Literatura

Bere kezkak ulertzeko era aurkitu du Leire Vargasek bere lan berrian

'Bihotz-museo bat' poesia liburua kaleratu du idazleak. Bigarren lana du, eta banakoen arteko harremanak hartu ditu gaitzat.

Leire Vargas, 'Bihotz-museo bat' liburuarekin, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Leire Vargas, 'Bihotz-museo bat' liburuarekin, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko urriaren 10a
16:00
Entzun

Ondokoekin «nola egon» ikasteko «itsas bidaia bat». Hala deskribatu du Leire Vargasek (Durango, Bizkaia, 2002) Bihotz-museo bat, bere bigarren poesia liburua. Elkar argitaletxearekin kaleratu du. «Azalean bertan ikus daiteke itsasoak duen garrantzia», adierazi du Vargasek; izan ere, azaldu duenez, itsas bidaiaren kontzeptua funtsezkoa izan da lana ontzerakoan. Eta ondokoekin egoteko moduari dagokionez, esan du ahots poetikoak «oso barneratua» duela Brigitte Vasallo idazleak aztertutako ohiko Disney motako maitasun kontakizuna. «Horrek ondoan dituenenganako dependentzia sortzen dio, eta hori aldatzeko eraldaketa prozesu bat jasaten du».

Dena ametsa den irudipena poesia bildumarekin Irun Hiria poesia saria irabazi zuen Vargasek 2021ean. Idazleak dioenez, kezkak garatzeko eta ulertzeko toki baten beharrean zegoen poesia idazten hasi zenean. Bere buruhausteak ulertzeko ariketa hasi, eta bertan «asmo poetiko argi bat» zegoela ohartu zen, berak irakurtzen zuen poesiaren «oso antzekoa» zena. «Oso lan pertsonala da Dena ametsa den irudipena, bulkada eta behar pertsonaletatik ateratakoa». Orain, atzera begira jarrita, «oso ausarta» sentitzen da idazlea, orduko hartan bere barruko sentipenak plazaratzeko «nahia» eta «beharra» izan zuelako.

Bihotz-museo bat du bigarren liburua, eta oraingoan, berriz, kanpoko figurak eraiki ditu Vargasek. «Ahots poetikoak ez du interdependentziaren zentzu horizontala barneratu, eta, bere hutsuneak betetzeko, ezinbestekoa du pertsona baten beharra». Behar horiek «pertsona baten» forman irudikatzen ditu ahotsak, eta pertsona hori haren «salbatzailea» izango da. «Zentzu oso erromantikoa du liburuan agertzen den dependentzia harremanak, eta horrek beste askoren aurrean menpekotasuna sortzen dio ahots poetikoari».

Idealizatutako harreman horrek baliogabetu egiten du poesia liburuaren ahotsa, eta harreman toxiko baten muinora iritsi. Vargasen hitzetan, liburuko ahotsak, azkenean, «geroz eta gehiago» jartzen du zalantzan «sinisten duen hori» eta «bizi duen harreman hori». Harreman hori «naufragio batean» amaitzen da, eta horren ondoren, bizitakoaren «ajea» iristen da, bizi izan duen harremana ez zela osasuntsua konturatzerakoan. «Naufragio horrek eraginda, besteekiko harremanak sortzera abiatzen da azkenean».

«Ahots poetikoak ez du interdependentziaren zentzu horizontala barneratu, eta, bere hutsuneak betetzeko, ezinbestekoa du pertsona baten beharra»

LEIRE VARGASIdazlea

Vargasek esan du ez dela bulkada batean idatzitako lana izan: «2022. urtean hasi nintzen Bihotz-museo bat idazten, eta azkeneko poemak aurtengoak dira, urte hasierakoak». Bere lehen liburuarekin alderatuta, bigarrenean liburuan behar zuenari adiago egon dela aitortu du idazleak. Horregatik, liburuaren abiapuntuan 2022ko kezkak egon diren arren, denbora aurrera zihoan heinean, hasierako bizipenei ez ezik, lanak behar zuenari ere erreparatu dio Vargasek. «Lehen poemak egin nituenean, konturatu nintzen hor bazegoela jarraitzeko hari bat, eta liburu bat egiteko nahia izan nuen».

Vargasek argi du poesian «oso eroso» sentitzen dela, «jolasteko toki zabala» ematen dio eta. «Baina oraindik ez nago erosoegi», esan du Vargasek. Idazleak aitortu du oraindik «asko» duela ikasteko, eta horrek sortzen diola jarraitzeko motibazioa. Inguruko mundua eta bizitzen ari dena ulertzeko balio dio poesiak, dioenez. «Horregatik, asko interesatzen zait ikustea nola aldatzen den sortzen dudana, nire bizitza aldatzen den heinean».

Lan «zorrotzagoa»

Vargasen ustez, liburu kontzienteagoa da bigarrena. Erreferentziez mintzatu da idazlea: «Nire erreferentziak jasotzerakoan orain zorrotzagoa naizela uste dut. Lehen belaki baten antzerakoa nintzen: dena xurgatzen nuen, eta orain aukeratzeko ahalmena badaukat». Horrez gain, bere buruarekin «zorrotzagoa» izan nahi zuela argi izan du. «Forma aldetik ere zorrotza eta zehatza izaten saiatu naiz, ahalik eta gutxiena esanda ahalik eta gehiena adierazteko».

Politikaz ere aritu da Vargas.  «Nire militantzia politikoak eragin handia du nire mundu ikuspegian», onartu du, «eta horrek pisua izan du lan hau egiterakoan. Esplizituki ez dira nire ideiak agertzen, baina liburuko ibilbideak azken finean badu karga politikoa». Eta, era berean, literaturak mundua ikusteko erak eraikitzeko duen indarra azpimarratu nahi izan du idazleak.

«Nire militantzia politikoak eragin handia du nire mundu ikuspegian, eta horrek pisua izan du lan hau egiterakoan»

LEIRE VARGASIdazlea

Bi erreferente nagusi aipatu ditu Vargasek. Lehenengoa Sally Rooney izan da. «Sentipenak adierazteko daukan modua oso poetikoa eta erreferentziazkoa iruditzen zait. Halako zerbait lortzeko, hor ariketa handia dagoela uste dut». Bigarrena: Taylor Swift. «Ez da ironikoa. Urte asko daramatzat haren musika entzuten, eta uste dut balio poetiko handia dutela haren letrek, nahiz eta nirearengandik erabat ezberdina den errealitate bati erantzuten dioten». Horregatik, Swiften aipu bat ere txertatu du Vargasek Bihotz-museo bat liburuan.

Haren herrian —Durangon, Bizkaian— aurkezpen berezi bat egiteko asmoa adierazi du: «Ez dugu aurkezpen konbentzional bat egingo. Lanak, bukaeran, harremanak egiteko beste era batzuei begiratzen die, eta kolektibo baten parte izateak pisu handia hartzen du bertan. Horregatik uste dut lan kolektiboa dela hau, eta asko lotzen dut herrian ditudan lagunekin». Lagun haiekin lana partekatzeko nahia du idazleak, eta horregatik, aurkezpenean, hainbat sorkuntzarekin uztartuko du liburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.