Zazpi urteko barealdiaren ostean, iritsi da Pearl Jam taldearen hamaikagarren estudioko lana: Gigaton. Ostiralean plazaratu zuten, jarraitzaile eta zale askoren egarriari eta goseari erantzunez.Duela bi urte inguru hasi ziren diskoa grabatzen Eddie Vedder (ahotsa eta gitarra), Mike McCready (gitarra solista), Stone Gossard (gitarra erritmikoa), Jeff Ament (baxua), Matt Cameron (bateria) eta Boom Gaspar (teklatuak); aurten amaitu dute lana.
Hamabi kantu bildu dituzte diskoan, eta, ostiralean plazaratu bazuten ere, horietako bi lehenago jarri zituzten entzungai. Dance of the Clairvoyants da aurrerapen kantu horietako bat, entzungai jarri zuten lehena. Hainbat musika kritikariren aburuz, diskoko abestirik apurtzaileena eta iraultzaileena da: taldearen hasierako urteetako kutsua mantentzen duelako, batetik, eta, gaurkotasuna duen ukitu esperimental bat erantsi diotelako, bestetik. Sorpresa kontzeptua ere erabili dute kantu hori deskribatzeko, baina, lan berria osorik entzunda, ez du diskoaren norabidea definitzen, ez musikalki, ezta estilo aldetik ere. Tituluan antzeman daitekeen bezala, kantu dantzagarri bat da: oinarri erritmiko bat du, funk ukituarekin. Letrari dagokionez, batasunari, perfektutasunari eta egunerokotasunari buruz hitz egiten du.
Bidaia ilun eta zirraragarria
Superblood Wolfmoon du izena bigarren aurrerapen kantuak, eta taldeak orain arteko ibilbidean jarraitu duen ildo musikalari heltzen dio. Gainerako kantuak askotarikoak dira. Quick Escape, adibidez, diskoko piezarik indartsuenetako bat da: presentzia berezia hartzen du Amenten baxuak, baita gitarraren doinu elektrikoek eta giro soinuek ere. Diskoaren nortasunaren adierazgarri da abestiaren musikaltasuna, eta testuinguru soziopolitikoari buruz mintzo da Vedder. Agerian uzten du taldekideek Donald Trump AEBetako presidentearekiko sentitzen duten higuina. «Marokoko muga zeharkatu nuen. Kakhemira, gero Marrakech. Orduan zer muturretara joan behar izan genuen... Trumpek oraindik izorratuko ez zuen leku bat aurkitzeko», dio.
Diskoaren lehenengo lau kantuetako hiru dira aipaturiko horiek. Erritmo bizia dute laurek, eta erritmo bizia ematen diote diskoari ere. Ondoren datozen bi kantuekin, ordea, erritmo hori apur bat jaitsi, eta bestelako zerbait eskaintzen saiatu da taldea: Allright eta Seven O'Clock abestiak dira. Balada elektroniko bat da lehena. Bigarren kantuan, aldiz, melodia heldu batekin egingo du topo entzuleak. Jarraian datoz beste sei kantuak, eta, hamabien artean, ia ordubete egiten dute. River Cross piezarekin amaitzen da: diskoarekin batera plazaratu arren, abeslariak 2017. urtean interpretatu zuen lehenengoz, bakarkako saio batean. Orduan zuen oinarri berbera du, eta hileta baten kutsua har dezake hasieran: organoa du, eta doinuak irmoak eta solemneak dira. Haatik, bira bat ematen du, eta esperantzari dei eginez amaitzen da: «Partekatu argia... Ez gaitu geldituko».
Taldearen webgune ofizialean jasotako adierazpen batzuen arabera, «bidaia luze bat» izan da diskoaren ekoizpena. Horrela dio McCready gitarra jotzaileak: «Emozionalki iluna eta nahasia izan zen batzuetan, baina baita musikaren berrerospenerako bide eta mapa zirraragarri zein esperimentala ere». Diskoaren sortze prozesuaz ez ezik, taldekideekin izandako harremanaz ere mintzatu da: «Diskoa egitean taldekideekin izandako lankidetzak, azkenean, maitasun, kontzientzia eta ezagutza handiagoa eman dit garai hauetan giza loturen beharraz ohartzeko».
Taldeak 1990eko hamarkadan egin zituen lehen pausoak, eta Ten (1991) eta Vs. (1993) diskoekin berehala bilakatu zen grunge mugimenduko talderik arrakastatsuena. Gerora, ordea, beste bide batzuk bilatzeko beharra sentitu zuen taldeak, No Code-k (1996) eta Neil Youngekin grabatutako Mirror Ball-ek (1995) erakutsi zuten bezala.
Berezkotasun musikalari leial
Zazpi urteko etenaren ostean, Pearl Jam taldeak bere 11. estudioko lana argitaratu du: 'Gigaton'. Bandak bere estiloari eutsi dio, baina ukitu berritzaile ugari gehituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu