Beratarbidek eta Guillanek irabazi dute Torrealdai ikerketa beka

'Artxibo biluzia' proiektua saritu dute, zeinak Torrealdairen artxiboen lapurreta duen abiapuntu

Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi, atzo, Usurbilen egindako aurkezpenean. JAKIN.
Isabel Jaurena.
Usurbil
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, baina bai intelektualki». Joan Mari Torrealdaik horrela deskribatu zuen Euskaldunon Egunkaria itxi eta artxibo guztiak lapurtu zizkiotenean izan zuen sentipena. Sentimendu horiek abiapuntutzat harturik, Artxibo biluzia proiektua ondu dute Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek, eta hori izan da Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehenbiziko aldiko irabazlea. Beratarbidek eta Guillanek hemezortzi hilabete izanen dituzte proiektua martxan jartzeko.

Atzo goizean eman zuten ikerketa bekaren irabazleen berri, Usurbilgo Potxoenea kultur etxean (Gipuzkoa). Han izan ziren Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea, Haritz Azurmendi Jakin fundazioko kidea eta Oier Guillan, bekaren irabazleetako bat. Guillanek proiektuaren xehetasunen berri eman zuen, eta azaldu hiru kezka izan dituztela oinarri egitasmoa martxan jartzeko: antzerki dokumentalari buruzko kezka, gertakizun handien itzalean gelditu diren gertakizun txikiak gizarteratzea eta ohiko formatuak amaitzeko behar eta nahi bat.

Guillanek erran zuen kezka horiek gidari izanik erabaki zutela lantzea Torrealdaik bere artxiboak galdu eta gero erakutsi zuen «hauskortasuna». Hala, sorkuntza eta prestakuntza dira Artxibo biluzia egitasmoaren ardatz nagusiak. Batetik, hiru gairen inguruko hiru pieza labur prestatuko dituzte datorren udaberritik aurrera, eta udazkenean zabalduko dituztela espero dute. Bertzetik, performance tailerrak antolatuko dituzte datorren udazkenetik aurrera. Guillanek azaldu zuen ez dela inolako formakuntzarik behar tailer horietan parte hartzeko: «Istorio bat transmititu nahi duen edonork parte har dezake». Saio trinkoak izanen direla aurreikusten dute, hogei ordu ingurukoak. Zortzi eta hamar lagun arteko taldeetan eginen dira.

Solaberrietak, berriz, adierazi zuen ezen, behin irabazlea zein den jakinda, ideia hori «gorpuztea, mamiz betetzea eta, gero, herriari eskaintzea» dela hurrengo pausoa. Izan ere, gogoratu zuen ikerketa bekaren helburua zera dela, Usurbildik Euskal Herriari ekarpen bat egitea, eta, horretarako, Torrealdaik landu zituen alorretan zenbait egitasmo antolatzea. Gehitu zuen, gainera, bekak berezikibaloratu duela proiektuak Torrealdairen bizitzako pasarte baten berri emateaz gain, «herritarrei tresnak ematea eta euren aletxoa jartzeko tailerrak planteatu» izana.

Lehenbiziko aldia

Azurmendik erran zuen «oso ontzat» jo dutela lehenbiziko aldia. Orotara, hamahiru proiektu aurkeztu dituzte, ikuspegi eta estilo askotakoak: «Etorkizuneko euskal kulturari begira jartzeko ariketa eskatzen genuen, eta proposamenek heldu egin diete transmisioaren auziari, kulturgileen sarea josteko aukerei, herritarren parte hartzeari eta ikusgaitasunari, eta praktika berritzaileei». Aurten, Maialen Akizuk, Eduardo Apodakak, Ibai Iztuetak eta Ainara Lasak osatu dute epaimahaia. Eta, Azurmendiren arabera, «aho batez» erabaki dute nor izanen den irabazlea.

Usurbilgo Udalak eta Jakin fundazioak lau urterako hitzarmena sinatu dute, eta bi urtean behin eginen dute deialdia. Udalak 15.000 euro jarriko ditu ikerketa bekan, deialdia egiteko eta proiektua zabaltzeko. Jakinek kudeatuko du beka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.