2014an hasita, euskal musikaren arloan «garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea» duen sortzailea omentzen du urtero Donostiako Udalak, Adarra sariaren bitartez. Mikel Laboaren sorkuntza lanari eman zioten saria estreinako aldian, eta Ruper Ordorikari iaz.Aurten, berriz, Benito Lertxundi musikariak (Orio, Gipuzkoa, 1942) jasoko du omena, sarirako izendatutako aholku batzordeak aho batez hala erabakita.
Atzo iragarri zuten Donostia Kulturako arduradunek irabazlearen izena; azaldu zutenez, «zenbait arrazoi garrantzitsurengatik» hartu dute aurtengo saria Lertxundiri emateko erabakia: garai eta kultur egoera ezberdinetan izandako ibilbide «luzeagatik», konpositore lanetan egindako «lan apartagatik», bere kanten oinarri izan dituen «gai herrikoi eta tradizionalengatik» eta Euskal Herritik kanpora duen «sonagatik». Musikariaren lanak herri kulturan utzitako ondarea ere nabarmendu zuten, «haren kanta asko eta asko baitaude dagoeneko herri kantutegian».
Ekainaren 21ean jasoko du Lertxundik Donostiako Udalaren saria, Musikaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Hiriko Viktoria Eugenia antzokian izango da ekitaldia, 20:00etan. Saria jasotzearekin batera, kontzertua emango du musikari oriotarrak, Amaiur Caravajillek, David Gorospek, Angel Unzuk, Gurutz Bikuñak, Kutxo Otxoa de Eribek, Pello Ramirezek, Intza Unanuek eta Olatz Zugastik osatutako bandak lagundua. 22 euroan jarriko dituzte sarrerak salgai.
Marijose Rekalde artista nafarrak egindako eskultura jasoko du Lertxundik sari gisa. Brontzezko irudi neutro bat da Rekaldek egindako pieza, adar bat duena, «musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio», antolatzaileek azaldu dutenez.
Mende erdia gitarrari lotuta
1942an jaio zen Benito Lertxundi, bederatzi anai-arrebako familia batean azkena. 1965ean kantu txapelketa batean lortutako sariak ireki zizkion musikagintzarako ateak: Mikel Laboak, Kataluniatik Euskal Herrira itzuli berria, haren berri izan zuen sari horri esker, eta harremanetan jarri zen Lertxundi gaztearekin. Urte horretan bertan, Laboa eta beste hainbat musikarirekin batera engaiatu zen Ez Dok Amairu mugimenduan, eta taldearekin lortu zuen sona Euskal Herrian.
Ordutik, herri kantuak berreskuratu eta moldatzen ibili da , kanta propioak sortzearekin batera. Euskal iruditegi eta kantutegian ongi errotutako abestiak dira haren piezetako asko. Haren lanek, edonola, «itzulerako bidea» ere egin dute, Donostia Kulturako arduradunen iritziz, herri kantutegietara ere jo izan baitu Lertxundik inspirazio bila; Zuberoakora, batik bat. Mende erdia igaro du oholtzetan, eta bilakaera izan du tarte horretan, sariaren antolatzaileen arabera: «Epikotasunaren abeslari gisa ezagutzera eman ondoren, azken hamarkadetan kutsu intimistagoa hartu du haren musikak».
Oroimenaren oraina bere azken diskoa aurkezten dabil azkenaldiko emanaldietan. Lan horretan bildutako kantak joko ditu Viktoria Eugeniako kontzertuan ere, bere abesti ezagun eta klasikoenekin batera.
Benito Lertxundi kantariak jasoko du 2016ko euskal musikaren Adarra saria
Ekainaren 21ean hartuko du Donostiako Udalak urtero banatzen duen saria. Kontzertua emango du egun horretan bertan, Viktoria Eugenian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu