Mahin Teheranen bizi den 70 urteko emakumea da. Erizain jubilatua da, eta badira 30 urte alargun gelditu zela. Haren alaba atzerrian bizi da, Mahinen bilobekin, eta, garai batean bere lagun erretiratuekin astero elkartzen bazen ere, urtean topaketa gutxi egiten dituzte orain. Eta, beraz, Mahinen egun guztiak antzekoak dira: lo egiteko arazoak dituenez, eguerdira arte gelditzen da ohean, lagun batek ondo dagoela ziurtatzeko telefonoz deitzen dion arte. Facetime deia izaten du ondoren alabarekin, eta lorategiko landareak zaintzen ditu, azokara erosketak egitera joan aurretik.
Aspaldiko partez lagunekin elkartuko da Mahin. Denak alargunak dira, eta, haien gaixotasun askotarikoez hitz egiteaz gain, maitasun harremanen gaia ere aterako da. Elkarrizketak motibatuta, Mahinek bere eguneroko errutina aldatuko du, gizon bat ezagutzeko helburuz. Horrela, okindegi bateko ilaran jarriko da, parkera joango da, baita hotel dotore bateko kafetegira ere. Pentsiodunek beren txartelak erabil ditzaketen jatetxe xume batean ezagutuko du Mahinek Faramarz. Haren adineko gizon bat da, taxi gidaria, eta, aldameneko mahaian eserita dagoela, janaria prestatuko dion emakumerik zain ez daukala esan duela entzungo du Mahinek. Hari taxira jarraitu ondoren, emakumeak etxera gonbidatuko du gizona, bere pastelik gogokoena prestatzeko.
Maryam Moghadam eta Behtax Sanaeeha zinemagile irandarren bigarren film luzea da Keyke mahboobe man (My Favourite Cake). Aktore bezala hasi zen Moghadam, eta bere bikotekide Sanaeeharekin zuzendu zuen lehen filmean protagonista lanak ere egin zituen. Ghasideyeh gave sefid (Ballad of a White Cow)Berlinale jaialdian aurkeztu zuten, 2021. urtean, eta Semincin zuzendaritza berri onenaren saria eskuratu zuen bikoteak. Filmik berriena ere Berlinalen aurkeztu zuten, baina zinemagileak ezin izan ziren bertan egon, Irango Gobernuak bidaiatzea debekatu baitzien. Filma estreinatu baino sei hilabete lehenago, ekoiztetxearen bulegoetara sartu zen Polizia, eta ordenagailuak eta disko gogorrak konfiskatu zizkien. Arrazoia: filmeko protagonista hijabik gabe azaltzen dela, eta bere etxera senarra ez den gizon bat gonbidatzen duela dantza egin eta ardoa edatera. Zorionez, zinemagileek atzerrian gorde zuten filmaren kopia bat, eta bi aktore protagonistek Berlingo jaialdian aurkezteko aukera izan zuten.
Bizipoza berriro ere topatzen duen emakume nagusi baten istorioa kontatzen du filmak. Umorez eta une goxoz beteriko kontakizuna da, eta, Irango errealitatea alde batera utzi gabe, iraultzailea bilakatzen da bakardadeari aurre egiteko bizia arriskuan jartzen duen bikote baten harremana.
'Keyke mahboobe man'
Zuzendariak: Maryam Moghadam, Behtax Sanaeeha. Gidoilariak: Behtax Sanaeeha, Maryam Moghadam. Aktoreak: Lili Farhadpour, Esmaeel Mehrabi, Mohammad Heidari. Argazkia: Mohammad Haddadi. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 97 min. Herrialdea: Iran. Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta uztailaren 11n Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'La Fille de son père'
Zuzendaria: Erwan Le Duc. Gidoilaria: Erwan Le Duc. Aktoreak: Nahuel Perez Biscayart, Celeste Brunnquell, Maud Wyler. Argazkia: Alexis Kavyrchine. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Frantzia.
Etiennek hogei urte zituen Valerierekin maitemindu zenean, eta beste bat baino ez bere alaba Rosa jaio zenean. Valeriek alde egiten duen egunean, Etiennek egoera ez dramatizatzea eta alabarekin bizitza zoriontsu bat eraikitzea erabakiko du. Hamasei urte geroago, Rosa kanpora ikastera joateko zorian dagoenean, Etiennek emaztea ikusiko du telebistako erreportaje batean. Iragana bortizki berpiztuko da, eta aita-alabek familiako azken bidaia kaotikoa egin beharko dute.
'Levante'
Zuzendaria: Lillah Halla. Gidoilaria: Lillah Halla. Aktoreak: Ayomi Domenica Dias, Grace Passo, Romulo Braga. Argazkia: Wilssa Esser. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 92 min. Herrialdea: Brasil.
Etorkizuna definituko duen txapelketa baten atarian, Sofia boleibol jokalariak nahi ez duen haurdunaldi bati egin beharko dio aurre. Legez kanpoko irtenbide baten bila ari dela, emakumea geldiarazteko asmoa duen talde fundamentalista baten helburu bihurtuko da. Baina ez Sofia, ez hura maite dutenak, ez daude prest amore emateko.
'Les fantômes'
Zuzendaria: Jonathan Millet. Gidoilaria: Jonathan Millet. Aktoreak: Adam Bessa, Tawfeek Barhom, Julia Franz Richter. Argazkia: Olivier Boonjing. Generoa: Thrillerra. Urtea: 2024. Iraupena: 106 min. Herrialdea: Frantzia.
Hamid, erbestean dagoen irakasle siriar bat, erregimeneko buruzagi iheslarien atzetik dabilen talde sekretu bateko kidea da. Bere misioak Frantziara eramango du, bere torturatzaile ohiaren arrastoaren atzetik. Urteetan amestutako mendekua oso gertu dauka.