Beren buruaz beste bat

Bidehutsen 10. urtemugan ondutako 'Mirailak' diskoa zuzenean aurkeztuko dute gaur, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean. Bederatzi talde ariko dira, elkarren bertsioak joz, besteak beste

Lisabö taldea, 2012an, EH Sona jaialdian, Bartzelonan. JORDI BORRAS.
gorka erostarbe leunda
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Bidehuts musika kolektiboak bere hamargarren urtemuga ospatzeko kontzertu berezia egin zuen otsailean, Donostiako Bukowskin. Audience taldeak jo zuen, besteak beste, eta kolektiboan kide dituen hainbaten moldaketak egin ere bai. Hori izan zen ideiaren ernamuina; Bidehuts osatzen duten taldeek elkarren moldaketak egin eta disko batean grabatzea. Mirailak du izenburu bertsioen disko horrek, eta Gure arteko begirada zeharkakoak du azpi-izenburu esanguratsu.

Ariketa interesgarria izan ohi da beste musikari edo talderen baten bertsioak egitea musikariarentzat. Bestea hobeto ezagutzeko bezainbat balio du norbera ezagutzeko ere, bestearen sorkuntzan harramazka eginez, hura miatuz norberaren ertzak noraino hel daitezkeen ikusteko, norbere buruaz beste bat egiteko.

Taldetasunean eta autoerakuntzan izan du indarra Bidehutsek hastapenetik. Indar hori sendotzeko eta azaltzeko modua ere bada elkarren bertsioz osaturiko diskoa ontzea. Nola hautatu, ordea, kantuak? Non jarri galbahea? Karlos Osinaga Txap Lisaboko kide eta hainbat moldaketatan soinu teknikari lanak egin dituenak azaldu du prozesua: «Ez da premisa askorik izan. Hainbat ideia izan ziren hasieran; garbi genuen, antzekotasun edo gertutasun kontuak zirela medio, hobe zela zenbait gurutzaketa saihestea; Lisabo eta Saccoren artean, adibidez. Zozketa egitea erabaki genuen».

Taldeak zozketatu zituzten. Ez kantuak. «Taldea egokituta, bakoitzak bestearen errepertorioaren errepaso moduko bat egin zuen, eta gustukoena, edo ondo egokitzen zitzaiena, edo interesgarriena hautatu zuten».Diskoak —biniloan ere plazaratu dute— bi zati ditu. A aldean Joseba Irazokik Jupiter Jonen Gangsterrak operara doaz moldatu du; Anarik, Irazoki beraren Udaberriko eguzki; Jupiter Jonek, Lisaboren Oroimenik gabeko filma; Saccok, Gora Japonen Reggaeton, eta Gora Japonek Nireren Hamabost diskoko kantuen letretan oinarrituriko bertsioa egin du. B aldean, aldiz, Mursegok Saccoren Eskuen lur azpia moldatu du; Audiencek, Anariren Ametsen eraiste neurtua; Lisabok, Inoren Ero Niren Hildako gizona; Inoren Ero Nik, Audienceren Criminal Tango Festa, eta Nirek, Mursegoren Iragana (Xauxarraren begietan). Lisaboren beraren grabaketaz arduratzeaz gain, Sacco, Mursego, Jupiter Jon eta Nirerenaz ere arduratu zen Osinaga. «Arriskua izan zitekeen bakoitzari berea eman nahian soinu desberdinegiak azaltzea, eta saiatu gara nolabaiteko soinu batasuna ematen».

Bidehuts osatzen duten taldeek lehen ere egina zuten antzeko ariketa bat: 2010ean Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak izeneko bertsioen bilduma argitaratu zuten, baina hartan bakarra izan zenbertsioen ardatza, Mikel Laboa, hain zuzen ere. Kolektibotik kanpoko beste zenbait musikari eta talde adiskidek ere parte hartu zuten.

Oraingoan, Bidehutseko kideek soilik parte hartu dute. «Hau zen unea. Horrelako proiektu bat egiteak bere zailtasun praktikoak dauzka, eta orain zen unea, hamargarren urtemugaren harira. Elkartu gara, egin dugu, eta oso kontentu gaude. Badakigu ez dela disko bat asko saldu eta zabalduko dena, baina egin nahi genuen, gure artean gozatu nahi genuen, eta hala izan da, gainera», dio Osinagak.

Kontzertuan, 15na minutu

Ez da disko komertziala ziur aski, baina ifrentzua ere topatu dute Bidehutseko kideek zuzeneko kontzerturako sarrerak aspaldi bukatuak zirela jakitean. Donostiako Intxaurrondo kultur etxean bilduko dira gaur Mirailak diskoa osatu duten talde eta musikari guztiak, 21:30ean, aretoa mukuru beterik dagoela. Salbuespen bakarra egongo da, Gora Japon taldea ez baita zuzenean arituko. Talde bakoitzak diskorako ondutako bertsioa eta «beste kantu pare bat» joko ditu. «Talde bakoitzak 15 edo 20 minutu izango ditu, eta, oso luze gerta ez dadin, bi zatitan banatuko dugu kontzertua, tartean atsedenalditxo bat eginez». Lisabo bera aspaldi zuzenean aritu gabea da. 2011n atera zuen Animalia lotsatuen putzua azken lana. Orduko talde berarekin ariko da. Karlos Osinaga eta Javi Manterola gitarretan, Joseba Ponce eta Xabi Zabala baxuetan, eta Eneko Aranzasti eta Ivan Zabalegi baterietan. «Festa bat da guretzat, lagun eta familia girokoa ia. Motibaturik gaude, eta aurrera begira ere kolektibo moduan indarra eman digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.