Azken uda dantza (II)

Bere garaiaz gaindiko lekukotasuna

Kantu ezagun eta arrakastatsu ugari eman zituen Errobi taldeak 1970eko hamarkadan, baina gutxik adierazten dute 'Gure lekukotasuna'-k baino hobeto taldearen beraren espiritu musikala eta ikuspuntu politikoa.

Anje Duhalde eta Mixel Ducau, bikote formatuan egindako emanaldi batean. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Ez zen izan Gure lekukotasuna Errobik emandako lehen kantua, ezta Euskal Herri osora zabaldu zen aurrenekoa ere. Baziren haren lehenengo diskoan (Errobi, 1975) oihartzun handia izan zuten pieza ugari (Euskadi, Aitarik ez dut, Kanpo...), taldearen izaera musikala eta politikoa ozen aldarrikatzen zutenak, baina Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk euren bigarren diskoarekin eta haren izenburu bera zuen kantuarekin erakutsi zuten zein zen Errobiren funtsa: rocka euskaraz egitea eta Ipar nahiz Hego Euskal Herriak bizi zuten egoera soziopolitikoari begiratzea. Kantuaren hitzek ez zuten zalantzarako tarterik uzten: «Ez dugu segur gauza haundirik/ herriari eskaintzeko/ Bakar-bakarrik zenbait olerki / hemen zuei kantatzeko/ Guk ere zinez gure herria/ asko maite dugulako/ Eta kantuz, gure moldean,/ nolazbeit zerbitzatzeko».

[youtube]https://youtu.be/w98g0sQeWsg[/youtube]

Euskal Kultur Erakundeari emandako elkarrizketa batean, hitz argiz azaldu zuen Ducauk zein girotan sortu zuten Errobi: «1968ko ondoko urteetako gazteak ginen, iraultza egitera abian. Mundu zaharrarekin bukatu behar, baina Euskal Herriaren eraikuntzarekin bazen zerbait berezi, baita zerbait konkretu ere». Ducau abertzalea zen, «ez militante sutsua», baina euskaraz kantatuz bere ekarpena egiten zuela uste zuen. Eta bide hori egiteko behar zuen txanponaren beste aldea Duhalderengan aurkitu zuen: «Haren inplikazioa gabe, ez dut uste horrela ibiliko ginela [...] Anjek bazuen dimentsio politikoa».

Errobiren sorrera ezin da bereizi garai hartako testuinguru politikotik. Duhaldek BERRIAri adierazi dionez, Ipar Euskal Herrian «askatasun faltsu bat» bazen, baina Hegoaldean, frankismoaren azken garaietan, errepresio handia zegoen, eta Errobik «garai hartako gaiez» abestu behar zuen. «Berdin zuen Hegoaldea edo Iparraldea izan». Ducauk eta Duhaldek sortu zuten Errobi, baina ezin uler liteke taldea Daniel Landarten parte hartzerik gabe. Hark jarri zizkien hitzak bi musikarien ideia eta pentsamenduei, eta haietan Ipar eta Hego Euskal Herrian ziren arazoek eta aldarrikapenek leku hartu zuten: hizkuntza, errepresioa, turismoaren hedapena, abertzaletasuna...

[youtube]https://youtu.be/djpdl_-L8FQ[/youtube]

Eta, horretarako, musika hizkuntza berri bat behar zuten: rocka. Duhalde: «Ez Dok Amairutik gentozen, baina, ordurako, gu rock munduan ari ginen. Hasieran, jendea harritu zen: gitarra elektrikoa, bateria, baxua... baina esango nuke laster egin zuela bidea eta hiruzpalau urtera onartua zela rocka». Ducauk, berriz, oroitzen du rock formatuak zalaparta sortu zuela euskal munduan: «Aski izan zen jendea kexatzeko. Gurea ez zela euskal musika, dena suntsituko genuela. [...] Oroit naiz Jean-Louis Maitiak nola hartu zuen gure defentsa, gure garaian finkatu behar genuela erranez, horrek euskal kulturaren iraupena bermatzen zuela eta».

Agortzen ez den kantua

Errobi-rekin lehen urratsa egin ondotik, Gure lekukotasuna iritsi zen (1977). Eta han zegoen izenburu bereko kantua. Landartek hitzak eman zizkion momentutik ikusi zuen Duhaldek haien indarra. «Kantu hau ez da agortzen; gordetzen du orduko indarra. Bere egoskortasuna du, eta gaurko ere balio du». Landartek, Ducauk eta Duhaldek asko hitz egiten zuten esan nahi zutenaz, eta solasaldi horien ondorioa ere bada kantua. Errobiren lekukotasuna. «Azken batean, kantuan esaten dugu musika ondo dagoela, baina beste borroka batzuk ere behar direla. Elkarren arteko lana behar dela herri bat eraikitzeko».

Musikalki, berriz, baxuak marrazten du melodiaren parte bat, garbi baitzuen Duhaldek «erritmo handikoa» izan behar zuela. «Nik osatu nuen lehen parte hori, eta gero Mixelek ekarri zuen zubia, kantuari beste aire bat ematen diona».

Gure lekukotasuna-k oihartzun handia izan zuen, baina baziren diskoan han eta hemen entzun ziren beste zenbait ere: Ez deat erranen, Lantegiko hamar manamenduak, Telebista, Xileko langileria... Nolanahi ere, Gure lekukotasuna-k utzi duen arrastoaren isla dira gerora beste artista batzuek egin dituzten bertsioak. Ost taldeak metal esparrura eraman zuen kantua Bost diskoan (2011), eta Taberna Ibiltaria taldeak, berriz, folk jantziekin eta hamaika ahotsetara interpretatu izan du.

[youtube]https://youtu.be/3vKEODIKfiY[/youtube]

Gure lekukotasuna-k Errobiren lehen aroa itxi zuen. Izan ere, Ametsaren bidea (Xoxoa, 1979) diskoan, kantuek ikuspuntu politikoa galdu zuten, eta musikalki ere beste norabide bat hartu zuen taldeak, rock progresibora gehiago lerratuz, eta bat-batekotasuna alde batera utziz garapen landuagoak lantzeko. Disko hark, oso kritika onak izan arren, ez zuen horrenbesteko arrakastarik izan, eta Duhaldek eta Ducauk laster hartu zuten bakoitzak bere bidea. Agur t'erdi (1985) diskoarekin saiatu ziren itzultzen, soinu modernoagoa bereganatuta, baina, rock erradikalaren une gorenean, apenas izan zuen oihartzunik.

[youtube]https://youtu.be/5kCLST4iip8[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.