Berezko erroari zintzo

Oinarri koloretsua duten margolanak jarri ditu ikusgai Xabier Soubelet artistak Iruñeko Ziudadelan, 'Abstrootism, erroak eta abstrakzioa' izeneko erakusketan

Azken bost urteotan ondutako margolanak jarri ditu Xabier Soubeletek Iruñeko Ziudadelan, Mistoen aretoan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Eztanda. Kolore eztanda da Xabier Soubeleten (Ziburu, Lapurdi, 1953) Abstrootism, erroak eta abstrakzioa erakusketa. Negu ilunetik udaberri argitsura egindako saltoa iduri du. Iruñeko Ziudadelako Mistoen aretoan ikusgai dauden 56 koadroak azken bost urteotan egindakoak dira. Artistak abstrakzioaren alde egindako «hautu kontzientea» azaleratzen du, besteak beste. Zenbait koadrotan, bisitariari jolas bat proposatzen dio Soubeletek, kolorearen eta argiaren bitartez, ustez abstraktuak diren lanetan, figurazio elementuak bila ditzan. Heldu den maiatzaren 7ra bitarte ikusi ahal izango dira lanok.

Margolari moduan duen «berezko erroa» figurazioan dagoela azaldu du Soubeletek. Hala ere, abstrakziorako joera «barnean iltzatua» daukala dio. Hortik dator, hortaz, abstrakzioa oinarri hartuta hainbat lanetan figurazio zantzuak lantzeko ohitura. «Hasieran, abstraktuak diren lanetan, zehaztasun txiki batek eramaten ahal gaitu koadroa ulertzera», azaldu du artistak. Aipatutako zehaztasun horren bilaketa egitera behartzen du bisitaria sarritan. Erakusketara joaten denak bere obra ulertzeko «ahalegina» egitea nahi duela dio.

Ia 45 urte dira Soubelet margotzen hasi zela. Hastapenetan, paisaiak margotzen hasi zen. Inpresionismoaren bidetik ekin zion bere ibilbideari. Erratzuko (Nafarroa) Joxe Mari Apezetxea artista izan zen haren maisua: «Paul Cezzane handiaren lanei begira ikasi zuen Apezetxeak. Nire erroak artista horren eraketan daude. Baina, nire iritziz, kolorea falta zaio Cezzaneri». Espresionismo alemaniarrean topatu zuen Frantziako artistari falta zitzaion kolorea; Die Bruecke mugimenduko artistengan, bereziki. Abstrakziorako bidea, berriz, Willem de Kooning eta Bram van Velde margolariei esker topatu zuen. Eragin horien harira, kolorearen aldeko apustu irmoa egin du erakusketan. Ziurtasunez egindako pintzelkada koloretsuez landu ditu ikusgai jarri dituen koadro gehienak, lan horiei artistak berezkoa duen nortasuna kutsatuta.

Lau hamarkadatan garatutako lanak «askeago» sentitzen lagundu diola azaldu du artistak. «Zerbait ikusten dudanean, paisaia bat adibidez, ez dut eman nahi ikusten dudan moduan; nire koloreez eta nire argiz adieraz dezakedan modura eman nahi izaten dut». Lan egiteko modu horri esker, ezagutzen errazak diren margolanak egiten ditu. Kolorea eta pintzelkada lantzeko moduagatik, azkar batean igar daiteke Soubeleten lanak direla.

Itsasoa gaitzat duten lanei erreparatu besterik ez dago; Porturantz deituriko koadroari, esaterako. Horiak, urdinak eta berdeak nagusitzen dira hartan, batez ere. Pintzelkada mardulez margotua dago, arrastoak egiteko erabiltzen duen margo kopuruagatik. Lehen begiratuan, iduri du zehaztasuna falta dela, azkar batean egindako lana dela. Baina, denbora pixka bat hartuz gero, berehala gelditzen da agerian asko landutako koadroa dela. Zehaztasun ugariz betea dago: itsasontziak, uberaren arrasto zuria, ilunabarra... Artistak bere etxeko leihotik begira dagoela kamera batez izoztutako unea dela dirudi ia. Hori bai, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko nahasketa baliatu du adierazi nahi duen hori islatzeko.

Xabier Soubelet esan ordurako, ia berehala lotzen da Baztanekin. Hala ere, ziurrenik ezezagunagoa da itsasoarekin duen lotura. Artistak azaldu duenez, bi bizileku ditu, bat Donibane Lohizunen (Lapurdi) eta bestea Erratzun (Nafarroa). Bi herrietan egindako egonaldien fruitu dira, hortaz, haren lanak. Beste behin ere, bere erroak, bizitokiarenak agerian uzten ditu Iruñean erakutsi dituen lanen bidez. Gainera, bietan eroso sentitzen dela dio, eta hori margolanetan antzematen dela.

Dena den, memoriari ere egiten dio txokoa. Gernikaren (Bizkaia) bonbardaketaren 80. urteurrena gogora ekartzen duen lan handi bat dago erakusketan. Pintzelkaden artean bonbak irudika daitezke. «Funtsean, lan abstraktua da, baina koloreen bitartez atzeman daitezke bonbak», azaldu du. Halako gertakari «ilun» batean horrenbeste kolore zergatik erabiltzen dituen galdetuta, argitu du esperantzarako bidea proposatu nahi duela: «80 urte igaro dira, eta esperantzak eta etorkizunak erakutsi digu Gernika tristea eta alaia dela aldi berean».

Urtaroak eta sorkuntza

Naturarekin harreman estua duen artista izaki, udaberritik udazkenera bitarte soilik margotzen du Soubelet. Aitortu duenez, ez du atsegin udazkenean eta neguan margotzea. Egunak motzagoak eta ilunagoak izaten dira oro har. Iruditzen zaio Baztanen bereziki direla ilunak. Horregatik, margotzeari utzi, eta idazteko baliatzen ditu egunok, batez ere.

Udaberrian eta udan, berriz, letrak albo batean utzi, eta margolanetan zentratzen da. Dioenez, udaberritik udazkenera bitarte margotzen du soilik. Tenore horretan, Erratzun egoten da. Han du estudioa, eta bisitariak hartzeko prest egoten da beti. Izan ere, harreman zuzena maite du, bai margotzen duen horrekin, bai bere artelanetan interesa dutenekin. Bisitari gehienak bere lanak ikustera joaten dira, ez horrenbeste erostera. Horregatik bakarrik, margolan baten inguruan bisitari batekin hitz egiteagatik, estudioa irekita mantentzea merezi duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.