Berezko iturritik edaten zuena

Orion eman diote azken agurra Manuel Lasarte bertsolariari, senide eta lagunez inguraturik; igandean hil zen 84 urte zituelaGerra osteko bertsolaritzaren zutarri izan zen Basarri eta Uztapiderekin batera

gorka erostarbe leunda
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Urtebete pasatxo zeraman Aretxabaletako (Gipuzkoa) zahar etxe batean bizitzen. Han eman zuen azken hatsa Manuel Lasartek, igandean, 84 urte zituela. Baina bizitzaren zati handi bat itsasoaren ondoan eman zuen, Orion (Gipuzkoa) eta hango parrokian egin zuten atzo haren hileta elizkizuna, haren familiako eta bertsolarien familiako kidez inguraturik egin ere.

Urte askoan plazetatik urrunduta egonagatik, 40 urte inguru, maitea zuten bertsolaritzaren munduan, bai bertsolari moduan zituen dohainengatik bai eta pertsona bezala zituenengatik ere. Imanol Lazkanok adiskide eta kantakide izan zuen urte sail batean, Lasartek kantatzeari utzi aurreko urteetan, hain zuzen ere. «Bertsolaritza baserritarren arteko girotik irten eta kaletartzen hasi zen garai hartan, gai politiko eta sozialak aipatzen, eta ez zen sentitzen eroso. Osasun arazoak ere izan zituen orduan. Nik uste dut artean bertsotarako moduan zegoela utzi zuela horiek guztiengatik». Hala adierazi zuen atzo Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Beste askoren eran, Lasarteren neurri eta errimarako trebezia nabarmentzen ditu Lazkanok: «Bere bertsokerako errima eta neurrietan nik ez dut uste berdinik izan zuenik, hori izugarria zuen». Eta horri «kantaera gozoa» gaineratu behar. «Gaurko bertsolariek barkatuko didate baina ordukoek kantaera hobea zutela uste dut, ahots hobea. Mikrofonorik-eta ez zen, eta ahotsak garrantzi handia zuen. Eta kantaera hobea zuten horien guztien artean, onenetakoa zen Lasarte, bere ahots gozoarekin».

Antzeko dohainak aitortzen dizkio Jon Lopategik ere Lasarteri: «Bertsolari perfektu bat aukeratzekotan, Lasarte aukeratuko nuke. Goxoa kantaeran, perfektua neurrian eta erriman, euskara sekulakoa... gehiago ezin zitekeen eskatu. Perfekzioa zeukan euskararen aldetik eta teknikaren aldetik. Entzulegoa beti gustura zegoen harekin. Serio eta errespetuz, beti jendea erakartzen zuen, eta denok adi egoten ginen hari entzuten».

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kudeaturiko Bidegileak bildumak ale bat eskaini zion Manuel Lasarteri. Besteak beste, Juan Mari Lekuonak Lasarteri buruz esandako hau biltzen da bartan: «Inork ez bezala ematen digu hitzek duten hots-irudizko antza, hitzen hots berdinek elkarren artean duten lokera majikoa».

Errima eta puntua adierazteko tresna zituen, lanabes, baina adierazkortasuna berezkoa zuen. Hala idatzi zuen Lasartek berak: «Bertsolariari berez sortu bear zaio bertsoa... Nere iturritik sortzen zen ura erabili dut bertsotarako... Berezkoa bear du bertsolariak».Berezkotasunari, berezko sormenari begirunea zion Lasartek. Behin eta berriz aipatzen zuen bertso, kontakizun eta elkarrizketetan, eskola gutxi jaso zuela esaterakin batera: «batere ez esanda gezurra litzake, baiña ortik aurrera gutxi». Eduardo Txillida artistak ez zuen uste handirik arte akademia edo eskoletan. Akaso horregatik eta Lasarteren berezkotasunak liluraturik joango zitzaion etxera bisitan eta ezagutzeko asmotan, opari eta guzti. Nork berea landu behar zuela uste zuen Txillidak, eta huraxe ikusiko zuen Lasarterengan ere, artistaren berezko sena.

Lana bizitza eskola

Eskolak eman ez ziona lanetik jaso zuen Lasartek. Lana izan zuen bizitzaren eskola. Leitzako (Nafarroa) Franki baserrian jaio zen 1927ko abenduaren 16an. Gazte alde eginagatik, Leitzatik Aiara aurrena, eta Aiatik Oriora hurrena, ez zuen ahazteko bere jaiotetxea: «Amak azi ninduen bere besuetan / ase ta berdinduaz bular gozuetan; / gero aitari laguntzen Franki basuetan / artzai ibili nintzan urte batzuetan, / lenengo antxe asi nintzan bertsuetan», utzi zuen idatzita. Hamaika bat urte zituela hasi zen lanean, koinatuarekin. Ferratzailea zen eta Aian hartu zuen ferratokia. Bizikletan joaten ziren Leitzatik Aiara: astelehen goizean joan eta larunbat gauean buelta. Familia osoa Aiaratu zen berak 12 urte zituela. Zumarragan, Eibarren, Amezketan eta Zarautzen ere aritu zen lanean, ferratzaile zenbaitetan, morroi besteetan, eta azkenik errementari Orion.

Lasarteren lana ez zen mugatu, ordea, basora, ferratokira edo sutegira; gazterik hasi zen bertsotan ere: «Nik amazazpi urterekin kantatu nituen lenengo bertsoak plazan, Zaldibarren. Antxe jaso nuen nik lenengo ogei durokoa bertsoetatik. Bein emezortzi urte nituenerako, asi nintzan erriz-erri ugari samar kantatzen ta txanpon batzuk irabazten». Bertsolaritza lan gogortzat zuen Lasartek, gau ibilerek eta etxetik kanpo denbora luzez ibili beharraren ondorioz, baina «batere damurik» ez zuela esaten zuen behin baino gehiagotan, baldin eta «ibilera txar guztiak herriaren mesederako» izan baziren.

Bizibidea soilik ez, adiskidetasuna ere eskaini zion bertsolari gisa arituriko ia 42 urteetan. 50eko hamarkadan hiruko sendo eta erakargarria osatu zuen Basarri eta Uztapiderekin batera. 60ko hamarkadatik aurrera atzetik zetozenekin ere sarri ibili izan zen oholtzan; Lazkao Txiki, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Jon Azpillaga, Jon Lopategi eta Imanol Lazkanorekin, besteak beste. Adiskidetasun berezia egin zuen batez ere Manuel Olaizola Uztapide-rekin. Uztapide gogoan izeneko liburua plazaratu zuen 1999an, Sendoa argitaletxearen Auspoa bilduman. Eta honako bertso hau ere idatzi zuen: «Txoria aldatzen da basotik basora, / bai ni ere, Manuel, pausotik pausora. / Zu falta zaitudanez ez nabil gustora, ezin bainaiz iritsi zorion osora, guk biok len genduen maitasun gozora». Lazkao Txiki gogoan (1994) eta Beranduko lanak (bizitza eta bertsoak) autobiografia ere (1993) plazaratu zituen Auspoa bilduman, beste zenbait libururekin batera.

Eskola gabekoa izanagatik, hizkuntza aberastasun handia aitortzen diote adituek. Iñaki Zubizarretak Iturria ondare izeneko liburua argitaratu zuen 2008an (Auspoa bilduman hura ere), Lasarteren dohain linguistiko eta pertsonalak aztertuz.

Osasunaren gurutzebidea

Bizitza gogorra egokitu zitzaion Lasarteri, eta horrek bere osasunean eragin izan zuen. Arrebaren heriotza txikitan, alabarena aita gazte zelarik. Eta berez ere osasun ahula zekarren, gerraondoan ogi txarrak janda urdailetik gaixotu baitzen. «Gerrak amari osasuna kendu zion eta niri ere bai». 1963an ebakuntza egin zioten urdailean. Uztapide lagunak galdetu omen zion zer moduz zebilen,eta hala erantzun Lasartek bertsotan: «Ni nazu luzaruan gaixo egondua, / len gogorra nitzana orain bigundua; / supritzeko izan da neretzat mundua, / eskerrak izan dala zeñek lagundua».

Bere bertsokeran gaixotasunak eta minak habia egin zuten, baina umorea ere bidaide zuen, ez umore zakarra. Ironiatik jotzen zuen sarkasmotik baino gehiago, alegia. Berak ere hala aitortu zuen behin baino gehiagotan: «Bertso sakonek berekin dute umore barrenkoia». Umorearen bezainbeste egiten zuen umiltasunaren aldarria ere. Jasotako omenaldi anitzetan, Leitzan, Aian edota Orion, beti egingo zuen bere burua ez goratzeko aipamenik. «Zergatik maite nazu hainbeste/ ni ezerez bat izanda?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.