Arketipoa: primitiboa edo ideala, eredu gisa balio duen jatorrizkoa. «Zerbaiten moldea egin, eta errepikatzen den gauza hori ez dakit zenbat bider egiten dudan; gero, horrekin lanean hasten naiz. Beste material batzuk nahasten dizkiot eta, sortzen dira, adibidez, maskara antzeko batzuk». Maskara antzeko batzuk, aurpegiak irudikatzen dituzten pinturak, kolore alaiak, ezinegona eragiten duen giroa... Horiek denak ikus daitezke Jenni Alvaradoren Arketipoak erakusketan; agorrilaren 31z geroz dago Uztaritzeko (Lapurdi) Ttok arte gunean ikusgai, eta urriaren 17 arte egonen da bertan.
Prozesu berezi bati jarraiki dio erakusketa osatzen duten obren sortzeko tenorean, eta bi motatako sorkuntzak agertu ditu: eskulturak eta pinturak. Baina elkarri loturik ulertu behar dira biak, hein batean bederen. Hasieran, eskultura da pinturarako abiapuntua, baina, pauso hori emanda, eskultura ere autonomo bilakatzen da, eta banakako gisa uler daiteke. «Materialak aberastuz doaz pixkanaka-pixkanaka, eta geroz eta landuagoak dira; beraz, orain, eskulturek ez dituzte gehiago pinturak behar», azaldu du artistak. Eta, funtsean, pinturak behin bukaturik, nahiz eskulturatik abiatu zituen, independenteki ere uler daitezke.
Dena den, lan prozesu horretatik pinturan gehien atera zaiona aurpegiak dira: «Ez dira ezer zehazki, ez naiz ari pertsonaia baten bila, baina agertzen dira eskultura batekin abiatzen naizelako, eta horietarik erretratuak ateratzen direlako». Berriz ere, eskulturatik pinturarako prozesu horren aipamena egiten du, prozesu horretatik zaizkiolako, hain zuzen, erretratu horiek eskuetara heltzen, eta margolanera iristen.
Arketipoen bertsioak
Zerbait arketipo deitzeko, nonbait, bertsioak behar ditu, bestenaz ez baitu definizio hori merezi. Berezkoa eta berezko horretatik abiatutakoak desberdindu beharrekoak dira, batek besteari egin dion ekarpena ulertzeko; hain zuzen, Alvaradoren lana ulertzeko, kontuan izan behar dira arketipoaren eta bertsioaren arteko lotura eta desberdintasun horiek. Kontzeptu horren ulertzeko, adibide ona dira, besteak beste, duela bost bat urte egiten zituen eskultura handiak —honako erakusketako obrak azken bost urteetan egin lanaren emaitza dira—: «Pinturarekin, eskulturetatik bat zatitzen nuen». Horrela, eskultura handi batetik, arketipotik, hainbat pintura sortu zituen: deklinazioak; horrek modua eman zion berezko eskulturaren atal anitz pinturan zehazkiago agertzeko.
«Ez dira ezer zehazki, ez naiz ari pertsonaia baten bila, baina agertzen dira eskultura batekin abiatzen naizelako eta horietarik erretratuak ateratzen direlako»
JENNI ALVARADOArtista
Eta, deklinazio horiek sortzeko inspirazioa heldu zitzaiola, erretratuak atera zitzaizkion, potretak. «Azkenean, beti ateratzen zaizkit pertsonaiak. Aurpegiak pixka bat ezkutatzen dizkiedanez, bi bide irekitzen dira: aurpegia estaltzean, ezaugarri inkietante bat jartzen da, eta, bestalde, estaltzeak aurpegiari beste espresio forma batzuk ere azaleratzen dizkio». Erran du bi ezaugarri horiek direla, izatekotan, erakusketako obra guztiak lotzen dituen hari gorria. Horrez gain, aipatu du zenbait sorkuntzak kutsu folklorikoa ere badutela, eskulturak sortzeko erabiltzen dituen materialengatik: lazoak, kordelak, oihalak...
Ororen buru, batez ere entseatu da saihesten figuratiboegi atera zitekeena: «Beste gauza baten sortzeko, eta ez bakarrik berez ikusten dena agertzeko, nahi nituen gauza batzuk ezkutatu, ingurunean desagerrarazi, eta uste dut erakusketa honetan ikus daitekeela nola egin dudan lan hori».