'Jakin' aldizkariko zuzendaria eta Koldobika Jauregiren herrikide eta laguna

Lorea Agirre: «Bere burua pare bat belaunaldiren artean harrapatuta topatu zuen 'rara avis' bat izan da Koldobika Jauregi»

Herrikide eta lagun izandako artistaren heriotzak piztutako gogoetak partekatu ditu Agirrek BERRIArekin.

Inigo Astiz
2024ko ekainaren 17a
12:04
Entzun

Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak auzokide zuen Koldobika Jauregi eskultorea Alkizan (Gipuzkoa), eta haren heriotzaren albisteak sortutako gogoetak partekatu ditu BERRIArekin. Herriarekiko izan zuen konpromisoa ez ezik, haren arteari buruz ere hitz egin du Agirrek.

«Ekintzaile handi bat izan da Koldobika Jauregi, langile handi bat, aktibista bat. Alkiza [Gipuzkoa] herri txikia da, eta berak hemen herriarentzat egin duen lana ikaragarria izan da. Konpromiso handia izan du beti, eta udalean zinegotzi egin dituen legegintzaldiak dira horren froga. Anarkista zen, eta bere buruari botorik ematen ez zion hautagai politiko bakarrenetako bat izango zen Euskal Herrian.

Sinisten zuen herrigintzan, baina ez zuen hainbeste sinesten hauteskundeen eta ohiko politikaren dinamiketan. Bera dago Alkizan sortu diren proiektu askoren atzean, haien izpirituan. Naturari lotutako herri bat, kulturari eta sormenari lotutako herri bat izan zuen beti buruan. Horregatik sortu zuen Ur Mara museoa ere, Elena Cajaraville emazte eta artistarekin eta Gerezi Jauregi alaba eta artistarekin batera. Museo zoragarri bat da, basoaren erdian sartua, orain hanka garrantzitsu bat gabe geratu dena.

«Anarkista zen, eta bere buruari botorik ematen ez zion hautagai politiko bakarrenetako bat izango zen Euskal Herrian».

Artistikoki, bere burua pare bat belaunaldiren artean harrapatuta topatu zuen rara avis bat izan da. Zorionez, eta batzuetan tamalez, oraindik ere erreferente diren frankismo garaiko kultura biziberritu zuten handi horien ondoren etorri zen. Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza, Jose Luis Zumeta, Remigio Mendiburu eta horiek guztiak baino gazteagoa zen, eta, gero, etorri da belaunaldi gazteago bat Arte Ederren Fakultatetik datorrena eta artearen bestelako kontzeptu bat daukana; bestelako material batzuekin lan egin duena, bestelako diskurtso batzuekin. Eta Koldobika tartean geratu da.

Erabat autodidakta izan da, eta nortasun oso propiokoa, bere hizkuntza propioa sortu duena.

«Erabat autodidakta izan da, eta nortasun oso propiokoa, bere hizkuntza propioa sortu duena».

Berak naturarekin lotu du euskal kulturaren begirada tradizionala edo antzestrala dei dezakegun hori, baina ekialdeko filosofia edo pentsamenduetaraino eraman du, eta badira taoismoaren zantzu batzuk ere bere estetikan.

Ausarta izan dela ere esango nuke. Gauza diferente asko egiten zituen. Azkenaldian, esaterako, artelan efimero asko egin zituen, bai Ur Maran, bai eta Aralar mendilerroan ere. Pinturarekin, naturaren gainean beti, musikarekin lagunduta.

Oso kritikoa ere bazen. Kulturaren kontzeptuarekin eta kulturaren eta merkatuaren arteko loturekin, esaterako. Gustatzen zitzaion polemizatzea, eta pentsatzen zuena esan egiten zuen. Ez zen oso erosoa hainbat lekutara gonbidatzeko. Bizitzaren oso maitalea ere bazen, gainera. Ikaragarrizko umorea zuen, parrandarako ezin hobea zen. Asko gustatzen zitzaion bizitza ospatzea: afariak antolatu, festak antolatu, jendearekin egon... Oso bizizalea zen, eta kolpe ikaragarria izan da».

«Oso kritikoa zen kulturaren kontzeptuarekin eta kulturaren eta merkatuaren arteko loturekin. Gustatzen zitzaion polemizatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.