko maiatzaren 23an utzi zuten Berlin Jose Andres Alvarezek, Maria Arrigorriaga Guerraren alargunak eta seme-alabek. Lehendakariaren familiak. Trelleborgerako itsasontzira igo ziren Sassnitzen, handik gutxira Rio de Janeirora (Brasil) jarraitzeko asmoz. Pentsatzekoa da Alemaniako kostarako bidean Oranienburgetik pasatu zirela. Gerra amaiera aldera, herri horretan zegoen Sachsenhausen kontzentrazio eremuan bi urtez egon zen atxilo Francisco Largo Caballero, Euskal Estatutua onartu eta Agirre lehendakari bihurtu zenean Errepublikako presidentea zena.

Agirre lehendakariaren Berlingo egonaldiari eta egunotako kongresuari buruzko informazioa: www.agirreinberlin.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.