Berdea zuritu dute

Hirien antolamenduaren inguruan hausnarketa sustatzeko xedez, 'Quattuor' erakusketa jarri du Fernando Molinak Iruñeko Ziudadelako lorategian. Ikasleekin eginiko tailer baten emaitza da

Naiara Elola.
Iruñea
2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hirien antolamenduaz hausnartu du Fernando Molina Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura irakasleak. Kuboa hartu, eta, alboetatik tiraka, lau egitura sortu ditu, Iruñeko Udalak Ziudadelan antolatutako ikastaroetan parte hartu duten ikasleekin batera. Tailer horren emaitza da Quattuor deituriko erakusketa. Plastikozko hodiekin egindako lau eskultura dira, kuboen antza dute, eta, elkarrekin, hiria irudikatzen dute. Molinak azaldu duenez, bisitariak sorkuntzarekin bat egitea nahi dute, ikusle soil izan ordez parte hartzaile «aktibo» bilakatzeko. Heldu den abuztuaren 31 bitarte bisitatu ahal izango da erakusketa, Ziudadelako lorategian.

Molinak zuzendutako proiektuak aldi baterako arkitekturan du oinarria: «Niri gustatzen zait pentsatzea bizitza aldi baterako dela; muntatu eta desmuntatudaitekeen arkitekturak, bizitzak bezala, iraungitze data duela». Egungo gizartean aldaketak etengabekoak direnez, arkitekturak premisa horri erantzun behar diola adierazi du. Horregatik, iraungitze data duen arkitektura interesatzen zaizkio bereziki. Hain zuzen ere, arkitektura horren premisek erakartzen dute gehien Nafarroako Unibertsitateko irakaslea. Iragankortasuna, malgutasuna, berrikuntza, kostu apala, baliabideen ekonomia eta hondakinen kudeaketa dira premisa horiek.

Quattuor erakusketa osatzen duten lau eskulturak egiteko, beren ideiak marrazkien bitartez diseinatu dituzte proiektuan parte hartu dutenek. Baina, Molinak esan duenez, margotzen den hori eraikitzen hastean, sortzailearen ikuskera «asko aldatzen da». Hala, lau astez, Ziudadelako Armen aretoan egindako ikastaroetan, geometriaren alderdiak landu dituzte. Ikastaro horietan, hainbat maketa txiki egin dituzte, eta baita tamaina errealeko eraikuntzak ere. Helburua ondo eta gaizki egindakoaz jabetzea izan da.

Ziudadelako lorategira begiratu orduko erakartzen dute bisitariaren begirada itxura okerra duten lau kuboek. Zuriak dira, likra zuriz estalita baitaude lau egiturak. PVCzko hodiz eginda daude. Kontraste handia eragiten dute inguruarekin, urak berdetutakolorategietan perretxikoak balira bezala agertzen baitira. Molinak azaldu duenez, desmuntatzen errazak dira, eta litekeena da Iruñean proposatutako hausnarketa beste hiriren batera ere eramatea.

Bertatik bertara ikusteko

Bisitariak kubo barrura sartzea eta kuboen arteko kaleetan barrena ibiltzea da asmoa, bizi diren hiriko edozein kaletan egingo lukeen bezala. Izan ere, kuboek eraikinak irudikatzen dituzte, eta haien arteko tarteek, berriz, kaleak. «Ez dugu eskultura soil bat bezala ikusterik nahi, bizitzeko eta ukitzeko eginda dauden eskulturak bezala baizik», argitu du Molinak. Kuboak gauez argi berezi batekin argitzea zen hasierako ideia, baina kokalekuak berez dituen mugak direla medio, ez da posible izan. Molinaren hitzetan, «arkitekturan gertatzen den bezala, pentsatzetik gauzatzerako bidean beti daude akatsak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.