Benito Lertxundik musika utziko du

Musikariak iaz Gernika-Lumon grabatutako kontzertuaren zuzenekoaren diskoa aurkeztu du gaur, eta bertan eman du bere erabakiaren berri. «Urte hasieran erabaki nuen 60 urteko kantagintzari amaiera ematea».

Benito Lertxundi Gernikan grabatutako kontzertuaren diskoa aurkezten eta musika utziko duela iragartzen
Benito Lertxundik azken diskoa aurkezteko eta musika utziko duela esateko emaniko prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Gernika-Lumo
2024ko azaroaren 27a
11:27
Entzun

Euskal kantagintzaren historiaren atal oso bat betetzen du haren ahotsak.19 urterekin erloju denda batean zuen lana utzita, Frankismo betean hasi zuen ibilbidea Benito Lertxundi musikariak (Orio, Gipuzkoa, 1942), Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen, eta, hura desegin ostean, bakarkako ibilbide sendo eta arrakastatsua egin du, tartean, herrikoi bilakatu diren hamaika kanta eta ia hogei disko utzita, baina amaitzea erabaki du orain. Bukatutzat eman du bere ibilbidea. Azaldu duenez, urte batzuk baziren erabakia hartu zuenetik: «Urtearen hasieran, nire baitan erabakia hartua zegoen, eta bildu nituen nire bidelagun izan diren eta diren musikari, teknikari eta guztiak, eta hartu nuen erabakia bota nien: Erabaki nuen 60 urteko kantagintzari amaiera ematea».

Azkenean, gaur ezagutarazi du erabakia, Gernika-Lumon (Bizkaia).
 

Benito Lertxundi: «Erabaki nuen 60 urteko kantagintzari amaiera ematea»

Iaz, herriko Jai-Alai frontoian eskainitako kontzertua biltzen duen zuzeneko diskoaren aurkezpenean egin du iragarpena. Abenduaren 5etik aurrera egongo da eskuragarri, eta, musikariak iragarri duenaren arabera, disko hori izango da bere sei hamarkadako ibilbideko azken lana izan daitekeena ere. Kantagintzari amaiera emateko erabakia ere ez zuen jakinarazi nahi Lertxundik. «Ez nuen publikatu eta horrelako gauzarik egin nahi. Eskatu nien musikariei, banekien zaila izango zitzaiela, baina eskatu nien mesedez ez ibiltzeko aipatzen». Musika uzteko erabakia hartua zuela heldu zitzaion kontzertuaren grabazioarekin disko bat egiteko aukera. «Nik ez nuen disko bat egiteko asmorik. Ni ez naiz disko horren bila joan, bera etorri da». Eta horregatik baliatu du diskoaren aurkezpena bere erabakiaren berri ere emateko.

«Badakigu honetatik guztitik gelditzen direnak kantuak direla, baina oroitzapenak eta gertakizunak ere badaude, eta horrekin guztiarekin esker onekoa izatea besterik»

BENITO LERTXUNDIMusikaria

«Esker ona baino ez dut inguruan izan ditudan guztientzako», onartu du musikariak. «Horiek gabe ezinezko izango zen egin dudan guztia. Badakigu honetatik guztitik gelditzen direnak kantuak direla, eta beharbada kantuaren magia horrek eragiten ditu haren ibilera horiek, suge bat bezala ibiltzen direlako jende artean, baina oroitzapenak eta gertakizunak ere badaude, eta horrekin guztiarekin esker onekoa izatea besterik».

Afektua

Bere ibilbidean bizi izandakoak ere izan ditu gogoan Lertxundik. «Batzuetan ahaztu egiten gara, baina uste dut jaso dudala afektu asko. Alde horretatik, oso saritua sentitzen naiz. Suerte onekoa izan naiz. Jendearengandik maite giro hori asko jaso dut. Polita da». Pozik azaldu da egindakoarekin. «Nire bizitzako lanbidea izan da, lanbide, esango nuke, pribilegiatua. Ongi tratatu nau lanbideak. Oro har, esango nuke emaitza oso positiboa dela, eta oso gustura nago».

«Nik ez dakit zer egingo dudan bihar eta zer egingo dudan etzi. Zuzenekoak ez dut uste. Kupo hori betea dago»

BENITO LERTXUNDIMusikaria

«Txoriak hil egiten dira, ezta? Txoriak hil egiten dira, ezta? Ba, nik beti airean ikusten ditut. Nik ez nuen bukaerarena zabaltzerik nahi». Musikari agur horrela esan nahi liokeelako baliatu du txorien irudia Lertxundik. Zarata handirik egin gabe. Baina ezin. Eta gaur musika utzi duela esanik ere, atea ez du erabat itxi. «Beti ari naiz zerbait egiten, hau edo hura. Hemendik bi minutura ez dakit zer gertatuko den, eta ez diot kasurik egiten. Nik ez dakit zer egingo dudan bihar eta zer egingo dudan etzi. Zuzenekoak ez dut uste. Kupo hori betea dago».

«[Gernika-Lumon] nik ikusten nituen hunkituta entzuleak, batzuk baita negarrez ere, eta ni nengoen letxe txarrez, ez nuelako sentitzen ari nintzenik ematen eman behar nuena»

BENITO LERTXUNDIMusikaria

Koronabirusak eragindako krisialdian, itxialdian zela, «berpizte» bat bizi izan zuela aitortu du musikariak, baina, gero, «malda gora» egin zitzaiola zuzenekoak ematera itzultzea. Eta, azaldu duenez, Gernika-Lumon eskainitako kontzertuan bertan ere, ez zen erabat eroso sentitu. «Areto hau dena hunkiduraz betea zen egun horretan, baina nire arima ez zen eroso. Giro hari zihoakion mailan ez nintzen inoiz sentitu». Are gehiago: «Nik ikusten nituen hunkituta entzuleak, batzuk baita negarrez ere, eta ni nengoen letxe txarrez, ez nuelako sentitzen ari nintzenik ematen eman behar nuena». Halakoetan etxera «zor moduko batekin» joaten dela esan du Lertxundik, —«etxera itzultzean kosta egiten zait lo egitea halakoetan»— baina, nolabait ere, diskoa kaleratuz kitatu ahal izan du orduan sentitutako zorra.

Esanahiz betetako lekua

2022az geroztik, udaro kontzertuak antolatzen ditu Haziberri elkarteak herriko Europa parkean, eta Lertxundiri proposamena egin zioten bertan aritzeko. Ezetz esan zien hasieran, baina Gernikako frontoia oso gustuko duela esan zien gerora, eta bigarren proposamen bat egin zieten kontzertua han egiteko. Kontzertu berezi bat egin nahi izan zutela azaldu dute Iñigo Etxebarrieta eta Oier Plaza elkarteko kide eta kontzertuko antolatzaileek. «Gogoratuko zen kontzertu bat izatea» zen asmoa. 1.400 sarrera jarri zituzten salgai, eta egun gutxian saldu ziren. Eserleku guztiak betetzeko ideia izan zuten orduan. Pantaila batzuk ere jarri zituzten, eta 2.000 eserlekura heldu ziren. «Giro oso beroa izan zen».

«Kontzertua izan da Benitoren ibilbide artistikoaren oinarria. Etenik gabeko ibilbide bat egin du hor, asko zaindu duena»

OLATZ ZUGASTIMusikaria

Azaldu dutenez, mahai gainean ez zen behin ere egon ez kontzertua grabatzeko ez eta dokumentatzeko asmorik ere. Emanaldia hasi baino hamabost minutu lehenago hartu zuten erabakia. «Txiripaz». Kontzertua amaitu eta hilabete batzuetara jaso zuten Olatz Zugastiren deia, esanez, Lertxundi gogoz zegoela kontzertu horrekin zuzeneko disko bat kaleratzeko, eta Haziberri elkartearekin batera egin nahi zuela lan hori.

Kanta argitaragabe bat

Olatz Zugasti musikari eta Benito Lertxundiren taldekide eta bikotekideak ere eman ditu azalpenak diskoaren aurkezpenean. «Kontzertua izan du bere ibilbide artistikoaren oinarria. Etenik gabeko ibilbide bat egin du hor, asko zaindu duena». Eta zehaztu du zer den Lertxundirentzat garrantzitsu den gauzetako bat. Zugasti: «Asko zaindu duen gauza bat izan da zer baldintzatan eta zer lekutan eman kontzertuak eta zer lekutan eta zer baldintzatan ez eman kontzertuak. Nik horrela ezagutu nuen hasieratik. Eta bere leku kuttunetako bat izan da hasieratik Gernikako Jai-Alai frontoia».

Disko bikoitza da lana, Benito Lertxundi. Gernika kontzertuan deitu dute, eta CD formatuan ez ezik biniloan ere eman dute argitara. Durangoko Azokan jarriko dute salgai, Kantaita Enearen erakusmahaian, eta www.benitolertxundi.com webgunean ere eskuratu ahalko da. 29 abesti biltzen ditu, guztira. Lertxundiren errepertorioa biltzen du diskoak, Zugastik dioenez. Tartean, baita orain artean sekula grabatu ez diren hainbat pasarte instrumental eta kanta argitaragabe bat ere: diskoa amaitzen duen Ez nabil ezeren bila.

Lertxundik azaldu duenez, azken bi urteetan kontzertuak bukatzeko baliatu du kanta hori, baina ez zuen argitaratua. «Nahi izan dut kontzertua bukatu, nik alde egin, eta nire inguruko guztiak han gelditzea, luzapen bat ematen kantuari. Nahi izan dut lehena izatea ezkutatzen, eta azken kantua da, diskoko azken kantua». Eta orain jakinarazi duenez, baita bere diskografiako azkena ere. Eta beraz, bera gabe, musikariak euren kasa jotzen utzita esango dio agur kantagintzari Lertxundik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.