Xabier Arakistain, 'Arakis'. Montehermoso Kulturuneko zuzendaria

«Berdintasun legeak garatzeko bide orria idatzi du Montehermosok»

Bost urtean identitate propioa eman dio Gasteizko Montehermoso Kulturuneari, genero eta sexu nortasunen arteko berdintasun gune bilakatu du eta etorkizunean ere horrela izateko oinarriak ezarri ditu.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
2006an aro berri bat hasi zuen Montehermoso Kulturuneak Xabier Arakistain Arakis-en eskutik (Madril, 1966), lehiaketa publikoan puntu gehien lortu ostean. Ezagutza sortzera bideratutako arte eta pentsamendu garaikideko egitasmo bat hasi zuen, hasieratik bertatik zenbait ezaugarri ezarriz; ikuspuntu feminista zentroaren ideia kritikoen iturburuan sartu zuen, baita sexuen arteko berdintasun politikak ere, beste zenbaiten artean.

Ardatz horietan oinarritu du Montehermosok azken bost urteetan produkzio, erakuste, analisi eta zabaltze lana. Bost urteren buruan 2006an hasitako bidea bukatu da, baina egindako lanak iraungo duela uste du Arakisek. Are gehiago, EAE eta Espainiako berdintasunerako legeek kultur arloan zehaztutako helburuak betetzeko giltzak eman dituela gaineratu du.

Zer moduzkoak izaten ari dira azken aste hauek?

Eginda utzi behar ditugun gauzak amaitzen ari gara, azken txanpan murgilduta, eta, azken txanpan gertatu ohi denez, lanez lepo. Urriaren 7an egin genuen azken lauhilekoko aurkezpen nagusia, eta abenduaren 16an azken prentsaurrekoa.

Inauguratu duzuen azken erakusketen artean, Kick in the Eye, zortzi estrategia feminista gizonezkoen begirada oztopatzeko dago. Ideia hori baliatuta, zer begirada galduko da Montehermosoren aro aldaketarekin?

Kontua ez da galtzen dena, azken bost urteetan irabazi dena baizik. Heldu ginenean baldintza egokiak izan ziren mota honetako egitasmoa abiarazteko. Esperimentu kutsu handia zuen egitasmoak. Ez dira ohikoak planteatu genituen gidalerroak, eta, are gutxiago, emakumeak eta ikuspuntu feminista gehitu genuenean. Kultura ezagutza sortzailetzat jotzen duten zentroen ideien iturburuan ikuspuntu feministak egon behar du. Hori da utzi duguna.

Zer ondorio atera dituzue bost urteren buruan?

Aipatu dudan poztasuna ondorio bat da. Gure egitasmoa bideragarria dela ikusi dugulako da poztasuna, eta emaitzak hobetzen dituela erakutsi dugulako. Hori berresten duten zenbait adierazle ditugu. Erreferentziazko zerbitzua bihurtu gara arte komunitate eta hiritarren artean, eta emakumea bertan sartuta egin daitekeela frogatu dugu, parekotasuna bermatuta programa guztietan.

Zer bilakaera izan du bost urte hauetan, eta nola eragin du Montehermosok inguruko eragileekin?

Instalazio fisikoak ere berrikusi ditugu arte garaikideko zentro baterantz bideratzeko, lantaldea sortu... Gogorra izan da, eta denetariko garaiak izan ditugu. Hiritarrak eta arte komunitateak bilakaera horretaz jabetu dira emaitzak ikusi ahala. Gauzak egin ahala, modu desberdinean parte hartu dute. Azken aurkezpenean hemengo artista batek mikrofonoa hartu zuen eta eskerrak eman zizkigun egindako lanagatik. Harro egoteko moduko zerbait da.

Egindako lanarekin pozik egon arren, zerbait egiteko gogoarekin gelditu al zara?

Gauzak egon badaude, baina oso praktikoa naiz horretan. Egitasmoa garatzeko baldintzak izan ziren, funtsezko ideiek balio dutela erakutsi genuen, eta eredu arrakastatsua izan daitekeela ikusi da. Akatsik gabeko lau urte izan dira, eta horixe nahi genuen.

Zer moduzkoa izan da udalarekin izan duzun harremana?

Zentro publiko baten kudeaketaren ardura hartzean, administrazio publiko horretan sartu nintzela barneratu nuen. Lan harremana izan da, bere alde on eta txarrekin, baina kolore politikoek ez dute inolako zerikusirik izan eguneroko jardunean. Alor pertsonalean ere ez dut zertan kexatu; egitasmoaren alde modu argian egin dute nire nagusi politikoek. Montehermoso egitasmoa azaltzen ondo asmatu dugu, bai hiritarrei baita politikariei ere, eta arte garaikideko zentro batek autonomia eta ahots propioa izan behar duela ulertu dute denek.

Azken bost urteetan testuinguru ekonomikoa errotik aldatu da. Krisi ekonomikoak nola eragin du Montehermosok proposatzen duen ereduan?

Krisi garaian gaudela kultur politikak errotik berraztertu behar dira. XXI. mendearen hasierako kultur politikek bideragarriak izan behar dute, eta emakumea hartu behar dute ezinbestean. Montehermoso horren adibide perfektua da, eredu perfektua. Urteetan kultur politika merkantilisten aldeko apustua egin da, eta bost urteren buruan apustu horren emaitzak agerikoak dira: erabateko suntsipena gertatu da.

Kultur politika merkantilisten ereduaren eztabaida...

Ezin dugu pentsatu kultura egoera ekonomiko onean onartu daitekeen azaleko zerbait dela, eta are gutxiago nondik gatozen ikusita. 2007an gutxieneko baldintzak ezarri ziren Museo eta Arte Garaikideko Zentroen Jokabide Egokien Gidaliburuan, eta horren gainean epe luzerako kultur politika egin. Kultura gizartearen partetzat jo behar da, oinarrizko zerbitzutzat, hezkuntza edota osasuna bezala.

Krisi ekonomikoa dagoen garaiotan oinarri horietan atzera egiteko arriskua al dago?

Prozesu baten erdian gaude; Espainiako Estatuan, gobernu aldaketa baten erdian... Ez du itxura onik, baina ezinezkoa da zer gerta daitekeen iragartzea. Ea zein puntutaraino tenkatzen diren jarrerak. Hiru eta sei hilabete artean dena argituko da.

Montehermosora jauzi eginez, zer aldatu da azken bost urteetan Arakisen egitasmoak Montehermoson lekurik izan ez dezan?

Hori dena baino konplexuagoa da. Abenduaren 31n bukatzen da kontratua, eta kontratua berritzeko proposamenean programan aldaketa batzuk egiteko eskatu zidaten. Nik ezezkoa eman nuen. Nire ustez, une onenean dago programa, azken urteetako lanaren emaitzak agerian gelditzen ari baitira. Jarraipena eskatzen du egitasmoak —eta ez aldaketa— proiektuaren benetako dimentsioa ikusteko.

Egitasmoari buruzko eztabaida izan behar zen unean, zenbait politikarik bestelako eztabaida batzuk hasi zituzten, zure lana ezbaian jartzen. Nolakoak izan dira azken hilabeteak?

Aurreko bost urteak bezala, ez beste modu batekoak. Ezagutzaren alde egiten duen kultur ereduaren alde egin dugu; hiritarrei tresnak ematen ahalegindu gara, haien iritziak izan ditzaten. Kulturaren ikuspuntu populistagoa dutenek gure lana kritikatu dute azken bost urteetan. Kritika horiek egin dizkigutenek kultura ikusgarriagoa nahiago dute.

Azken urteetako Montehermosoren ereduak emakumeei «kalte» egiten diela esan zuen Arruabarrena Kultura diputatu ohiak...

Uste dut erantzun dizudala... XX. mendearen hasieran emakumeak bozkatzeko eskubidea lortu zuenean emakume batzuk aurka zeuden. Aldaketa beldurgarritzat jotzen zuten. Beste modu batera pentsatzen duten pertsona batzuk daude, baina, berdintasunezko etorkizun bat lortzeko, genero eta sexu nortasunen arteko berdintasuna lortu behar dela pentsatzen duten pertsonak ere badaude. Garapen logiko baten aurka doazen eraso batzuk jaso ditugu, baina egiten dugun lana ez da ezohikoa.

Espainiako eta EAEko berdintasunerako legeak betetzen Montehermoso aitzindaria izan dela aldarrikatu duzu behin baino gehiagotan.

Berdintasunerako legeei aholkuak ematea leporatu izan zaie, ezer agindu beharrean. Helmuga bat jartzen dute, baina bertara heltzeko jarraitu beharreko bidea esan gabe. Montehermosok helburu horietarako giltzak ematen ditu. Berdintasunerako legeak garatzeko bide orria idatzi du Montehermosoko ereduak.

Zure egitasmoak Montehermoson jarraipenik izango ez duen arren, bide orriak nola lagunduko du etorkizunean?

Lau urtez gure programa landu dugu, eta, neurri batean, egitasmoa adinez nagusia dela esango nuke. Pertsona askoren bizitzaren parte da Montehermoso, hemen egon dena, urrutitik jarraitu gaituena... Arte eta pentsamendu garaikideko lana ez da kontsumitu ostean amaitzen den zerbait.

Eta nola eragin dezake kultura zentroetan eta kultur politiketan?

Montehermosok frogatu du legea betetzeko aitzakiarik ez dagoela, ezta artearen alorrean emakumea modu eskandalagarrian diskriminatzen jarraitzeko ere. Administrazio publikoei legea bete dezatela eska diezaiekegu hemendik aurrera, eta ez badakite nola egin, azalduko zaie.

Montehermosoko jardunari ikuspuntu feminista egotzi izan zaio azken bost urteetan. Beste kultura zentroek hori baliatu al dute ikuspuntu horri behar besteko arreta ez emateko?

Identifikazio esklusibo hori oso gaiztoa da, eta ikuspuntu feminista emakumeei dagokien zerbaitekin lotu da. Montehermoson benetan gertatu denari eusteko estrategiatzat erabili da. Montehermosok ikuskizunean oinarritutako kultur politiken kontrako bidea egin du, eta saihetsezina dena onartu du: emakumeak kultur komunitatearen parte dira.

Nolakoa izan da gizonen eta emakumeen arteko parekotasun hori kulturunearen eguneroko jardunean?

Ez da batere zaila izan. Berdintasunean gertatzen den arte garaikidearen argazkia emateko nahiko emakume dago gaur egun maila guztietan. Ez da diskriminazio positiboa. Emakumeek gizonek bezainbesteko prestakuntza dute, eta hobea. Sexismoaren muga baino ez dugu kendu.

Berdintasun politikei dagokienez...

Ezin dira berdintasun politikak pentsatu aplikatuko diren alorretatik kanpo, eta agenda guztien barruan egon behar dute. Ezinbesteko betekizuna behar du izan. Aldaketa bat egon behar du emakumeen diskriminazioa bukatzeko. Montehermosok legea betetzen ez duen hori lotsarazi beharko luke gizarte osasuntsu batean: sexu kuotak... Ez badira helburu horretara heltzen hori exijitzeko unea dela uste dut.

Montehermoson hasitako egitasmoaren bukaera Arabako hainbat kultur baliabideren gainbeherarekin gertatu da: Krea, Amarika...

Duela bost urte baikortasuna zegoen, egitasmo ilusionagarriak, baina agian ez ziren modu egokian planteatu. Agian, ez zen gogoeta egin administrazio publiko guztiak elkarrekin harremanetan jartzeko. Egoera horrek agerian uzten du ezinbestekoa dela kultur politika bateratua egitea, argia, bideragarria eta nazioarte mailako elkarrizketan eragitea ahalbidetuko duen testuinguru propioa izatea.

Bukatzeko, ezer pentsatu al duzu etorkizunari begira?

Oraindik ez dakit. Lanez gainezka egon gara, azken bost urteetan gertatu zaigun bezala. Pare bat kontu ditut dantzan buruan, baina Gabonetan bi edo hiru aste nahiko nituzke etorkizunaz lasai pentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.