Benoit Jacquot eta Jacques Doillon zinema zuzendariak deklaratzera deitu dituzte, sexu abusuak egitea egotzita

Aurrez zenbait aktorek salatu dute zinemagileen biktima izan direla, artean adingabeak zirelarik. Esaterako, Jaquotek bortxatu egin zuela salatu du Judith Godrechek, eta Doillonek eraso egin ziola.

Uxue Rey Gorraiz.
2024ko uztailaren 1a
18:50
Entzun

Adin Txikikoen Babeserako Frantziako Brigadak epailearen aurrean deklaratzera deitu ditu Benoit Jacquot eta Jacques Doillon zinema zuzendariak. Zenbait emakumezkok zinemagileen kontrako salaketak zabaldu dituzte aurten, eta horietan guztietan dute ikustekoa sexu erasoek. Judith Godreche aktore eta zuzendariak joan den otsailean kontatu zuen publikoki haien biktima izan zela, baita auzibidea abiatu ere. Maiatzean, Isild Le Besco aktoreak salaketa jarri zuen Jacquoten kontra, egotzita bortxatu egin zuela artean adingabea zenean: 16 urte zituen. Godreche ere nerabea zen zuzendariek eraso egin ziotenean. Eta kasu gehiagoren berri ere eman dute, baina akusatuek ukatu egin dute halakorik egin izana.

Judith Godreche aktore eta zuzendariak salatu du Jacquotek bortxatu egin zuela nerabea zenean. Bikote izan ziren 1986tik 1992ra bitartean —1986an Godrechek 14 urte zituen, eta Jacqutoek, 39—, eta emakumezkoak salatu du gizonak «neurrigabeko kontrola» ezartzen zuela haren gainean, eta iradoki gaiztoa eta biolentoa zela. 1989an, La fille de 15 ans filmean hartu zuen parte, Jacques Doillon zen zuzendaria, eta Godrechek salatu du hark eraso egin ziola orduan. Are, andreak Moi aussi filma zuzendu zuen 2018an, eta emakumezkoek zinemaren industrian jasaten duten sexu indarkeria salatu zuen haren bidez, besteak beste. Hain zuzen, hautsak harrotu zituzten film horren eta AEBetako #MeToo mugimenduaren harira Jacquotek esandakoek. «Ez dut mugimendua ulertzen, aktore batek —emakumezko batek— badaki zer dagoen jokoan halakoetan».

Isild Le Besco aktoreak maiatzean jarri zuen salaketa epaitegietan, baina, gainera, aurrez ere kontatua zuen Jacquoten biktima izan zela. Dire vrai izeneko liburu autobiografikoan —aurten eman du hori ere— eman zuen testigantza, «premia moral batek bultzatuta». Beste aktore batzuek ere jarri dituzte salaketak Jacquoten kontra, eta «manipulazioa», biolentzia fisikoa eta sexu jazarpena egotzi: Vahina Giocantek eta Julia Royk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.