Arte historialaria eta komisarioa

Miren Vadillo: «Bere herriaren zerbitzura lan egiteko borondate jarraitua izan zuen»

Basterretxearen lan artistiko osoa biltzen duen alderdietako bat bere egiteko modu «konprometitua» izan zela uste du Vadillok, estetikatik hasi eta bakearen aldeko ekinera.

Miren Vadillo, Basterretxearen 'Askatasuna biribil zabaltzen da' (1994) obraren aurrean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Miren Vadillo, Basterretxearen 'Askatasuna biribil zabaltzen da' (1994) obraren aurrean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko maiatzaren 5a
05:55
Entzun

Nestor Basterretxearen obra «kaleidoskopikoa» alderik alde zeharkatzen duten harietako bat euskal gizartearekin, kulturarekin eta artearekin izan zuen engaiamendua da, Miren Vadillorentzat. Luze idatzi du horretaz mendeurrenaren harira artistari eskainitako webgunean, eta, dioenez, parte handi bat utzi behar izan du kanpoan, Basterretxeak egindako askotariko dohaintzak eta elkartasunez emandako lanak «kontaezinak» direlakoan.

«Momentu diferente bat izan zen haiena», ebatzi du azkenetan, «parte hartzea, militantzia eta askotariko aldarrikapenekiko eskuzabaltasuna bestelakoak ziren. Nestorrengan interesantea da hori ez zela geratu 1970eko urteetan, deitzen zuten aldiro segitu zuen inplikatzen giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren alde».

Artista konprometitu bat izena jarri diozu testuari. Zein da horren frogarik behinena zuretzat?

Nire ustez, Basterretxearen obra konprometitua da, batez ere, artearen inguruan duen kontzepzio abangoardista eta integratzaileagatik. Badakigu haren obra zein kaleidoskopikoa izan zen, eta horrek berak erakusten du artearekiko konpromisoa; hortik dator gero bestelako inplikazio oro. Esango nuke, halaber, Nestor artista konprometitu modura aldarrikatzeak ez diola meriturik kentzen bere obrari; dimentsio etiko bat ematen dio egin zuen lan guztiari, hain baita zabala, diziplina eta interes ugaritakoa.

Lehen-lehenik, ideia hori nabarmendu duzu artikuluan, hain justu: Basterretxearen «erreibindikazio nagusia haren lan estetikoaren bitartez» adierazi zela.

Bai. Argi dago obra moderno eta garaikide bat sortzeko borondatea izan zuela, abangoardiako artea egitekoa, eta inportantea iruditzen zait hori ulertzea. Konpromiso estetiko, berritzaile eta modernizatzaile horretatik egin zuen lan, egokitu zitzaion denboraren barruan.

Etapa diferenteak izan zituen konpromiso horrek. Nola azalduko zenuke garapena?

Bere herriaren zerbitzura lan egiteko borondate jarraitua izan zuen Basterretxeak. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan abangoardiako kontzeptutik egin zuen batez ere, estetikaren kontzeptutik, baina, 1970eko urteetatik aurrera, obra askoz ere sinbolikoago bat landu zuen, euskal identitate propio bat islatzeari eta iruditeria propio bat sortzeari zegokiona. Horren erakusle da Kosmogoniak saila, adibidez; edo diseinu txikietan egin zuen lan eskerga  —pegatinak, portadak, kartelak...—, zeina garai baten ikur bihurtu zen, karga sinboliko oso handiarekin. 1980ko urteetan eta bere bizitzaren azkenetan, konpromiso ofizialago bat izan zuen, postura instituzionalei lotuagoa, baina, artearen bitartez, euskal gizartearen arazoekiko ardura sekula alboratu gabe.

Arteen integrazioan egin zuen lana ere haren ikuskera konprometituari lotuta ikusten duzu?

Erabat. Diseinuan, artea inguru hurbileko altzarietara eraman nahi horretan ikusten dut, adibidez; baina baita zinemarako egin zuen lanean ere. Uste dut identitate propio bat hedatzeko nahiaren adibide argia dela egin zuen zinema.

«Basterretxearen eta Oteizaren arteko adiskidetasuna oso sakona izan zen, baina, Euskal Herriko zenbait problematikari erantzungo zion obra garatzeari dagokionez, irudipena dut Basterretxearena inplikazioa errealagoa izan zela»

Oteiza ere behin baino gehiagotan dator artikuluan; zure ustez, bien arteko hurbiltasunak hurbiltasun, oso modu diferentea izan zuten «inplikatzeko».

Bai. Basterretxearen eta Oteizaren arteko adiskidetasuna oso sakona izan zen, baina, Euskal Herriko zenbait problematikari erantzungo zion obra garatzeari dagokionez, irudipena dut Basterretxearena inplikazioa produktiboagoa eta errealagoa izan zela. Oteizaren inplikazioa bere herriarekiko absolutua da, baina baita utopikoagoa ere. Bi era ezberdin dira, osagarriak.

Bistan da bi gerra eta erbestea ezagutu izanak eragin zuzena izan zuela transmisioarekin izan zuten kezkan. Halako errepresio garai batek begi bistan jartzen dizu kultura baten aldeko jardunak ahalegin eta inplikazio handiago bat exijitzen dituela.

Eusko Jaurlaritza martxan jarri berritan, kultura «ofizialago» baten sorreran ere parte hartze berezia izan zuen Basterretxeak.

Instituzioekin paradigma politikoa guztiz aldatu zen, eta artistak hartara egokitu ziren, guk gero oinordetzan jaso dugun instituzionalizazioan inplikatuz. Basterretxeak aholkulari jardun zuen, baina, hortik haratago, Oteizarekin eta besteekin 60ko eta 70eko urteetatik lantzen aritu ziren ideiak eta proiektuak bultzatzeko lan egin zuen, arte garaikidearentzako zentroak sustatuz. Uste dut hor duela segida haren arduraren nozioak. Eusko Jaurlaritzaren sorrerak eskain zitzakeen aukera berriak aprobetxatu nahi izan zituen. 

2014an hil zen artista. Haren azken urteetatik zer nabarmenduko zenuke?

Behin ere ez ziola utzi lan egiteari. 1970eko urteetan modu kolektibo batean babesten zuten hori bere kasa segitu zuen babesten, hil zen arte; edozein zela ere ekimen sozial, kultural, politikoa. Giza eskubideekin, askatasunarekin eta bakearekin lotutako hamaika ekimenetan hartu zuen parte. Eskulturen, logotipoen, kartelen eta abarren diseinuak lantzen ere segitu zuen, zeinak unean uneko gizartearen zerbitzura lan egiten jarraitzeko desira adierazten duen.

Nestor Basterretxearen 'Bai euskarari' (1978) eranskailua. BERRIA
Nestor Basterretxearen Bai euskarari (1978) eranskailua. BERRIA
Lengoaia «sinpleak» ezaugarritu zituen haren kartel eta logotipo ugari. Ze eragin izan zuen horrek?

Basterretxeak arte garaikideaz zuen ideia hura geometria konstruktibistetatik eta beste alor batzuetan zuen interesetik zetorren. Hortik heldu zen forma sinpleetako estetika oso abstraktu batera, eta uste dut horiek izan zezaketen ulermen errazak lagundu egin zuela jendeak bere egin zitzan; hori erakusten du izan zuten zabalkundeak. Bai euskarari ekimenerako diseinatu zuen logotipoan, adibidez, fenix baten irudia ikusten dugu, errautsetatik berpizten dena, euskara bera bezala. Forma garaikideak dira, abangoardiako estetika arrazionalista baten barrukoak, baina ulerterraztasuna bistatik galtzen ez dutenak.

Egin zuen obra publiko ugaria ere modu bat izan zen artea «herrira eramateko»?

Obra publikoaren bitartez, parte zen gizartearekin elkarrizketa bat sortu nahi izan zuen Basterretxeak. Garai hartako beste artista batzuen irudi eta eskulturekin gertatzen den bezala, gaur da eguna haren irudiekin identifikazio bat sentitzen duguna: imajinario kolektiboaren parte dira jada. Gizarteak haren obrari egin dion onarpen hori da Basterretxeak gaur izan dezakeen aitortzarik onena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.