Martin Ugalderen obra osoaren analisi sistemiko bat da Martin Ugalde: Cartografías de un discurso (Martin Ugalde: Diskurtso baten kartografiak), Larraitz Ariznabarreta HUHEZIko irakaslearen (Bilbo, 1968) doktore tesia, gaztelaniaz idatzia, ez egileak hala nahi zuelako, testuinguru akademikoaren gabezia batzuen ondorioz baizik. Jose Angel Askuntze izan zuen tesi zuzendari Ariznabarretak, eta Jose Luis Abellanek, Paulo Iztuetak, Lourdes Otaegik, Mercedes Acillonak eta Maria Jesus Pandok osatu zuten epaimahaia. Bere azterlanean, Ugalderen obra osoaren interpretazio bat egin du Ariznabarretak, obra hori batzen duten hainbat ezaugarri atzemanez eta azalduz.
Ugalderen obra aztertu eta interpretatu duzu zure tesian. Zerk bultzatu zintuen gai hori aukeratzera?
Oso gazte nintzela, gure etxean Ugalderen izena aipatua zen; euskaldunen etxe askotan bezala, seguru asko. Ospe bat zeukan gizona zen. Gero, unibertsitatean ikasle nintzela, gelara ekarri zuen irakasle batek, eta horren ondorioz harekin harreman bat hasteko aukera izan nuen. Geroago, karrera amaitu nuenean, jabetu nintzen interesatzen zitzaizkidan gai batzuk ikertzeko —exilioa, euskal abertzaletasuna…— lagungarria izango zitzaidala Ugalde ikertzea. Horrek Ugalderi elkarrizketa asko egitera eraman ninduen. Tesia egiterakoan, nire asmoa izan da aurretik egina nuen lan deskriptiboaren analisia egitea; aurretik deskribatua nuen obra, Martin Ugalderena, interpretatzea.
Nolakoa izan da tesia lantzeko eta idazteko prozesua? Zer zailtasun aurkitu dituzu bidean?
Zailtasunik nabarmenena izan da Ugalderen lanak beste paradigma batera ekartzea, kultur ikasketen paradigmara. Kultur ikasketetan bada metodologia bat, oso hedatua dagoena mundu anglosaxoian baina hemen tesi bakan batzuetan baino landu ez dena. Banekien ohiko paradigma akademikoek ematen zizkidaten aukeretan ezin nuela sartu nik nahi nuena, eta kanpoko ereduak ekarri behar izan ditut. Testu anglosaxoietan erabiltzen diren marko metodologikoak erabili ditut Ugalderen obra aztertzeko. Uste dut hori dela nire tesiaren ekarpenik garrantzitsuena: gai ezagun bat marko metodologiko berri batera ekartzea eta analisia marko horretatik abiatzea. Hein handi batean, horregatik behar izan dut hainbeste denbora tesia egiteko.
Tesiaren ondorioetan diozunez, Ugalderen obra markatzen duen ezaugarri garrantzitsu bat da haren ikuspegian egia ez dela monolitikoa, eta hori manikeismorik ezean gauzatzen dela haren obran.
Ugalderen obra osoan, botere monolitikoari aurre egitea da helburu nagusietako bat, horretarako egiaren beste alde bat azaleratuz. Bai Venezuelan egin zituen lanetan, eta bai Euskal Herrian egin zituenetan. Haren lan guztiaren muinean dago beste egia bat azaleratzeko asmo hori. Subalternitatearen etika landu zuen. Helburu horrekin lan egin zuen oso gizon praktikoa izan zen.
Erbestealdian, Venezuelan, egia batzuk azaleratzen saiatu zen, eta Euskal Herrira itzuli zenean beste batzuk.
Tesiaren defentsa egin nuenean, deigarria egin zitzaidan Paulo Iztuetak aipatu zuen kontu bat: Ugalderen garaiko abertzale askok, erbesteratu zirenean, ez zutela bigarren aberriko errealitatearekin loturarik izan. Orixeren kasua aipatu zuen, eta baita Andima Ibiñagabeitiarena eta beste batzuena ere. Ugaldek, aldiz, bigarren aberriko errealitateari eutsi egin zion,eta gure artean ezezagunak diren lan zoragarriak argitaratu zituen, oso maila altukoak, venezueleraz idatziak, Koldo Izagirrek ederki dioen moduan. Bertako errealitatearen beste egia bat, edo beste alderdi edo aurpegi bat, erakutsi nahi izan zuen. Horrek Ugalderen konpromisoa eta lan egiteko era erakusten du.
Venezuelan ezaguna egin zen kazetari eta idazle gisa, baina, hala ere, nahiago izan zuen, ahal izan zuenean, Euskal Herrira itzuli.
Bai, halaxe da. Venezuelan sari garrantzitsu asko irabazi zituen eta ospe handiko gizona izatera iritsi zen. Bazeukan itzala.
Hona itzulitakoan, hasieran bi hizkuntzetan idatzi zuen, espainieraz eta euskaraz. Testuaren izaeraren eta helburuen arabera hautatzen zuen hizkuntza. Zeregin bakoitzerako, hizkuntza bat.
Gutun batzuetan espainieraz idaztea aurpegiratu zion Txillardegik Ugalderi, eta Ugaldek erantzun zion esanez askotan botere monolitikoari egia esateko espainiera erabili behar zuela; ez jada venezuelera, espainiera baizik. Euskaraz idazten zituen artikuluak beste hartzaile mota batentzat idatzitakoak ziren. Espainieraz idatzitako artikuluak oso politikoak dira; euskaraz idatzitakoak, aldiz, kulturalagoak, erroan kulturaren inguruko ardura erakusten dute batik bat.
Gogor haserretzeko motiboak izan arren, beti tenple onari eutsi zion, ez zen bere onetik atera. Orain asertibitatea deitzen den hori erakutsi zuen bere ibilbide osoan.
Haren esaldietako bat da honako hau: «Nahiago du konbentzitu, bentzutu baino». Irabazi baino nahiago zuen konbentzitu. [Emmanuel] Mounierrek, pertsonalismoaren aitak, eta beste batzuek erakusten zuten jarrerarekin bat dator horretan Ugalderena. Ez dut esaten zuzenean eta kontzienteki edan zuenik hortik Ugaldek, baina hor bada humus bat, oso nabarmena, Karlos Santamariarengan eta garai hartako beste hainbat idazle eta eragilerengan ere agertzen dena. Nik uste dut pertsonalismoak garrantzia izan duela euskal kulturan.
Euskal Herrian marxismoa eta komunismoa zabaldu eta indartu ziren garaian, horien aurkari agertu zen Ugalde. Horretan ere ez zuen zalantzarik izan.
Hori oso ohikoa zen EAJren diskurtsoan. Zentzu horretan —eta zentzu horretan esaten dut, ez beste kontu askotan—, Ugaldek bat egin zuen EAJren ideologiaren ortodoxiarekin. Haren pentsamendu hori EAJren diskurtsoarekin estu lotuta egon zen urte askoan, Ugalde eta beste askorentzat EAJ beren marko ideologikoa izan baitzen. Euskal Gobernuak atzerrian bere ideologia zabaltzeko zeukan gizonetako bat izan zen, azken batean, Ugalde. 50eko hamarkadan, EAJren gatazka guztietan ematen zuen bere iritzia, eta gehienetan EAJren ortodoxiaren aldekoa izaten zen.
Jose Antonio Agirre eta orduko EAJko buruzagiak bezala.
Dudarik gabe. Garai hartan bazen Euskal Gobernu bat, eta bazeuden intelektual batzuk euskal kode abertzalearen zabalkundean eta iraupenean funtsezkoak izan zirenak. Ugalde horietako bat zen.
Memoria lantzeari garrantzi handia eman, eta 36ko gerraz idatzi zuen. Baina, tesian diozunez, beti etorkizunari begira egiten zuen ariketa hori ere.
Exiliatu guztiek bezala, Ugaldek ez zuen memoria ariketa egiten gogoratzearren, testigantza ematearren baizik, etorkizuna eraikitzearren. Gogora ekarri nahi zuen iragan bat, etorkizun bat eraikitzeko. Hori ohikoa da exiliatu guztien kasuan.
Euskal Herrira itzuli eta gero ere, lan asko egin arren, kosta egin zen Ugalde idazle ezagun eta aitortua izatea. Euskaldunon Egunkaria-ri emandako babesak eta haren alde egindako lanak lagundu zuen Ugalderen irudia ezagunago izan zedin?
Nik baietz uste dut. Gaur egungo belaunaldi berrientzat Ugalde batez ere Euskaldunon Egunkaria defenditu zuen norbait da. Horregatik da ezaguna neurri handi batean. Baina hori ez da haren azken urteetako azken erresistentzia baino, ibilbide baten emaitza naturala. Ordura arteko bidearen ondorio logiko bat. Eta gizon zintzo baten emaitza naturala. Ezin zuen kontrakoa egin, bere buruarekin zintzo izanez behintzat. Eta azken urteetan pairatu zuen egoera lazgarriak bere duintasunaren neurria ematen du. Bere idealei eta bere ideologiari inoiz uko egin ez zion gizon bat izan zen Ugalde, argi eta garbi.
Euskal literaturaren lehen historietan ez zen aipatzen Ugalde, edo aipatzen baldin bazen bizpahiru lerrotan baino ez. Gaur egun, behar den neurrian berreskuratu da Ugalderen figura?
Ez; behar den neurrian, ez. Ez dago erresonantzia kaxarik Ugalderen lana aitortzeko. Nik esan beharra daukat —eta tesiaren defentsan ere esan nuen—, nik Ugalderi buruz egin dudan lana abiatu dela beste batzuek egindako lanetatik. Koldo Izagirrek, Anjel Lertxundik eta Joan Mari Torrealdaik egindako lanetatik; eta beste izen bat ere aipatu behar da: Jose Angel Askuntze, nire tesiaren zuzendariarena, sekulako lana egin baitzuen Ugalderen erdarazko lan guztiak aztertzen. Baina uste dut oraindik ere Ugalderen lanak azterketarako oso aukera handia ematen duela, eta beste erbesteratu batzuen lanak ere bai. Norbaitekin zor handia dugula uste dugunean, euskaldunok omenaldiak egiten dizkiogu. Baina lan sakonak, apenas. Askoz errazagoa da omenaldi bat antolatzea azterketa lan sakon bat proposatzea baino. Eta azken batean lan sakonean dago benetako omenaldia. Niri hala iruditzen zait behintzat.
Larraitz Ariznabarreta. HUHEZIko irakaslea
«Bere obra osoan, botere monolitikoari aurre egin zion Martin Ugaldek»
Larraitz Ariznabarretak Martin Ugalderi buruzko tesian azaldu duenez, hark «subalternitatearen etika» landu zuen bere obra osoan, hala erbestealdikoan nola Euskal Herrira itzuli ostekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu