Musika

Bereak eta soilik beretzat diren arauekin

Rufus Wainwright Donostian arituko da hamar urteren ondoren. 'Unfollow the Rules' diskoa aurkeztuko du; kantu klasikoak ere joko ditu

Rufus Wainwright 2018ko kontzertu batean, pianoa lagun duela. TOTI FERRER / EFE.
aitor biain
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Nahierara ulertu eta erabili ditu arauak Rufus Wainwrightek beti. New Yorken (1973) jaio eta Kanadan hezitako abeslari eta musikariak bide propioa lehenetsi du musika egiten hasi zenetik, bakarka nahiz taldean aritu: uztartu ditu estilo ezberdinak, bere egin ditu besteen kantuak, eta arakatu ditu aurrez inoiz ibili gabeko eremuak. Operan sartu-irtena egin zuen orain urte batzuk, esaterako, eta William Shakespeareren sonetoak musikatu zituen gero. Hain zuzen, inoiz baino ozenago aldarrikatu du orain arauei men ez egiteko jarrera hori bere ibilbideko bederatzigarren estudioko lanaren izenburuan: Unfollow the Rules. Donostian aurkeztuko du gaur iluntzean, Kursaalean.

Hamar urte dira Wainwrightek Euskal Herria azkenekoz bisitatu zuela. Donostian izan zen orduan ere, gaur joko duen agertoki berean; Out of the Game (2012) diskoa aurkezteko biraren barruan izan zen. Kantu propioekin osatutako orain arteko azken diskoa izan zen hura. Bere ibilbideko lanik «poppy eta dantzagarriena» zela aitortu zuen musikariak orduan, eta, besteak beste, David Bowie, Elton John eta Queenen eraginak aipatu zituen. Hamarkada bat igaro da ordutik, ordea, eta Wainwrightek atzerako bidea egin du berriz: batetik, berak sortutako abestiekin osatu duelako diskoa berriz, eta, bestetik, mundu osoan sona eman zioten pop doinuak berreskuratu dituelako.

Michael Froom ekoizlearekin grabatu zuen Unfollow the Rules diskoa, eta 2020ko udan kaleratu. Hura aurkezteko biraren barruan egingo du geldialdia Kursaalean, hain zuzen. Musikariaren hitzetan, orain arteko lanik «helduena» da. «Nire ibilbidearen hasierari urrezko amaiera ematen dio», adierazi du. Izan ere, bere aurreneko diskoetako doinuak ditu oinarri hamabi abestiz osatutako lan berriak.

Pop musika du ardatz diskoak, baina bere ibilbidean jorratu dituen askotariko estiloak ere aurki daitezke. Hala, pianoarekin egindako kantuak daude, jazz ukituak dituzten orkestra piezak, gitarra akustikoarekin egindakoak, eta baita 1970eko folk-rock doinuak gogora ekartzen dituzten abestiak ere. Kritikak bereziki laudatu ditu diskoari izena ematen dion Unfollow The Rules, Early Morning Madness eta Peaceful Afternoon.

Aurreko diskoaren aldean nabarmen alaiagoa da, ordea. Abeslari eta musikariaren hitzetan, Out of the Game lana amaren heriotzak eragindako dolutik ihes egiteko bide bat izan zen, eta horregatik zeukan «atmosfera ilun» hori —Kate McGarrigle folk kantari kanadarraren semea da—. Unfollow the Rules, berriz, oso bestelako proposamena da, haren egoera pertsonala ere bestelakoa delako. Urteak dira ama joan zela, eta senarra eta bederatzi urteko alaba bat dituen gizon heldu bat da bera orain. «Nire egungo bizitzaren argazki moduko bat da, bere tragedia eta loriekin. Uste dut oso adierazpen zintzoa dela». Hain zuzen, bizitzari abesten dio diskoan; heldutasunari, aitatasunari, amodioari eta familia harremanei, besteak beste.

Hiru lagun izango ditu oholtzaren gainean Wainwrightek: Brian Green (gitarra eta koruak), Alan Hampton (baxua, gitarra, ukelelea eta koruak), eta Jacob Mann (teklatua, pianoa eta koruak). Disko berriko abestiekin ez ezik, jada klasiko bilakatu diren beste hainbat kanturekin ere osatuko dute errepertorioa.

Haley Sales atarikoan

Wainwrighten aurretik, hala ere, Hayley Sales abeslari estatubatuarra ariko da Kursaaleko oholtzaren gainean. 1950 eta 1960ko hamarkadako soul eta jazz doinuak izango ditu lagun, eta Motown zigiluak ezaugarritu zituen soinuak berreskuratuko ditu abeslariak.

KONTZERTUA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Donostiako Kursaalen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.